Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak Martin de Azpilicueta sariaren zazpigarren edizioa antolatu du
osteguna, 2010.eko apirilak 22
Ikerketak aurkezteko azken eguna irailaren 30a da.
Nafarroako Gobernuak Martin de Azpilicueta sariaren zazpigarren edizioa antolatu du. Sari hori sortu zuten administrazio publikoen jarduerari, Nafarroako sektore publikoari eta foru zuzenbide zibilari buruzko ikerketak eta azterlanak sustatzeko. Ikerketak aurkezteko azken eguna irailaren 30a da.
Irabazleari 12.000 euro eta diploma emango dizkiote. Hautagaiek meritu nahikoa ez badute, ordea, saria eman gabe geratuko da. Epaimahaiak 6.000 euroko accesita ere ematea erabaki dezake. Gainera, Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuak saridunaren edo accesita jaso duenaren ikerlana argitaratzeko eskubidea izango du.
Sariaren deialdirako foru agindua lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martinezek sinatu du. Sariari izena eman dion Martin de Azpilicueta katedradun, legelari eta teologo nafarrak errege absolutuen boterearen muga etikoak defenditu zituen bere lanetan, batik bat “Manual de Confesores" (1552) delakoan. Azpilicueta jazarri egin zuten, gainera, Inkisizioaren aurrean beste nafar ospetsu bat, Bartolome de Carranza anaia, defenditzeagatik.
Lehiaketara banaka edo taldeka egindako lan argitaragabeak aurkeztu daitezke. Lanek gai hauei buruzkoak izan behar dute: Nafarroako foru erkidegoko instituzioak eta antolamendua; Nafarroako foru zuzenbide zibila; giza baliabideen gestioa, aplikazio soziologikoak, modernizazioa eta kalitatearen hobekuntza Nafarroako administrazio publikoetan eta sektore publikoaren arrazionalizazioa; politika ekonomikoa (ekonomi, ogasun, aurrekontu eta kontularitza publikoari buruzko gaiak); lurralde eta ingurumen politika (lurraldearen antolamendua, hirigintza, etxebizitza, ingurunea, landa garapena, mendiak, herri lanak, garraioak eta antzeko sektoreak). Idazkiak gutxienez 150 folio eduki behar ditu. Parte har dezakete banakoek edo taldeek, betiere aurreko deialdian saririk lortu ez badute.
Aurreko bost edizioetan bi Martin de Azpilicueta sari eman dituzte. 2007an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Francisco Javier Arcelus, Pablo Arocena, Fermin Cabases eta Pedro Pascual irakasle eta ikertzaileek jaso zuten, Nafarroako udalerriek biztanleei zerbitzuak eskaintzen duten eraginkortasunari buruzko lan bati esker. 2009ko saria Nafarroako Unibertsitateko Publikoko irakasle eta foru parlamentari Juan Cruz Alli Arangurenek irabazi zuen, azterlan honekin: “Los convenios económicos entre Navarra y el Estado. De la soberanía a la autonomía armonizada”. Gainerako deialdietan lehen saria eman gabe geratu zen edo aintzatespen bereziak eman zituzten.
- Dokumentazioa:
- VII Premio Martín de Azpilicueta, 2010