(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lizarrako Erdi Aroko Ikasketen Astearen XXXVII. edizioa inauguratu dute
astelehena, 2010.eko uztailak 19

Navas de Tolosako batailara eta batailaren testuinguru historikora lehen hurbilketa egingo da


Erdi Aroko Ikasketen Astearen XXXVII. edizioa inauguratzeko ekitaldia. ( irudia handitu )

Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilariak gaur goizean Erdi Aroko Ikasketen Astearen XXXVII. edizioa inauguratu du gaur goizean Lizarran. Jardunaldiak datorren ostiralean, uztailak 23, amaituko dira eta izenburu hau izango dute: "1212-1214: Europa mamitu duen hirurtekoa". Aste honetan, Navas de Tolosako bataila eta batailaren testuinguru historikoa aztertuko dituzte. Nafarroan borroka hura 2012an oroituko dute bereziki, zortzigarren mendeurrenean, eta 1212ko eta 1512ko batzorde zientifikoak horretarako lanean ari dira, dagoeneko.

Inaugurazio-hitzaldia Eloísa Ramírez Vaquero Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eman du, izenburu honekin: "Pensar el pasado, construir el futuro: Rodrigo Jiménez de Rada". Jarraian, Lizarrako Udalak jardunaldietako parte-hartzaileak hartu ditu.

Erdi Aroko Ikasketen Astea antolatu duen Kultura eta Turismo Departamentuak eta Astearen Batzorde Zientifikoak zenbait beka jarri dituzte interesdunen eskura jardunaldietan parte hartu ahal izateko, aurreko edizioetan bezala. Hamazazpi laguntza eman dizkiete guztira Espainiako (12), Mexikoko (2), Alemaniako (2) eta Portugalgo (1) parte-hartzaileei.

Erdi Aroko Ikasketen Astean parte hartuko duten bederatzi irakasle Espainiako unibertsitateetakoak dira eta beste bederatzi Estatu Batuetako, Frantziako, Erresuma Batuko, Italiako eta Portugalgo unibertsitateetakoak. Hona hemen irakasleen zerrenda: William Chester Jordan (University of Princeton), Jacques Verger (Université de Paris-Sorbonne), Maria Ginatempo (Università degli Studi di Siena), Laurent Macé (Université de Toulouse), José Manuel Nieto Soria (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), Francisco García Fitz (Extremadurako Unibertsitatea), María Joao Branco (Universidade Aberta de Lisboa), Martín Alvira Cabrer (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), Pascual Martínez Sopena (Valladolideko Unibertsitatea), Agostino Paravicini Bagliani (Université de Lausanne), Nicholas Vincent (University of East Anglia), Eloísa Ramírez Vaquero (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Monique Bourin (Université de Paris I Panthéon-Sorbonne) eta Luigi Provero (Università di Torino).

Astearen historia

Erdi Aroko Ikasketen Astea 1964an antolatu zen lehen aldiz. Urte hartan Done Jakue Bidearen Lizarrako Lagunen Elkarteak antolatu zuen. Principe de Viana erakundea berehala agertu zen laguntzeko prest eta 1966tik gastuen eta antolaketaren parte bat bere gain hartu zuen. Lehen etapa hartan asmoa zen "udarako unibertsitate" baten modukoa antolatzea uztaileko bigarren hamabostaldian. Bi pertsona izan ziren garrantzitsuenak: garai hartan elkarteko buru zen Francisco Beruete eta Zaragozako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedradun Jose Maria Lacarra. Orduan ere kultur ekintza osagarriak egiten ziren, oro har musikalak, Klaratarren Komentuan.

Laurogeita hamarreko hamarkadan hamazortzigarren edizioa antolatuta, Asteari ikuspegi berria eman zitzaion. Batzorde zientifiko bat osatu zuten eta batzorde horrek erabakitzen zuen jardunaldietako eduki akademikoa. Antolaketa lana, berriz, Kultura Zuzendaritza Nagusiak hartu zuen bere gain, berezko kultur jardueretan integratuta. Ordudanik urtero antolatu da Astea eta hurrengo urteko udaberrian aktak argitaratu dira.

Lizarrako Udalak lagundu egiten du, gainera: jardunaldiek irauten duten bitartean kultura jarduerak antolatzen ditu bertaratuentzat eta parte hartu nahi duten guztientzat. Horrez gain, Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteak eta Lizarrerria Ikasketa Zentroak ere laguntza eskaintzen dute.

Batzorde zientifikoko presidentea Angel Martin Duque da, Nafarroako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedraduna; eta presidenteordea Juan Carrasco Perez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erdi Aroko Historiako katedraduna. Batzordekideak hauek dira: J. Angel Sesma Muñoz, Zaragozako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedraduna; Juan Ignacio Ruiz de la Peña Solar, Oviedoko Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedraduna; Pascual Martinez Sopena, Valladolideko Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedraduna; Jose Ramon Diaz de Durana y Ortiz de Urbina, Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedraduna; Philippe Sénac, Tolouseko Unibertsitateko irakaslea; eta Jaume Aurell i Cardona, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea. Batzordeko idazkaria Eloisa Ramirez Vaquero da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erdi Aroko Historiako katedraduna.

 
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa