(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakariak 2010eko Gazteriaren Sariak eman ditu asteartea, 2010.eko azaroak 30

Ekitaldiaren hasieran minutu bateko isilaldia egin da NGIko errendimendu handiko beka zuen eta joan den larunbatean trafiko-istripuan hil zen Odei Iturrioz 21 urteko pelotariaren oroimenez


Transcripción textual del video

Sanz Lehendakaria: Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan azken urteetan egin dituen jarduera nabarmenen artean, Gazteriaren egoitza berria martxan jartzea aipatu behar da, horri esker gazteei zuzenean eskainitako zerbitzuak, programak eta laguntzak sendotu eta ugaritu baitira; horrez gain, toki entitateekin laguntza eta lankidetza indartu da gazteriaren arloko toki politika eraginkorragoa eta berdinzaleagoa garatzeko. Gazteekin etengabeko elkarrizketa izan dugu eta gizartearen parte-hartzea eta asoziazionismoa osagai giltzarri moduan babestu ditugu.

Eta orain Gazteriaren Foru Legea egiten ari gara, departamentuen arteko lanaren emaitza moduan. Horretan 170 erakundek, 600 gaztek baino gehiagok eta, nola ez, Nafarroako Gazteen Kontseiluak parte hartu dute.

2010eko Gazteriaren Sariak

Sarituak Sanz Lehendakariarekin. ( irudia handitu )

Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko Lehendakaria Gazteriaren Sarien XIII. edizioko sariak emateko ekitaldiaren buru izan da gaur goizean. Sari horien bidez, aurten San Adriango Udala saritu dute erakunde edo entitatearentzako sariaren modalitatean; Gizarte Laguntzarako Unibertsitariak, parte-hartze sozialaren modalitatean, eta Álvaro Iborra Jiménez eta Ander Lamaisón Vidarte Gaztearen saria modalitatean. Horrez gain, Aipamen Berezia Garuneko Gaitzaren Nafarroako Elkarteari (Adacen) eman diote.

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin da. Ekitaldi horretan, María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria eta Ana Frías Pardo Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendaria egon dira. San Adriango Udalari emandako saria Carlos Monasterio udalerriko alkateak eta Rubén Fuertes Gazteria zinegotziak jaso dute. Gizarte Laguntzarako Unibertsitariak Elkartearen aldetik, Goyo Estallo koordinatzaile nagusia joan da. Álvaro Iborrak eta Ander Lamaisónek Gaztearen saria jaso dute. José Luis Herrera Zubeldía Adacengo lehendakariak jaso du elkarteari emandako aipamen berezia.

 

Ekitaldiaren hasieran minutu bateko isilaldia egin da NGIko errendimendu handiko beka bat zuen Odei Iturrioz Fernández 21 urteko pelotariaren omenez. Gaztea Fuerte del Príncipe gazteen egoitzan bizi zen eta joan den asteburuan hil zen trafiko-istripuan. Ezbeharra larunbat goizeko lehen orduan gertatu zen, Sakanako Autobian, Arruazun. Sanz Lehendakariak Iturriozen heriotzari aipamen egin dio eta familiari doluminak agertu dizkio.


Gazteriaren Sariak

Minutu bateko isilaldia egin da Odei Iturriozen oroimenez. ( irudia handitu )

Horrez gain, Miguel Sanzek saritu guztiak zoriondu ditu eta Nafarroan 15 eta 29 urte bitarteko 106.000 gazte baino gehiago daudela adierazi du. Gazteei eskatu die ekarpena egin behar dutela "modu arduratsu eta konprometituan alderdi guztietan aurrera egiteko: ekonomian, gizartean eta politikan ". Gainera, Nafarroako Gobernua Gazteriaren Foru Legea egiten ari dela gogorarazi du. Legearen xedea "pertsona gazteen autonomia sustatzea izango da, eta horri esker, Nafarroa erreferentziako eskualdea bihurtuko da Europan".

2010eko sarituak

San Adriango Udalak erakunde edo entitatearentzako saria jaso du, gazteriaren arloko tokiko politikak modu koordinatuan aplikatzeagatik. 6.200 biztanleko udal honek lorpen handiak eskuratu ditu gazteriaren arloan, gazteek herriko gizarte, kultura eta kirol bizitzan modu aktiboan parte hartzea sustatuz. Lorpenen artean, kolektibo horrentzat espazio publiko bat sustatzea eta sortzea aipatu behar da, hots, Lyber Gazteriaren Etxea, 2009. urtearen amaieran inauguratua. Horretarako, 552.000 eurotik gorako inbertsioa egin zen. Etxearen barruan, areto batzuetan sormena sustatzen da musikaren esparruan, teknologia berrien erabilera sustatzen da, gela askotan gazteen arteko topaketari mesede egiten zaio, eta jende guztientzat irekita dagoen kontzertu areto bat dago.

Gizarte Laguntzarako Unibertsitariak (UAS) elkarteak parte-hartze sozialaren saria jaso du edizio honetan. Sari horren bidez, tokiko boluntarioen jardueren balioa azpimarratu eta aitortzen da. Ildo horretatik, UAS unibertsitateko boluntarioen elkartea da eta 90-91 ikasturtean sortu zen, Nafarroako Unibertsitateko ikasle talde batek gure gizarteko sektore batzuetan diren arazoei erantzun nahi zielako. Elkartea 30 entitate ingururekin lankidetzan aritzen da, esparru hauetan: adinekoak, desgaitasuna dutenak, gaixoak, ospitaleratuak, espetxeratuak, etxerik gabeko pertsonak, eskola-laguntza behar duten adingabeak eta garapenerako lankidetza proiektuak. Talde horren bitartez, boluntariotza sozial eta profesionaleko jardueretan 500 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute.

Bestalde, Álvaro Iborra Jiménezek gaztearen saria lortu du, Ander Lamaisón Vidarterekin batera. Lehenengoa klarinetista tafallarra da eta Tafallako Udalak proposatu du. Gazteak 29 urte ditu eta duela lau urtetik Concentus Musicus Wien taldean jotzen duen espainiar musikari bakarra da. Austriar orkestra horrek Vienan du egoitza eta espezializatuta dago errepertorio barroko eta klasizistetan. Taldeak Japoniatik bira egin du Nikolaus Harnoncourt zuzendari ospetsuaren aginduetara. Musikariak, besteak beste, sari hauek jaso ditu: lehen saria "Teodoro Ballo" Ganbera Musikaren Lehiaketa Nazionalean (2002) eta lehen saria "Sonidos de Arlanza" Ganbera Musikaren Nazioarteko Lehiaketan (2005).

Lamaisón Vidarte Lizarran jaioa da eta Lizarrako Udalak proposatu du. Dominak lortu ditu 2009an eta 2010ean parte hartu duen matematikako olinpiada eta lehiaketa guztietan. Matematikako Nazioarteko Olinpiadan domina ateratzen duen lehen nafarra da eta Matematikako Olinpiada Nazionalean lehenbiziko geratzen lehenengoa, nahiz eta gainerako leihakideek baino urtebete gutxiago izan.

Amaitzeko, Garuneko Gaitzaren Nafarroako Elkarteak (Adacen) Gazteriaren Sarien edizio honetako aipamen berezia lortu du, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, autobabesa, segurtasuna eta trafiko-istripuen prebentzioa sustatzeagatik, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetza estuan arituz. Adacen Nafarroako elkarte bat da, irabazteko asmorik gabekoa, eta garuneko gaitza dutenek eta horien familiakoek sortu zuten, kolektibo horren arazoen eta beharrizanen inguruan gizartea eta erakundeak kontzientziatzeko. 2005etik, bide prebentzioko programa garatzen du gazteentzat, Nafarroa osoko ikastetxeetan hitzaldiak emanez, gazteek oinezko eta gidari moduan ohitura egokiak har ditzaten.

Aitorpena gazteriaren aldeko lanari

Nafarroako Gazteriaren Sarien bitartez gazteen gizarte-sustapenari, autonomiari eta bizi-kalitateari mesede egiten dioten ibilbideak eta lanak aitortu nahi dira. Era berean, saritutako pertsona eta entitateentzat gizarte aitorpena izan nahi dute, eta Nafarroako Gobernuak gazteen alde egindako jarduerei emandako garrantziaren adierazpena izan nahi dute. Ildo horretatik, Nafarroako Gobernuak, NGIren bitartez, joan den ekainetik urriaren 29ra herritarren parte-hartzerako prozesua ireki zuen, eta hori dela bide, Nafarroako edonork sari horiek merezi zituen pertsonak, taldeak, elkarteak edo erakundeak proposatu ahal zituen. Modu horretan, 10 hautagaitzarako 55 proposamen jaso ziren. Ondoren, batzorde aholkulariak aurkeztutako hautagaitzak hautatu, merituak baloratu eta sariak hiru modalitateetan ebatzi zituen. Aipatzekoa da batzorde aholkulari hori NGIko eta Nafarroako Gobernuko beste erakunde batzuetako langileek osatu zutela, hala nola, Gizarte Gaietako eta Lankidetzako zuzendari nagusiak, Berdintasunerako Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Kultura zuzendari nagusiak; Nafarroako komunikabide desberdinetako ordezkariek; Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkariek; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko eta Nafarroako Gazteen Kontseiluko ordezkariek eta aurreko edizioan saritutakoek. Aipamen berezia NGIk erabaki zuen.

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
DiscursoPresidenteGalardonesJuventud.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa