(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Aldizkari Ofiziala astelehenetik ostiralera argitaratuko da datorren urtarrilaren 1etik aurrera asteazkena, 2010.eko abenduak 29

Gobernuak argitalpenaren aldizkakotasuna handitu du, zabaltzen duen dokumentu bolumenaren "aparteko hazkundeari" erantzuteko


NAOren irudia interneten.

NAOren irudia interneten. ( irudia handitu )

Nafarroako Aldizkari Ofiziala (NAO) 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera astelehenetik ostiralera argitaratuko da, egun baliogabetzat jotako jaiegunetan izan ezik, Javier Caballero lehen presidenteordearen eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu baten arabera. Aldaketa horren ondorioz, urteko aldizkari digitalen kopurua 157 izatetik 250 izatera igaroko da, gutxi gorabehera.

Neurri hori argitalpena administrazio elektronikoa ezartzeak eskaintzen dituen aukeretara eta abantailera egokitzeko prozesuan beste urrats bat da. Modernizazio prozesu horren barruan, 2009ko uztailaren 5ean paperezko NAO desagertu egin zen eta bertsio elektronikoak soilik iraun zuen,

www.navarra.es interneteko atarian. Modu horretan, argitalpenaren zabalkundea handitu eta arindu egiten da, ingurumen ikuspuntutik jasangarriagoa da eta banaketa kostuak merkatzen ditu.

Gaur egun, NAOk astean hiru zenbaki arrunt argitaratzen ditu gutxienez, astelehen, asteazken eta ostiraletan, lanegunak zein jaiegunak izan, 58/2009 Foru Dekretuak ezarritako gutxieneko aldizkakotasunarekin bat etorriz. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak asteko argitalpen kopurua handitzeko erabakia hartu du, NAOk teknologia berriek eskainitako erraztasunei esker argitaratzen duen dokumentuen bolumenak "aparteko hazkundea" izan baitu. Gainera, paperezko bertsiorik ez dagoenez, frankeoa desagertu egin da, eta horri esker ale gehiago atera daitezke kostuak handitu gabe, barruko lanaren antolaketan aldaketa gutxi batzuk eginda.

Argitalpenerako erabiltzen den sistema informatiko berriaren erraztasunak giltzarriak dira aldaketa hau bultzatzeko. 2008ra arte, NAO editatzeko programa oso ahaltsua baina malgutasun txikikoa zen, eta horrek maketazio aukerak eta banaketa mugatzen zituen (zenbakiak bi egun lehenago itxi behar ziren inprimaketa, koadernaketa, gutunetan sartzea eta banaketa bermatzeko). Bertsio digitala herritarrek posta elektronikoan jaso dezakete aurretik izena ematen badute. Bertsio horrek prozesua sinplifikatzen du.

Aldizkakotasuna handituta, Gobernuak herritarren segurtasun juridikoa handitu, Administrazioak hartutako akordioen eta neurrien argitalpen data eta horiek hartzen diren data egokitu, eta dokumentuak kontsultatzea eta jaistea erraztu nahi da. Izan ere, aurreikuspenen arabera, aldizkariak ‘arinagoak’ izango dira eta, beraz, erabiltzeko errazagoak. Erreferentzia moduan beste probintzia eta autonomia-erkidego batzuetako aldizkari ofizialak hartu dira, kasu batzuetan astean bost zenbaki argitaratzen baitituzte.

Aldaketaren ondorio ekonomikoa gutxiengoa izango da, urtean 2.500 euro inguru. Kopuru horri aurten xahutu diren 10.500 euro gehitu behar zaizkio, NAOren paperezko zenbait kopia artxibatu baitira. Aldaketa horrekin batera, langileentzako trebakuntza jarduerak eta informatikako hutsegiteak saihesteko neurriak abian jarriko dira.

Astean hiru egunetan 1842tik

Aipatzekoa da NAO argitaratzeko egunak sorreratik ia-ia aldatu gabe mantentu direla. NAO 1838ko martxoaren 1ean sortu zen, Iruñeko Aldizkari Ofiziala izenarekin. Lehenengo hiru urteetan astean bi aldiz argitaratzen zen, baina 1842tik aurrera astean hiru aldizkari ateratzen hasi ziren –asteartea, ostirala eta igandea-, eta 1850etik aurrera datorren urtarrilaren 1era arte indarrean dauden hiru egunetan argitaratzen hasi ziren –astelehena, asteazkena eta ostirala-.

NAOk egin dituen 173 urteetan, aldizkari bakoitzeko orrialde kopurua handitu egin da; lehenengo urteetan, urtero 420 orri argitaratzen ziren (4 orri inguru zenbaki bakoitzeko), 1990ean, 5.080 urtero (32 orri aldizkari bakoitzeko), 2000n 10.500 (67 orri batez beste), eta 2009an 16.400 (104 orri batez beste). Izatez, aldizkari batzuk oso luzeak zirenez, 1993an hizkiaren neurria txikitzea erabaki zen, orrialde kopurua ez handitzeko. Hala ere, argitaratutako orri kopuruak gora egiten jarraitu du.

19.000 erabiltzaile erregistratuta

2011tik aurrera NAO astelehenetik ostiralera argitaratuta, Nafarroako Foru Administrazioak sortutako informazioa bat-batean transmititu nahi da, eta herritarren artean teknologia berriak zabaltzeari erantzuten dio.

Aldizkaria digitalizatuta dirua aurreztu da eta gehiago zabaldu da, orain sarbidea doakoa delako. Gainera, internetetik kontsultatu daitekeenez, bilaketak eta kontsultak errazago egin daitezke. Papera desagertuta, 2008an argitalpen honen ediziorako erabiltzen ziren 546.700 euroetatik 2010ean 10.500 euro gastatzera igaro zen, NAOren Zerbitzurako, Nafarroako Artxiborako eta Artxibo Administratiborako argitaratzen diren gaztelaiazko hiru aleak eta euskarazko hiru aleak ateratzeko. Paperean bost zenbaki ateratzeak 700.000 euroko gastua eragingo luke.

Argitapen digitalari esker, dirua aurreztu, aldizkakotasuna handitu eta Administrazioak sortutako informazioa azkarrago argitaratu daiteke. Gaur egun, NAOren interneteko bertsioak hilean 220.000 bisita inguru izaten ditu eta batez beste milioi bat orrialde kontsultatzen dira. Argitalpen horretako sarbide pertsonalizatuaren zerbitzuan, NireNAO, 19.000 erabiltzaile daude erregistratuta gaur egun, eta 2008ko abenduan 12.500 ziren. Baliabide horrek gaur egun 11.100 alerta pertsonalizatu eskaintzen ditu (2008ko abenduan 6.100 ziren) eta 28.600 dokumentu ditu gordeta (duela bi urte 16.000 ziren).

Zifra horiek 1996koetatik asko urruntzen dira. Urte hartan, paperezko bertsioarekin batera interneteko bertsioa abian jarri zen. Orduan 7.000 ale argitaratzen ziren gaztelaniaz eta 1.000 euskaraz. Kopuru hori heren batera murriztu zen inprimatutako modalitatea desagertu zenean, 2009ko uztailean. Horrez gain, teknologia berriei esker komunikazio bidea hobetu egin da NAOn argitaratzeko iragarkiak bidaltzen dituzten 800 erabiltzaileekin, komunikazio sistema seguruaren bidez, sinadura digitalarekin, prozesu guztia erraztuz.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa