(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Musikaren Hiria eraikitzeko lanak ekainean amaituko dituzte ostirala, 2010.eko azaroak 19

Catalan kontseilaria Nafarroako Kontserbatorio Nagusia eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala jarriko dituzten lekuko obrak ikustera joan da


Transcripción textual del video

Hezkuntza kontseilaria, Alberto Catalan Higueras, Iruñean eraikitzen ari diren Musikaren Hiria ikustera joan da; obrak aurreikusitako denboran egiten ari dira eta, beraz, 2011ko ekaina bukaerarako amaituta egongo dira, seguru asko.

Catalan kontseilaria Iruñeko Musikaren Hiriko obrak ikustera joan da. ( irudia handitu )

Musikaren Hiria eraikitzeko lanak ekaina bukaeran amaituko dituzte.

Hala, udaran eraikinak hornitu eta instalazioak 2011-2012 ikasturte amaieran jarriko dituzte martxan.

Hezkuntza kontseilaria, Alberto Catalan Higueras, espazio berri hori eraikitzeko lanak ikustera joan da, Iruñeko Mendebaldea auzora; lanak aurreikusitako denboran egiten ari dira.

Bisitan honako hauek izan ditu lagun: Lanbide Heziketa eta Unibertsitate arloko eta Ikuskaritza eta Zerbitzu arloko zuzendari nagusiak, Pedro Jose Gonzalez eta Patxi Esparza, hurrenez hurren; eta Nafarroako Kontserbatorio Nagusiko eta Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko zuzendariak, Carmen Arbizu eta Julio Escauriaza, hurrenez hurren. Catalan kontseilariak esan du proiektu horrek foru erkidegoan ematen diren goi mailako musika ikasketei "harmonia eta nota altua emango diela".

Eraikinen egitura ia amaituta dago. Orain kanpoko plaza iragazgaizten eta betetzen, eta barruan trenkadak jartzen, arotzeria lanak egiten eta argindar, iturri eta girotze instalazioak jartzen ari dira. Batez beste 170 lagun ari dira lanean.

Erabilera espezifikoa izango duenez, akustika egokitzeko arreta handia ari dira jartzen. Metodologia nagusia da kutxa flotatzaile eta estanko bat jartzea beste kutxa handiago baten barruan, hau da, kubo baten barruan beste bat jartzea. Gela guztiak ordenagailu bidezko simulazioen bitartez diseinatu dituzte. Analisi zorrotzena entzunaretoan egin dute; areto horretan 400 lagunentzako lekua dago.

Musikaren Hiria

Musikaren Hiria 2012 Planean jasotako lehentasunezko jardueretako bat da; espazio hori eraikitzeko aurrekontua 21,2 milioi eurokoa da.

Eraikitzen 2009ko urriaren 13an hasi ziren, lehen harria jarri ondoren. Hirian, behin amaitzen dutenean, eremu berean bilduko dituzte maila ertaineko eta goi mailako musika ikasketak; gaur egun, ikasketa horiek banatuta daude, Iruñeko Kale Nagusian eta Agoitz kalean, hurrenez hurren.

Hiriak kubo formako bi eraikin izango ditu, bata Kontserbatorio Nagusia jartzeko eta bestea Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala jartzeko. Bakoitzak bere sarrera izango du kanpoko plazan; plaza hori topagune izango da. Ekipamenduak lau solairutan banatuko dituzte: sotoa, behe solairua eta beste bi solairu.

Proiektuaren arabera, Kontserbatorio Nagusiak izango ditu sei gela kolektibo, liburutegia, mediateka, idazkaritza, atezaintza, erreprografia, komunak, komun-aurreak, musika tresnen 25 gela, 25 ikasketa kabina, ganbera musikarako 25 gela, bost organo gela, irakasleen gela bat, sailentzako zortzi gela, bi bisita gela, perkusio gela bat, organo gela bat, informatika gela bat, bi aldagela, hiru aldagela indibidual, entzunareto bat (besaulki patioa, eszenatokia, eszenatoki aurrea eta goiko besaulki patioa), bulego atxiki bat, laborategi elektroakustiko bat, artxiboa, grabazio kabina, bi abesbatz/orkestra gela, mugimendu gela bat, langileentzako aldagela eta instalazio gela bat.



Eta Kontserbatorio Profesionalak izango ditu sei gela kolektibo, liburutegi bat, informatika gela bat, artxibo bat, idazkaritza, 25 musika gela, musika tresnen 35 gela, komunak, komun-aurreak, bi bisita gela, atezaintza, erreprografia, 25 ikasketa kabina, irakasle gela bat, zortzi bulego, bi multzo gela, bi abesbatz/orkestra gela, bi perkusio gela, zazpi organo gela, akonpainamendu gela bat, ikasleen elkarterako bi gela, bi biltegi, instalazio gela, korridoreak eta patioa.
Orubeak 15.500 metro koadro dauzka. Proiektua Fernandez Militino eta Tellechea arkitektoek idatzi dute eta obra Construcciones ACR enpresa ari da egiten.

800 ikasle baino gehiago

Nafarroako Musika Kontserbatorio Nagusian eta Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean 808 ikasle daude matrikulatuta ikasturte honetan.

Horietatik 305 Kontserbatorio Nagusian daude eta 503 Kontserbatorio Profesionalean. Gainera, Tuterako Fernando Remacha Udal Kontserbatorioan 48 ikasle daude matrikulatuta. Beraz, foru erkidegoko kontserbatorioetan guztira 856 ikasle daude.

Horiei gehitu behar zaizkie musika eskoletara joaten diren 12.000 ikasleak. Hezkuntza Departamentuaren erregistroan 50 eskola baino gehiago daude eta horietatik 48 udal eskolak dira. Joan den ikasturtean (2009-2010) 11.826 lagunek egin zituzten musika ikasketak zentro horietan: 10.981 ikaslek eskola publikoetan eta 845 ikaslek zentro pribatuetan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa