(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Roig kontseilariak eraikinetako efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroa abian jarriko dela iragarri du osteguna, 2010.eko maiatzak 6

Erregistroak izaera publikoa du eta gaur egun eraikuntza berriko eraikinetara mugatzen da


José María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilaria eta Pedro Fábregas Gas Natural fundazioko zuzendari nagusia, efizientzia energetikoari buruzko mintegiaren inaugurazio-ekitaldian

Roig kontseilaria eraikin publikoen efizientzia energetikoari buruzko ingurumen-kudeaketako mintegia inauguratzeko ekitaldian. ( irudia handitu )

José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak eraikinetako efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroa abian jarriko dela iragarri du, eraikin publikoen efizientzia energetikoari buruzko ingurumen-kudeaketako mintegia inauguratzeko ekitaldian. Mintegia Gas Naturalek sustatu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Inaugurazio-ekitaldia gaur goizean egin da Iruñeko Iruña Park hotelean.

José María Roigek ekitaldi honetan azpimarratu duenez, “energiarik onena kontsumitzen ez dena da, eta horregatik, ekarpen txikiena behar duen eraikinari mesede egin behar zaio”. Kontseilariak energia aurreztearen garrantzia azpimarratu du, batez ere eraikin publikoetan; izan ere, horrek dirua aurreztea dakar eta herritarrei adibidea ematen zaie.

Kontseilariak efizientzia energetikoa sustatzeko Nafarroako Gobernua egiten ari den jardunak azpimarratu ditu. Ildo horretatik, efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistro publikoaren sorrera eta CENERek eta MIYABIk garatutako ziurtatze energetikorako sistema nabarmendu ditu. Azken hori eraikinen ziurtatze energetikoa egiteko sistema informatikoa da eta nazio osoan erreferentzia moduan hartu da.

Roig kontseilariak adierazi duenez, Nafarroa da Espainia osoan gas-ekarpenik handiena duen autonomia-erkidegoa, %85etik hurbil dagoen ehunekoarekin. Kontseilariak gogorarazi du oraintsu energia hori Nafarroa iparraldera eraman dela eta energia Lizarrerrira, Los Arcosera eta Larragara eramateko lanak oso aurreratuta daudela. Era berean, “energiarik soberan ez dagoela eta eskualdearen barruan oreka lortu behar dela” adierazi du.

Eraikinetako efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroa

Erregistro honen bidez erosleei eta erabiltzaileei informazio objektiboa eman nahi zaie eraikinen ezaugarri energetikoak kontuan hartuta. Horrez gain, efizientzia energetiko handiko eraikinak sustatzeari eta energia aurrezteko inbertsioei mesede egin nahi zaie. Erregistroak izaera publiko eta informatiboa du, doakoa eta telematikoa da, eta Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuak kudeatzen du navarra.es web orriaren bidez.

Ziurtatzea egiteko, eraikinen prestazio energetikoen aldagai desberdinak baloratu eta konparatu egiten dira, inguratzaile termikoaren, instalazio termikoen eta funtzionamendu- eta okupazio-baldintzen arabera.

Erregistro honetan eraikin batek izena emanda du. Erripagainen eraikitzen ari den BOE (Babes Ofizialeko Etxebizitza) etxebizitzen proiektua da, Egues udalerrian, Víctor Lizarraga enpresak sustatuta. C energia-kalifikazioa lortu du, efizientziari dagokionez zazpi mailen arteko hirugarrena.


Eraikin publikoen efizientzia energetikoari buruzko ingurumen-kudeaketako mintegira bertaratuak

Eraikin publikoen efizientzia energetikoari buruzko ingurumen-kudeaketako mintegiaren inaugurazio-ekitaldia ( irudia handitu )

Ziurtagiri energetikoa

2007tik, eraikuntza berriko eraikin guztiek Espainian energia aurrezteko neurriak eta ziurtagiri energetikoa gehitu behar dituzte. Eraikinaren sustatzaileak edo jabeak efizientzia energetikoaren ziurtagiriak erregistratzeko aurkeztu behar ditu, proiektuarenak zein eraikin amaituarenak eraikuntza berriko eraikinen kasuan, eta 1000 m2-tik gorako azalera erabilgarria duten eraikinen zaharberritzeenak edo eraldaketenak, betiere, azken horien itxituren %25 baino gehiago berritzen bada.

Eraikin baten efizientzia energetikoa ziurtatzeko prozesuaren bidez, eraikinaren proiektuak eta amaitutako eraikinak lortutako efizientzia energetikoaren kalifikazioak egiaztatzen dira, eta hala bada, proiektuaren eta amaitutako eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzen da, hurrenez hurren. Ziurtagiri horiek 10 urterako balio dute gehienez eta ziurtagiriak berritzearen ardura eraikinaren jabeak du.

Ziurtagirietara bildutako datuen bidez eraikinen prestazio energetikoak baloratu eta konparatu daitezke, inguratzaile termikoaren, instalazio termikoen (berogailua, hozketa, aireztapena eta etxeko ur beroa) eta funtzionamendu- eta okupazio-baldintzen arabera.

Efizientzia energetikoaren etiketa baten bidez, etxetresnetan dagoenaren antzekoa, eraikin bakoitzari efizientziaren klase energetiko bat esleitzen zaio: A energiari dagokionez efizienteenak direnentzat eta G efizientziarik txikiena dutenentzat.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa