Ikusi egun honetako albiste gehiago
Meningitisaren kontrako Irene Megias Fundazioaren aurkezpena egin dute
osteguna, 2010.eko martxoak 25
Iaz, Nafarroan, hemeretzi lagun gaixotu ziren meningokokoarekin
Meningitisaren kontrako Irene Megias Fundazioa aurkeztu dute.
(
irudia handitu
)
Virgen del Camino ospitalean gaixotasun meningokozikoari buruzko medikuntza saio bat egin dute gaur goizean eta saio horretan Meningitisaren kontrako Irene Megias Fundazioaren (MIMF) aurkezpena egin dute. Fundazioa 2006an sortu zuten Jorge Megias Carrionek eta Purificacion Roca Novoak, patologia hori prebenitzeko asmoarekin. Izan ere, 2005eko abuztuan haien alaba Irene hil zen, 17 urterekin, sepsi meningokoziko baten ondorioz.
Fundazioak ez dauka irabazi asmorik eta Madrilen, Andaluzian, Balear Uharteetan, Kantabrian, Katalunian eta Euskal Herrian egiten du lan, baita Nafarroan ere, gaurtik aurrera. Erakundearen helburu nagusiak dira biztanleek meningitisaren eta sepsiaren kausa, sintoma eta tratamenduak ezagutzea; senideei eta gaixoei laguntza eskaintzea; gaixotasun horiek prebenitzeko jarrerak sustatzea; eta arlo horretan ikerketa zientifikoa bultzatzea.
Saioa baino lehen prentsaurrekoa egin dute eta prentsaurreko horretan hauek parte hartu dute: MIMFeko burua, Jorge Megias Carrion; Madrilgo Niño Jesus ospitaleko Pediatria Zainketa Intentsiboetako eta MIMFeko Batzorde Zientifikoko burua, Juan Casado Flores doktorea; Virgen del Camino ospitaleko zuzendaria, Fernando Boneta Beorlegui doktorea; eta Virgen del Camino ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua, Enrique Bernaola Iturbe.
Nafarroako Gobernuaren aldetik, ekitaldira bertaratu dira, ekimena babeste aldera, Osasun arloko zuzendari nagusia, Isabel Martin Montaner, eta Osasun Publikoko zuzendaria, Marisol Aranguren Balerdi.
2009an hemeretzi kasu Iaz, foru erkidegoan hemeretzi lagun kutsatu ziren gaixotasun meningokozikoarekin, 2008an baino hamaika gutxiago (2008an 30 lagun kutsatu ziren). Osasun Publikoko Institutuak emandako datuen arabera, 2004an hamaika kasu egon ziren, 2005ean hamahiru, 2006an hemeretzi eta 2007an hogeita bost.
Gaixotasun meningokozikoa Neisseria meningitidis delakoak sortzen du. Gaixotasunak bi modu kliniko dauzka: bata meningitisa, burmuina eta bizkarrezurra biltzen duten mintzen hantura; eta bestea sepsia, odoleko infekzioa (bi modu horiek zenbaitetan gainjarri egiten dira). Gaixotasun larria da, bat-batean hasten da eta gorputza oro har kaltetzen du.
Hainbat birus eta bakterioen bitartez kutsatzen da. Gaixotasun gehienak birusek eragiten dituzte eta hobeto sendatzen dira. Bakterioek eragindakoak, ordea, oldarkorragoak dira. Batzuetan bat-batean agertzen dira eta heriotza asko eragiten dituzte, tratamendu antibiotikoa berehala hasten bada ere.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.