(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteen edizio berria inauguratu du astelehena, 2010.eko azaroak 8

Halaber, Unibiodibertsitatea erakusketa ikustera joan da; erakusketa horretan biodibertsitatearen alde nola lan egiten den azaldu dute


Nafarroako Lehendakariak, Miguel Sanz Sesmak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteen edizio berria inauguratu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan; jarduerak azaroaren 21ean amaituko dira.

Ekitaldian parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Julio Lafuente Lopezek, eta Ikerketa errektoreordeak, Alfonso Carlosena Garciak. Gainera, Nafarroako Gobernuaren aldetik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, Jose Maria Roig Aldasoro, bertaratu da.

Sanzek bere hitzaldian nabarmendu du zientziak gure gizartean garrantzi handia duela "oparotasuna eta ongizatea lortzeko bidean aurrera egiten laguntzen digulako, berrituz eta aurrerakuntzak berak sortzen dizkigun arazoetarako konponbide gero eta hobeak aurkituz". Alde horretatik, esan du unibertsitateak "argi eta motore" direla, "ikerketa, garapena eta berrikuntza argitzen eta dinamizatzen" dituztela.

Sanzen iritziz, unibertsitateei zor diegu Nafarroa estatuan biztanleko patente gehien dituen erkidegoa izatea. Lehendakariarentzat, Nafarroa leku onean dago "sektore publikoko eta sektore pribatuko hainbat erakundek (enpresek, unibertsitateek, administrazioek eta teknologia zentroek) elkarrekin lan egiten dutelako estu". Horren harian, denak animatu ditu "elkarrekin lan egiten jarrai dezaten, ez bakarrik Nafarroan, baita estatuan eta munduan ere, unibertsitate, zentro teknologiko, erakunde publiko eta enpresetan".

Azkenik, ikasleak animatu ditu 50 erakunde baino gehiagok I+G+B alorrean antolatzen dituzten jardueretan parte hartzera.

Ekitaldian, bertaratuak Unibiodibertsitatea erakusketa ikusi dute. Erakusketa horretan biodibertsitatearen alde egiten den lanaren berri eman dute, irudi bidez. Erakusketak lau multzo dauzka (Campusean, Tximeletategia eta intsektutegia, Herbarioa eta Ikerketa); guztira 180 argazki proiektatzen dituzte, bereizmen handiko monitoreetan.

 

Innova azoka, aurtengo berritasun nagusia

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak koordinatzen ditu, Nafarroako Berrikuntza Agentziaren (NBA) bitartez, eta estatuan Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak sustatzen du.

Ekitaldiaren asmoa da biztanleei I+G+B arloaren berri ematea, arlo horrekin zerikusia duten gaiak hobeto ezagutu eta uler ditzaten.

Horretarako, datozen egunetan transgenikoei, ilusio optikoei eta herbarioei buruzko hitzaldi eta jarduerak egingo dituzte, besteak beste.

Aurten, gainera, Nafarroako Innova azoka egingo dute, azaroaren 17tik 20ra, Iruñeko Planetarioan. Han jarduerak, tailerrak, ikuskizunak, jardunaldi espezializatuak, zinema zientifikoko programak, irratsaiok eta erakusketak egingo dituzte (20 inguru) adituentzako, ikastetxeentzako eta, oro har, jende guztiarentzako.   

Nafarroako Innova azokaren lehen edizioko ardatzak sei jarduera dira: ¡Ezagutu etxean duzun I+G+B nafarra! erakusketa (15 zentro teknologikok eta sei enpresak parte hartu dute), eskulan tailerrak, zientzia ikuskizunak, Espainiako Zientziaren Fundazioko (FECYT) zientzia zinemaren programa, hitzaldiak eta Ara Malikian biolinistaren kontzertua.
Dokumentazioa:
Discurso del Presidente

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa