(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruñeko katedralean David Rodríguez Caballeroren ‘Vía Crucis’ arte sakratu garaikidearen erakusketa ikus daiteke asteazkena, 2010.eko abenduak 22

Eskulturen erakusketa honen bidez Done Jakueren Urte Santua dela-eta antolatutako jarduerak amaituko dira


Iruñeko katedraleko klaustroan, gaur hasita Aste Santu ostera arte, David Rodríguez Caballeroren "Vía Crucis" eskultura sakratu garaikideen erakusketa ikus daiteke. Erakusketaren aurkezpena Kultura eta Turismo kontseilariak, Francisco Pérez González Iruñeko artzapezpikuak eta Tuterako apezpikuak eta Nafarroan Urte Santua ixten duen erakusketaren egileak egin dute.

David Rodríguez Caballerok egindako "Vía Crucis" lana, Javier Molins arte kritikariaren esanetan, Artearen Historiaren bilakaeraren emaitza da, sorreratik gaur egunera arte.

Kritikariaren ustez, artearen historian bi inflexio puntu daude, David Rodríguez Caballeroren "Vía Crucis" lanaren jatorria azaltzen dutenak. Antzinaroan, herritar gehienak analfabetoak zirenean, irudiak oso lagungarriak izaten ziren Bibliako pasarteak irudikatzeko eta tenpluetara joaten ziren fededunen artean zabaltzeko. Bestalde, XIX. mendearen erdialdean argazkigintza agertu zen. Artistek haien buruari galdetu zioten zer zentzu zeukan haien lanetan errealitatea irudikatzen ahalegintzea makina batek aurreko hori jatorrizkoarekin leialagoa izanda egiten zuenean. Modu horretan abangoardiako mugimenduak sortu ziren eta, horietan, artistek ez zuten errealitatea imitatu nahi, haien modura interpretatu baino. Hain zuzen ere, horixe egiten du David Rodríguezek, betidanik bere lanetan erabili dituen irudi geometrikoekin eta materialekin.

Arte modernoaren eta erlijioaren arteko lotura oso emankorra izan da. Henri Matissek Kosta Urdinean 1951n Arrosarioko kapera egin zuen, Mark Rothkok eta Philip Johnsonek 1971n Houstonen (Texas) Rothko Chapel diseinatu zuten, Barnett Newmanek eta Markus Lüpertzek Gurutze Bideak egin zituzten, Miquel Barcelók Palmako katedralean esku hartu zuen eta Anthony Carok Saint Jean-Baptiste elizan, Bourbourgen; artistak mundu erlijiosora hurbildu dira haien sormena aplikatzeko.

Ildo horretatik, David Rodríguez Caballerok kanporako babestuta dauden 14 pieza egin ditu, Jesukristok kalbarioan egindako urratsak irudikatzen dituzten 14 egonaldietarako. Piezak aluminioarekin eginda daude, artistak ibilbide osoan material hau asko erabili baitu. Planoak bata bestearen gainean jarri dira, Errenazimenduan antzeko gaia zuten lanetan lortutako perspektiba gogoraraziz. Molinsen esanetan, artea iraganarekin etengabeko elkarrizketa eta etorkizunera egindako begirada da. Lan honetan oso argi dago hori, eta modu horretan, Nafarroa arte sormen garaikidearen abangoardian kokatzen da.

"Gurutze Bide hau egitea sormen sintesia egiteko ahalegin handia izan da" –esan du David Rodríguezek. Eszena narratibo bat konposizio abstraktura eraman du, egoera figuratiboaren erreferentzia une batean ere galdu gabe. Artistak gehitu duenez, piezak Foru Komunitateko katedralean erakustea harro eta pozik egoteko moduko arrazoia da berarentzat.

Erakusketa astelehenetik larunbatera 10:00etatik 17:00etara ikus daiteke; igandeetan, 12:45etik 14:00etara.

David Rodríguez Caballeroren biografia

Dueñasen (Palentzia) jaio zen 1970ean eta Iruñean, Bilbon, Valentzian, Mexikon, New Yorken eta Madrilen bizi izan da. Arte Ederretako lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatetik. Museografiari eta Erakusketei buruzko masterra eginda du, baita Arte Garaikidea Kontserbatu eta Zaharberritzeko teknologiei eta esku-hartzeei buruzkoa ere, biak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 1997an Nafarroako Gobernuak Arte Sormenari emandako beka jaso zuen eta Mexikon eta New Yorken ere bekak lortu ditu.

Banakako erakusketak egin ditu Donostian, Valentzian eta Madrilen, eta erakusketa kolektiboetan parte hartu du Iruñean, Italian, Santanderren, Gasteizen, Bizkaian, New Yorken, A Coruñan, Bartzelonan, Donostian eta Varsovian (Polonia).

2005ean Marlbouhg Galerian lan egiten hasi zen eta Madrilera joan zen bizitzera. Datorren urterako proiektuak ditu New Yorkeko Würth Museoan eta Marlbouhg Galeryn.

Done Jakueren Urte Santuaren balantzea

2010eko otsailaren 9an, Asturias eta Vianako printze-printzesek eta Bideak zeharkatzen dituen autonomia-erkidegoetako lehendakariek Orreagan Urte Santua inauguratu zuten, eta gaur, abenduak 22, Nafarroan Urte Santua itxiko da, David Rodríguez Caballeroren "Vía Crucis" erakusketarekin. Bi data horien artean 320 jarduera inguru egin dira, eta horretarako 10 milioi euroko aurrekontua bideratu da.

Erromesen balantzeari dagokionez, abenduaren 20ra arte, Orreagatik 56.080 igaro dira. Hala ere, beste %10ek bidea herri horretatik igaro gabe egin dutela kalkulatzen da. 2004ko azken Urte Santuan 40.002 erromes izan ziren eta, beraz, %28;66ko gorakada nabaritu da. Iaz 52.389 erromes egon ziren. Aurtengo 56.080 erromesei erreparatuta, %7,04ko gorakada gertatu da.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Turismo Bulegoen sarean 35.361 erromes erregistratu dira. Hain zuzen ere, erromes horiek aurten informazio eske joan dira bulego horietara.

Erromesentzako 42 aterpe daude, 2004an baino %31 gehiago, eta Bidean 12 establezimendu berri eskaini dira. Hogeita hamazazpi aterpe Luzaide eta Viana bitartean kokatzen dira, eta 6 Zangoza eta Gares bitartean. 150.000 pertsona inguruk Nafarroan Urte Santua dela-eta antolatu diren jardueretan parte hartu dute.

120 kultura jarduera inguru eskaini dira eta 200 jarduera inguru egin dira, seinaleztapenarekin, informazio materiala argitaratzearekin, sustapenekin, lan-bilerekin, eta abarrekin lotuta.

Amaitzeko, Urte Santurako programatutako jarduerekin lotutako 250.000 foileto baino gehiago kaleratu dira.

Dokumentazioa:
Balance Año Santo 2010 Navarra.ppt

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa