(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan giltzurruneko 25 transplante, gibeleko 17 transplante eta bihotzeko 10 transplante egin ziren 2010ean astelehena, 2011.eko urtarrilak 3

Ehun pertsona baino gehiago daude organo bat jasotzeko zain


Kirofanoa

Kirofanoa interbentzio batean.

Nafarroan, 2010ean, giltzurruneko 25 transplante (1 organo-emaile bizidunarengandik), gibeleko 17 transplante (2 organo-emaile bizidunengandik) eta bihotzeko 10 transplante egin dira. Hala adierazi du gaur goizean prentsaurrekoan Juan José Unzué Gaztelu medikuak, Foru Komunitateko transplanteen koordinatzaileak.

Zifra horiek ikusita, giltzurruneko eta gibeleko transplanteek behera egin dute 2009. urtearekin alderatuz gero. Hain zuzen ere, urte horretan giltzurruneko 33 transplante eta gibeleko 24 transplante egin ziren. Bihotzeko transplanteen kopuruak bakarrik egin du gora: 10 2010ean eta 6 2009an. Bestalde, 4 pertsona daude bihotza jasotzeko zain, 20 gibeleko transplantearen zain eta 90 giltzurruneko transplantearen zan. Azken horietako 7k medikuaren aldi baterako kontraindikazioa dute.

2010ean 25 heriotza entzefaliko gertatu ziren guztira Nafarroako ospitaleetan (garuneko jarduera erabat eta modu itzulezinean amaitzen da, baina gorputzak organoak eman ditzake) eta pertsona horietatik 18 benetako organo-emaileak izan ziren. Izan ere, bost kasutan medikuaren kontraindikazioa zegoen eta bi kasutan familiak ezezkoa eman zuen. Modu horretan 32 giltzurrun, 18 gibel, hamar birika, hiru bihotz eta bost pankrea lortu ziren.

Ehunei dagokienez, 123 kasutan organoak emateko aukera antzeman zen, baina 24 kasutan baino ez zen benetan egin. Horri esker, 48 kornea lortu ziren, 17 Nafarroan transplanteak egiteko, 27 autonomia-erkidegotik kanpo eramateko eta 5 azterketa zientifikoetarako. Gainera, 17 hezur eta 6 garun ikerketara bideratu ziren. Era berean, 4 haurren kasuan organo ugari emateko aukera ikusi zen, baina azkenean ez ziren bideragarriak izan. Bestalde, Nafarroako osasun sare publikoan 6.000 erditze baino gehiago egon ziren, eta 565 kasutan zilbor-hesteko odola eman zen.

Ebakuntzak egiten dituzten ospitaleei dagokienez, Foru Komunitatean Nafarroako Ospitale Guneko A zentroan organoak lortzen dira (iraganean Nafarroako Ospitalea zena), pertsonaren garun-heriotza egiaztatzen denean, eta ehunak (batez ere korneak, hezurrak eta bihotz balbulak), NOGeko B zentroan (iraganean Virgen del Camino ospitalea zena). Transplanteak Nafarroako Klinika Unibertsitarioan (gibela, bihotza eta giltzurruna) egiten dira, eta ehunen transplanteak, zentro guztietan.

Bizidunen artean organoak ematea

Unzué doktoreak gaur goizean azaldu duenez, hildakoak dituzten trafiko-istripuen kopuruak behera egin duenez, hildako gazte eta osasuntsuengandik organo gutxiago lortzen dira. Modu horretan, 90eko hamarkadan organo-emaile gehienen heriotzaren arrazoia trafiko-istripuak ziren, eta azken urteetan garuneko hodietako istripuak. Horren guztiaren eraginez, gaur egun organo-emailea zaharragoa da.

Hori dela eta, osasun arloko profesionalek bizidunen artean organoak ematera animatzen dute, batez ere gibeleko eta giltzurruneko transplanteen kasuan. Lehenengo kasuan organoaren zati baten transplantea egiten da eta organoa ematen duenarengan berez birsortzen da; eta bigarren kasuan, bi giltzurrunetako baten transplantea egiten da, bakar batekin bizitzea posible baita. Organo-emateak "zuzenduak" izaten dira, hau da, normalean familiakoen edo loturaren bat duten pertsonen artean egiten dira, kasuak batzorde etiko batek eta epaile batek ebaluatu ondoren. Azpimarratzekoa da organo-emate arruntak anonimoak eta eskuzabalak direla beti.

Nafarroan, giltzurruneko lehen transplantea 1969an egin zen eta ordutik mota horretako 805 transplante egin dira; gibeleko lehen transplantea 1990ean egin zen eta gaur egunera arte 391 transplante egin dira Foru Komunitatean. Bihotzeko transplanteei dagokienez, 1984an mota horretako lehenengo transplantea egin zen eta orain arte mota horretako 271 ebakuntza egin dira Nafarroan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa