(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruñeko Justizia Jauregiak, azken zabalkuntzan, 3.300 metro koadro gehitu, 12 epaitegi birkokatu eta sei judizio areto sortu ditu asteazkena, 2010.eko abenduak 15

Sanz Lehendakariak bosgarren eta seigarren solairuetako aretoak bisitatu ditu


Sanz Lehendakaria, Justizia Jauregira egindako bisitan.

Sanz Lehendakaria, Justizia Jauregira egindako bisitan. ( irudia handitu )

Miguel Sanz Nafarroako Lehendakariak asteazken honetan Iruñeko Justizia Jauregiaren instalazio berriak bisitatu ditu, bosgarren eta seigarren solairuetan egin diren zabalkuntza lanen ostean. Egoitza judizialetik egindako ibilbidean, Lehendakariak alboan izan ditu Javier Caballero Foru Gobernuko lehen presidenteordea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Juan Manuel Fernández Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria eta Javier Muñoz Nafarroako fiskal nagusia.

Eraikin honetan egindako eraldaketaren bidez -Manuel Sagastume eta Angel Farinós arkitektoek egin dute lana, 1996an amaitua-, Iruñeko Justizia Jauregian gaur egungo zerbitzuak berrantolatu eta epe labur eta ertainean aurreikusitako epaitegi berrien hazkundeari arreta eskaini nahi izan zaio. Eraikinean organo judizial guztiak kokatu nahi dira, herritarrei joan-etorriak saihesteko eta areto orokorrak errentagarri bihurtzeko (artxiboak, judizio aretoak, etab.).

Era berean, lanak aprobetxatu dira instalazio batzuk aldatzeko eta energia gastua eta ingurumen inpaktua murrizteko. Horretarako, eraikineko zazpi igogailuetatik bost aldatu dira (bi nagusiak, atxilotuen igogailua eta ekialdeko bi), horien edukiera, abiadura eta energia-errendimendua hobetzeko eta guztiak seigarren solairura iritsi daitezen. Horrez gain, teilatuan eguzki plakak jarri dira, kanpoko klimatizazio makineria aldatu da eta argiztapen sistema programatua instalatu da. Horrez gain, sarrerako ateak aldatu dira.

Birmoldatze proiektua Ángel Farinósek idatzi du. Lanak Obras Especiales de Navarra S.A. (Obenasa) enpresak gauzatu ditu eta amaierako kostua 5.328.334 eurokoa izan da. Lanak hiru fasetan garatu dira, eraikinaren berezko jarduerari trabarik ez egiteko eta langileei eragozpenik ez sortzeko. Lanak 2009ko irailaren 28an hasi ziren. Lehenengo fasean, bosgarren eta seigarren solairuetako ezkerreko aldean egin ziren lanak. Bigarren fasean eskuineko aldean egin ziren lanak, 2010eko martxotik abendura. Hirugarren fasea 2011ko martxora arte luzatuko da eta beheko solairua berrituko da, Bulego Judizial Berrira egokitzeko.

Birkokatze plana

Bosgarren eta seigarren solairuaren zabalkuntza amaitu ondoren, birkokatze plana hasiko da, eraikinean organo judizialen banaketa antolatzeko, eta Bulego Judizial Berrirako banaketa prestatzeko. Lekualdatzeak 2011n egingo dira.

Lanak amaitu ondoren, eraikinak banaketa berria izango du. Seigarren solairuan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko organo nagusiak kokatuko dira (presidentzia, Gobernu idazkaritza, Arlo Zibileko eta Zigor arloko Sala eta Lan arloko Sala), baita Zigor arloko bost epaitegi ere. Bosgarren solairuan Administrazioarekiko Auzien Sala, Administrazioarekiko Auzien hiru epaitegi eta Prokuradoreen Sala egongo dira. Laugarren solairuan lehen auzialdiko bost epaitegi, Merkataritza arloko Epaitegia eta Espetxeratuen Zaintzako Epaitegia egongo dira. Hirugarren solairuan Fiskaltza eta instrukzioko bost epaitegi egongo dira.

Bigarren solairuan Probintzia Auzitegia, Estatuko abokatuak, Adingabeen Fiskaltza, Adingabeen Epaitegia eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegia egongo dira. Lan arloko lau epaitegiak eta Auzitegiko Medikuntzaren Nafar Institutua lehenengo solairuan egongo dira. Eraikinean sartzeko solairuan informazio gunea, dekanotza, jakinarazpenen zerbitzu orokorra, Familia arloko epaitegiak eta Guardiako Epaitegia egongo dira.

Horrez gain, Fiskaltzak, Auzitegiko Medikuntzaren Nafar Institutuak eta Guardiako Epaitegiak azalera handiagoa izango dute. Solairu guztietan erabilera anitzeko aretoak eta etorkizuneko beharrizanetarako espazioak egongo dira. Azken zabalkuntzaren ostean, eraikinak 3.325 metro koadroko azalera erabilgarria irabazi du, eta orain 18.424 metro koadro ditu.

Eraldaketa honi esker, Iruñeko Justizia Jauregian 12 epaitegi berri kokatuko dira eta Bulego Judizial Berria apurka-apurka ezarriko da. Lanen ostean, eraikina 18 judizio areto izatetik 24 izatera igaroko da. Areto horiek inguru zabalagoetan egongo dira eta jendearentzat irisgarriagoak izango dira, bulegoen ingurutik bereizita egongo dira eta. Bi behe solairuan kokatuko dira, lau lehenengoan, hiru bigarrenean, hiru hirugarrenean, hiru laugarrenean, sei bosgarrenean eta hiru seigarrenean.

Azalera bikoiztuta hamaika urtean

Nafarroan, erabilera judizialerako espazioa ia-ia bikoiztu egingo da 1999tik, 2012an Tuterako epaitegi berria amaitzen dutenean. Duela 11 urte administrazio judizialak 21.300 metro koadro zituen, eta 2012an 42.600 metro koadro egongo dira eginkizun horretarako, aldi honetan 40 milioi euroko inbertsioa egitearen ondorioz.

Azken hamarkadan egindako lanen artean, 2001ean Iruñeko Justizia Jauregia zabaldu zen lehenengoz, Foruzaingoari bideratutako tarteko solairu bat sortzeko –aldagelak-, eraikina mantentzeko eta Nafarroako Justiziaren lurralde gerentziarako egoitza berria izateko. Eraikinaren bigarren zabalkuntza 2002an egin zen, behe solairuaren eskuineko aldea aldatzeko eta tarteko solairua handitzeko, erregistro zibila eta familia erregistroa jarri ahal izateko. 2007an, egoitza berria prestatu zen Estatuko Abokatutzarako eta Auzitegiko Medikuntzarako Nafar Institutuaren anatomia patologikoaren eraikin berria hartzeko. Era berean, egoitza berriak eraiki dira Agoitzeko epaitegietarako (2002), Lizarrako epaitegietarako (2009) eta Iruñeko Erregistro Zibilerako (2008). Horrez gain, aurten Justizia Jauregiaren hirugarren zabalkuntza egin da eta Tuterako epaitegiak eraikitzen ari dira. Azken lan horiek hurrengo ekitaldian amaituko dituzte, 2012an aktibo egon daitezen.

Gainera, aldi honetan hamaika organo judizial berri sortu dira. 1999an zeuden pertsona bakarreko 26 epaitegietatik, 2010ean 37 izatera igaro dira (26 Iruñean, 5 Tuteran, 2 Tafallan, 2 Lizarran eta 2 Agoitzen). Hauek dira: Iruñeko Instrukzioko 4. zk.ko Epaitegia (2000. urtea); Iruñeko Instrukzioko 5. zk.ko Epaitegia (2004); Agoitzeko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. zk.ko epaitegiak eta Iruñeko Merkataritza arloko Epaitegia (2005); Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4. zk.ko epaitegiak, Familia arloko 8. zk.ko epaitegia Iruñean eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren epaitegia Nafarroako hiriburuan (2006); Iruñeko Zigor arloko 4. zk.ko Epaitegia (2007); Iruñeko Lan arloko 4. zk.ko Epaitegia (2008); Iruñeko Zigor arloko 5. zk.ko Epaitegia (2009); eta Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5. zk.ko Epaitegia (2010).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa