Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gobernuak 2,3 milioi euro inbertituko ditu Luzaideko zeharbidea hobetzeko (N-135, Iruñea-Frantzia)
astelehena, 2010.eko maiatzak 24
Gaur proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko premiazko adierazpena onetsi da
Luzaide
Nafarroako Gobernuak, gaurko saioan, nahitaezko desjabetzearen ondoreetarako, “Luzaideko zeharbidea egokitzea eta hobetzea N-135 Iruñea Frantzia” proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea premiazkoa dela adierazi du. Luzaideko Udalak ondasun eta eskubideen premia adierazpena eskatu zuen proiektua albait arinen gauzatzeko eta modu horretan ibilgailuen trafikoak oinezkoentzat duen arriskua kentzeko, espaloiak estuak direlako edo puntu batzuetan espaloirik ez dagoelako.
2,7 milioi euroko aurrekontua duen proiektua gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak 2,3 milioi euro inbertituko ditu, kopuru osoaren %85: zehatz esanda, Toki Administrazio Departamentuak 1,2 milioi euro emango ditu, eta Herri Lan Departamentuak 1,1 milioi. Gainerako kopurua Luzaideko Udalak finantzatuko du.
Aurreikuspenen arabera, 2009-2012 Toki Inbertsioen Planera bildutako lanak 2010eko azken hiruhilekoan hasiko dira, eta gutxi gorabehera hamar hilabetetan gauzatuko dira.
N-135 Iruñea-Frantzia zeharbidea hobetzeko proiektua Ingeniería Guallart SL enpresak idatzi zuen. Proiektu horretan, hurrengo hauek egokitzea eta konpontzea sartzen da: zoladura eta azpiegiturak; hornikuntza sareak eta uren saneamendua; euri urak eta ur beltzak banatzeko sarea; eta argiteria publikoa. Era berean, proiektuaren arabera, indar elektrikoak, telefonia eta gas zerbitzuak bideratuko dira. Lanak direla bide, euste paretetan ere jardunak egin beharko dira.