Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak eta Telefonicak Justizia Administrazioan IKTak erabiltzea sustatuko dute
asteartea, 2010.eko apirilak 27
Caballero kontseilaria “Las TIC en la Justicia del futuro” txostenaren aurkezpenera bertaratu da; izan ere, txosten horren atal bat Nafarroari buruzkoa da
Nafarroako Gobernuak eta Telefonicak Justizia Administrazioan IKTak erabiltzea sustatuko dute
(
irudia handitu
)
Herritarren %85aren iritziz, Justizia Administrazioa eraginkorragoa izan dadin oso garrantzitsua da informazio eta komunikazio teknologiak (IKT) erabiltzea. Hori, Fundacion Telefonica / Ariel bilduman argitaratu duten "Las TIC en la Justicia del futuro" txostenaren arabera. Txostena gaur aurkeztu dute Nafarroan eta ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero; Telefonicak Nafarroan daukan zuzendaria, Roberto Mercero; eta Telefonicako Harreman Korporatiboen arloko zuzendaria, Eusebio Bautista.
Txostenean honako gai hauek aztertu dituzte: Espainiako Justizia Administrazioa zer egoeratan dagoen eta zer erronka dauzkan, Justizia Administrazioan IKTek zer erabilera dituzten eta, azkenik, IKTak autonomia erkidegoetan nola erabiltzen diren, besteak beste Nafarroan.
Aurkezpenean, Javier Caballerok eta Telefonicako ordezkariak nabarmendu dute Nafarroako Justizia Administrazioan IKTak sustatzea helburua estrategikoa dela. Alde horretatik, azkeneko urtean aurrera eramandako ekimenak aipatu dituzte, esaterako: Nafarroako epaitegietan banda zabaleko konexioa hobetzea, ahalmen handiko ADSL lineak instalatuta. Roberto Mercerok esan duenaren arabera, orain, epaitegietan banda zabala dagoela, Justizia arloa pixkanaka digitalizatzen joango da, "banda zabala baita oinarria, gero konponbide eta aplikazio gehiago sortzeko”.
Horren harian, Javier Caballerok aipatu du Nafarroako Gobernuak gestiorako tresna informatikoak ezartzeko apustua egin duela, Justizia Administrazioa elektronikoa izan dadin. Halaber, gogoratu du prozesuak gestionatzeko aplikatzen den tresna dela eta (prozesuan parte hartzen duten profesionalek web bidez erabiltzen dute) Nafarroako Gobernuak AUTELSI (Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Erabiltzaile Elkartea) saria jaso zuela orain dela gutxi, sektore publikoko proiektu edo ekimen teknologikoaren alorrean. Alde horretatik, adierazi du aipatu tresna erabiltzeko “autopistak" (banda zabala) behar direla, informazioa ibiltzeko.
Orobat, biek esan dute Nafarroako bake epaitegietan instalatutako laguntza teknikoko sistema oso garrantzitsua dela, ahalmena hobetzen duela eta erregistro zibilarekin zerikusia duten izapideak arintzen dituelako. Telefonicako ordezkariek azpimarratu dute, baita ere, Nafarroan banda zabala ADSL bidez ezartzea faktore erabakigarria dela orain IKTen erabilera administrazioaren arlo guztietan eta foru erkidegoko herrietan sustatzeko.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.