(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Landa Garapeneko Departamentuak ‘Ni Bidasoa’ dokumentala aurkeztu du, ibai horretako ondare natural, material eta ez-materialetik egindako ibilbidea asteazkena, 2010.eko azaroak 24

Bidasoako uren kalitateak 2015erako Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako helburuak lortu ditu


Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ‘Yo, el Bidasoa-Ni Bidasoa’ dokumentala aurkeztuko du gaur arratsaldean Bertizgo Jaurerrian, ibai horretako ondare natural, material eta ez-materialetik egindako ibilbidea. Dokumentalean inguruko biztanleen lekukotza eta oroitzapen ugari erakusten dira. Kontseilariak inguruko alkateak eta entitateetako ordezkariak izango ditu alboan.

Horrez gain, aurkezpenean Javier Asín Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroko (Crana) zuzendari kudeatzaileak parte hartuko du. Entitate horrek ekoitzi du ikus-entzunezkoa eta edukien proposamena ere egin du. Felipe Andrés "la Caixa"ko Negozio arloko zuzendariak ere parte hartuko du, entitate horrek proiektua finantzatu eta bultzatu baitu, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin espazio naturalen sarea kontserbatu eta kudeatzeko programaren barruan proiektuak garatzeko duen lankidetza-hitzarmenaren barruan.

Lana Labrit Multimedia ekoizpen-etxeak finantzatu du, eta horri esker, ibai-inguruaren inguruko ezagutza, sentsibilizazioa eta errespetua sustatu nahi dira, eta ibaien ikuspegi integratzailea bultzatu nahi da gizartearen barruan, Uraren Esparru Zuzentarauko printzipioei jarraituz. Europako araudi horren bidez ibaietako uraren kalitatea hobetzea, bertako ekosistema zaintzea eta herritarren parte-hartzea sustatu nahi da. Bideoa egiteko inguruko auzokoen eta gizarte-eragileen lankidetza izan da. Dokumentala euskaraz eta gaztelaniaz ikus daiteke eta 1.150 kopia atera dira guztira. Aleak "la Caixa"k eta Cranak banatuko dituzte.

Kalitate bikaineko ura

Bidasoaren arroaren zatirik handiena Nafarroan dago, baina zati bat Gipuzkoan dago eta beste bat Frantzian. Ibaiari Bidasoa esaten zaio Oronozetik aurrera, goiko tartean Baztan ibaia esaten baitzaio. Ibaiak prezipitazio ugari hartzen ditu, urtean 1.600 mm baino gehiago, eta puntu batzuetan urtean 2.000 mm izaten dira. Eskuinaldetik Bertiz, Tximista eta Cía ibai-adarrak aipa daitezke, eta ezkerraldetik, Artesiaga, Zeberia-Marín, Ezkurra, Onin eta Endara.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egindako analisien emaitzen arabera, Bidasoa ibaiaren arroa izan da lehena Uraren Esparru Zuzentarauak 2015erako ezarritako helburuak lortzen. Zehatz esanda, Nafarroako Gobernuak uraren kalitatearen kontrola arroko bederatzi puntutan lortutako laginen analisia eginda egiten du: Baztan Arizkunen, Baztan Oronozen, Zeberia Oronozen, Ezkurra Donezteben, Bidasoa Sunbillan, Bidasoa Endarlatsan, Bidasoa Beran, eta Oninen bi puntu Lesakan.

Uraren analisiak parametro fisikokimikoak eta biologikoak erabiliz egiten dira, inguru hidrikoan izandako inpaktuak eta baldintza naturalen aldaketak ebaluatzeko. Kontrol sareko puntuetan bi parametroen analisiek 2009an izandako emaitzek sailkapen ona edo oso ona erakutsi zuten, eta horrek esan nahi du uraren kalitatea bikaina dela eta Europako araudiak finkatutako helburua betetzen dutela.

Horrez gain, Uraren Esparru Zuzentarauaren arabera, ibaietako oztopoak ezabatu behar dira, ingurumen-arazo handia baitira, erriberako ekosistemak aldatzen dituztelako; izan ere, fauna igarotzea eta sedimentuen eta elikagaien lekualdaketa saihesten dute. Horrez gain, uraren tenperatura alda dezakete, ur geldien inguruak sortuta. Hori dela eta, azken urteetan, Nafarroako Gobernua eta Kantauri aldeko Konfederazio Hidrografikoa lankidetzan aritu dira eskalak eraikitzeko eta presa zaharkituak suntsitzeko programa garatze aldera.

2000ko hamarkadaren hasieran, Bidasoaren arroan 109 oztopo katalogatuta zeuden, eta horiek ibaiaren konektibitate lineala eteten zuten. Horietatik 97 presa txikiak eta presa artifizialak ziren, eta 12, oztopo naturalak. Modu horretan, arroaren luzera irisgarria 2,4 kilometrokoa zen ardatz nagusian, eta 4,7 kilometrokoa ibai-adarretan. Ordutik ibaiaren irisgarritasuna 50 kilometrotik gorakoa da eta ibilgu nagusiaren %90 erdietsi du. Hori pauso garrantzitsua izan da arro horretako amuarrainen eta izokinen dinamikarako, ibaitik mugitu behar baitira.

Ibaia, izaki biziduna

‘Yo, el Bidasoa- Ni Bidasoa’ dokumentalean, erriberako herritarren lekukotzen bidez, ibaiak gizakiekin betidanik izandako harreman estuak erakusten dira. Ibaiko espezie guztiak aipatu eta ibaiaren eta pertsonen arteko loturaren arriskuei eta aukerei erreparatzen zaie. Modu horretan, ibaia lau etapatan zeharkatzen da. Lehenengo etapan goi-ibarra erakusten da, Baztan ibarrean. Bigarren etapan Bertizaranan eta Malerrekan sartzen da. Hirugarren etapan Bortzirietan sartzen da, eta laugarrenean itsasora nola iristen den ikus daiteke.

Herritarrek, ikuspegi historikoa eta kasuan kasuko bizipenak erabiliz, lamien istorioak, arropen garbiketa, izokinak, igelak... aipatzen dituzte. Herritar batzuk ibaitik kontrabandoan ibili dira, arrantzan aritu dira, jakiak prestatu dituzte, ura edan dute, bainatu egin dira... Bestelako espezieak ere agertzen dira: ur-zozoa, erriberako hariztiak, txipak, zumarrak, amuarraina, Pirinioetako desmanak, lizarrak, izokina, karramarroak, ornogabeak... Guztiak dira Bidasoaren atal.

Dokumentala abian jartzeko ekimena aurretik Nafarroaro Uraren Foroan egindako lanetik sortu zen, Cranak koordinatuta. Horretan herritarrek parte-hartze aktiboa izan dute azpi-arroetan egindako foroen bidez, boluntariotza ekintza zehatzen bidez eta neurriak ezarrita, ur baliabidearen eta ibai-espazioaren kudeaketa iraunkorrean kontzientziazioa eta sentsibilizazioa hobetzeko. Bidasoa ibaiarekin egindako lanaren ostean, Aragoi, Arga eta Ega ibaiekin antzeko lanak egitea espero da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa