(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Nazioarteko Planean aurreikusitako jardueren %93 inguru gauzatu dute asteazkena, 2010.eko azaroak 10

Hori eman du aditzera Miranda lehendakariordeak Nafarroako Nazioarteko Kontseiluaren bileran


Nafarroako Nazioarteko Kontseiluaren bilera

Miranda lehendakariordea, Nafarroako Nazioarteko Kontseiluko burua. ( irudia handitu )

Nafarroako Nazioarteko Kontseilua gaur bildu da, bigarren aldiz; bileraburua Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Miranda izan da.

Bileran aztertu dute Nafarroako Nazioarteko Plana zenbateraino egikaritu den: 2008an abian jarri zutenetik orain arte, aurreikusitako jardueren %92,77 gauzatu dute.

Ardatzei dagokienez, hezkuntza eta gizarte arloan helburuen %85,74 bete dute; Nafarroaren irudi ekonomikoan %95; aliantza eta sareetan %100; proiektuak erakartzeko eta gestionatzeko arloan %86,88; eta enpresen internazionalizazioan %96,25.

Aurten abian jarritako ekimen nagusiak hauek dira: inbertsioak modu proaktiboan erakartzea, Nafarroan gauzatu daitezkeen inbertsio planak dauzkaten enpresak identifikatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko; 14 enpresa nafarri nazioarteko eskaintzetan (obrak egiteko, zerbitzuak emateko edo aholkularitza teknikoa eskaintzeko lehiaketetan) parte hartzeko baimena ematea; Nafarroa nazioarteko zerrendetan nola dagoen aztertzea, foru erkidegoak lehiatzeko zenbateko indarra daukan jakiteko; Navared gizarte sare instituzionala sortzea, munduko edozein lekutan dauden nafarrak harremanetan jartzeko, herritar eta enpresentzako euskarri eta talentu banku gisa; enpresa beken deialdiak egitea, Nafarroan dauden enpresekin kontratuak sinatuta dauzkaten gazteentzako.

Datorren urterako bi erronka garrantzitsu daude planean:

batetik, unibertsitateko ikasle eta lizentziatuek mundu osoan nazioarteko praktikak egiteko programa; eta bestetik, nazioarteko talentua erakartzeko programa, gure unibertsitateetara gazte talentudunak ekartzeko, batik bat Iberoamerikakoak.

Nafarroako Nazioarteko Plana 2008ko abenduan onartu zuten, Nafarroa internazionalizatzeko tresna gisa. Planak bi helburu dauzka:

herritarrak prestatzea eta sentsibilizatzea, pertsona eta profesional gisa garatzeko dauzkaten aukerak balia ditzaten, ingurune globalean; eta Nafarroako enpresei nazioarteko merkatuan lehiatzen laguntzea. Horretarako, planean 60 jarduera ezarri zituzten, bost jarduera ardatzetan banatuta: hezkuntza eta gizartea, Nafarroaren irudi ekonomikoa, aliantzak eta sareak, Europako eta nazioarteko proiektuak erakartzea eta gestionatzea, eta enpresen internazionalizazioa.

Nafarroan, inportatzen denaren bi halako esportatzen da

Nafarroako Nazioarteko Planaren asmoetako bat da Nafarroako kanpo sektorea sustatzea.

Alde horretatik, abuztuan argitaratutako datuen arabera, Nafarroako merkataritza balantzaren estaldura tasa (ondasun eta zerbitzuen esportazioarekin ordaintzen diren inportazioen proportzioa) %206koa da, hau da: inportatzen denaren bi halako esportatzen da. Esportazioen aldeko saldo garbia 1.802,4 milioi eurokoa da, autonomia erkidego guztietan handiena.

Nafarroako Nazioarteko Kontseilua

Nafarroako Nazioarteko Kontseilua aholkularitza organo bat da. Kontseiluaren zeregina da Nazioarteko Planerako hobekuntzak proposatzea eta inplikatutako agente sozioekonomikoak koordinatzea eta Planean parte har dezaten bultzatzea.

Kontseiluko presidentea Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria da, Alvaro Miranda; eta presidenteordea Javier Taberna, Nafarroako Ganberako burua. Organoak barneko zazpi kide dauzka: Alberto Catalan, Hezkuntza kontseilaria; Jose Maria Roig, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria; Pedro Gonzalez, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate arloko zuzendari nagusia; Begoña Urien, Enpresa arloko zuzendari nagusia; Cernin Martinez, Politika eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusia; Jose Luis Menendez, Modernizazio eta Administrazio Elektronikoko zuzendari nagusia; eta Juan Franco, Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusia.

Kontseiluak, gainera, kanpoko 16 kide dauzka, honako erakunde hauen ordezkariak: AIN, ANAIN, Iruñeko Udala, Nafarroako Ganbera, CCOO, NEBZE, NEK, Dibertsifikaziorako Nafarroako Fundazioa, ICEX, SODENA, UGT, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioa

.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa