(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

'Zaragüeta, fotógrafos', Nafarroako Museoko erakusketa berria asteazkena, 2010.eko abenduak 29

2011ko urtarriletik aurrera, Mercedes Jover izango da zentroaren zuzendaria, Miguel Ángel Hurtado jubilatu ondoren


Txirrindularia, Agustín Zaragüeta, 1900. ( irudia handitu )

Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilariak 2011ko maiatzaren 2ra arte Nafarroako Museoan ikusi ahal izango den erakusketa berria aurkeztu du gaur goizean, 'Zaragüeta, fotógrafos' izenburupean. Erakusketaren komisarioa Francisco Javier Zubiaur Carreño da eta 11.926 euroko aurrekontua du.

Erakusketan bi argazkilariren 75 argazki ikus daitezke, hain zuzen ere, Agustín Zaragüeta Colmenaresenak eta Gerardo Zaragüeta Zabalo semearenak. Erakusketa gaur egun arte egile horien inguruan egin den osatuena da, eta 1887tik 1940ko hamarkadara arte egindako argazkiak biltzen ditu. Argazkilariek landu zituzten askotariko generoak erakusten dira: erretratua, erreportajea, arkitektura, hirigintza, landa-paisaia eta jaiak, besteak beste.

Argazki guztiak Nafarroako Museoarenak dira, Museoak familiari bi argazkilarien fondoa erosi baitzion 1993an. Nafarroako Museoak argazkigintzaren aldeko interesa du 1984tik. Urte horretan erakutsi zituzten lehenengo argazkiak, Ben Sahn iparramerikarrarenak. Ordutik, erakusketa honekin, Nafarroako Museoak hogeita hamabost argazki erakusketa egin ditu. Horrekin batera, Museoak aldi guztietako nafar argazkilari ospetsuen funtsak eskuratu ditu.

Zaragüeta aita-semeek argazki-estudio aktiboa izan zuten Iruñean 1880tik 1960ra. Haiek egindako erretratuak eta erreportaje grafikoak Nafarroako Museoak berreskuratu ditu. Fondo horiek 1990ean eskuratu ondoren, erakusketa honen bidez zabaltzen ditu, argazkilarien lanaren lagin hau erakutsiz.

Horrez gain, erakusketaren katalogoa argitaratu da, Francisco Javier Zubiaurren testuekin.


Boxeolariak, Gerardo Zaragüeta ,1930. ( irudia handitu )

Erakusketa asteartetik larunbatetara irekita dago, 9,30etik 14etara eta 17etatik 19etara. Igande eta jaiegunetan, 11etatik 14etara irekita egongo da.

Errelebua Nafarroako Museoko zuzendaritzan

Corpas kontseilariak Miguel Ángel Hurtado Nafarroako Museoko gaur egungo zuzendariari eskerrak eman dizkio, urtarrilaren hasieran jubilatuko baita. Horrez gain, zuzendari berria aurkeztu du. Mercedes Jover Hernando da, gaur egun Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistro Ataleko burua dena.

Jover Filosofia eta Letretan doktorea da (Historia), Nafarroako Unibertsitateko Artearen Historiako Departamentuan. Nafarroako Museoko goi teknikaria izan da (1991ko urria– 1995); Artxiboen goi teknikaria, Nafarroako Artxibo Nagusian (1998ko apirila – 1998ko abuztua); Ondasun Higigarrien goi mailako teknikaria (1998ko abuztua – 2000); Ondasun Higigarrien Negoziatuko burua (2000ko abuztua–2007ko urria); eta Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistro Ataleko burua (2007ko urria– gaur egun).

Zenbait liburu idatzi ditu, hainbat hitzaldi eman ditu eta lan zientifikoetan eta ikerketetan lankidetzan aritu da, besteak beste, Nafarroako Katalogo Monumentala eta Nafarroako Entziklopedia Handia idazten. Batez ere, Nafarroako artearen historiaren eta kultura ondarearen inguruko ikerketak eta argitalpenak ditu.

Zaharberritze lanak kudeatu eta koordinatu ditu Tuterako katedralean (2002-2006), Artaxoako San Saturnino elizan, Fiteroko Santa María la Realen (2007-2008), Uxueko Santa María la Realen (2008-2010) eta Lizarrako San Pedro de la Rúan (2009an hasi ziren lanak, eta oraindik ez dira amaitu).

Hainbat erakusketatan komisarioa izan da, hala nola, ‘Tudela. El legado de una catedral’ erakusketan, Tuteran 2006an egin zena, eta ‘Tesoro monástico. El relicario del monasterio de Fitero restaurado’ erakusketan, Nafarroako Museoan, 2008-2009 aldian.

Nafarroako Unbertsitatean irakasle elkartua da 1995etik, eta "Kultura Ondareari" buruzko irakasgaia ematen du Artearen Historiako Departamentuan, baita "Artearen Historiaren programazioa eta ebaluazioa" irakasgaia ere Bigarren Hezkuntzarako, Irakasleentzako Unibertsitate Masterrean.

Nafarroako Ondarearen eta Artearen Katedrako irakaslea da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barruan.

 
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa