(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakaria FITUR azokako Nafarroako standean izan da osteguna, 2011.eko urtarrilak 20

Aurtengo berritasun nagusia da kanpoaldean Kukuxumusuk egindako sustapen kanpaina berriko irudiak jarri dituztela


Nafarroako agintariak eta standean antzezpen bat egin zuten mosketariak. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma, Fitur Nazioarteko Turismo Azokako foru erkidegoaren standean izan da gaur goizean, Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpasekin batera; azoka Madrilgo Juan Carlos I azoka esparruan dago (hilaren 19an hasi zen eta 23an amaituko da).

Sanz 11.00etan heldu da azokara eta IFEMAko (Madrilgo Azokako) Zuzendaritza Batzordeko buruak, Jose Maria Alvarez del Manzanok, egin dio harrera.

Gero Nafarroako standera joan da (7. pabilioia, 7C08 zenbakia) eta agurtu ditu Nafarroako Parlamentuko presidentea, Elena Torres; Iruñeko alkatea, Yolanda Barcina; Nafarroako Gobernuaren Madrilgo ordezkaria, Salvador Estevanez; eta azokan zeuden beste agintari eta enpresaburu batzuk, besteak beste: Maria Jose Fernandez eta Juan Moscoso diputatu nafarrak; Francisco Javier Sanz eta Patxi Tuñon senatariak; eta Koldo Amezketa (NaBai), Ana Figueras (IU), Sergio Sayas, Reyes Carmona eta Carmen González (UPN) eta Maria Gracia Iribarren, Samuel Caro eta Maria Victoria Arraiza (PSN) parlamentariak. Gero, haiekin guztiekin egin du standean bisita.

Azokan, lehenbiziko hiru egunak turismo arloko profesionalentzat dira; asteburuan irekitzen dute herritarrentzat. Guztira 75.000 metro koadro dauzka; aurten 124.644 profesionalek parte hartuko dute eta 7.352 kazetariri eman diete egiaztagiria; iaz 166 herrialde edo eskualdetako 10.966 enpresek parte hartu zuten.

Nafarroako standean funtsezko turismo proposamenak jarri dituzte erakusgai:

kultura eta natura turismoa eta "Nafarroak doan hartzen zaitu" programa.

Sanz Lehendakariak nabarmendu du Nafarroan turismo produktu berriak eskaintzen ditugula urtero

Standera bisita egin ondoren eta ekitaldi ofizialaren aurretik, Sanz Lehendakaria foru erkidegoarekin lotura duten hotel kateen (NH, ABBA, ZENIT eta AC) standak ikustera joan da, eta AC kateak eta Marriot enpresak sinatu duten hitzarmenean parte hartu du; enpresaren ordezkari gisa joan dira Antonio Catalan eta Emy McPherson.

Ekitaldi ofizialean Turismo zuzendari nagusia, Carlos Erce, izan da zeremonia maisua. Lehendabizi Corpas kontseilaria eman dio hitza, eta hark esan du Fitur azoka aukera paregabea eskaintzen duen erakustokia dela, eta Nafarroa proposamen interesgarriekin eta publizitate kanpaina berri batekin heldu dela.

Corpasek honako hau esan du Nafarroako turismo sektorearen gainean: "Dinamikoa, eredugarria eta aktiboa da. Krisiari beste inork baino hobeto egin dio aurre. Ez da egon enplegua erregulatzeko espediente bat ere, ez da enpresarik itxi, ez da langilerik kaleratu; aitzitik: krisia enplegu eta aberastasun iturri izan da".

Kontseilariak sektore turistikoak krisiari aurre egiteko antolatutako "Nafarroak doan hartzen zaitu" sustapen kanpainako berritasunak aurkeztu ditu; besteak beste, aurten diru-laguntza handiagoa emango dute: 2,2 milioi euro, hain zuzen.

Azkenik, kontseilariak Nafarroako turismo proposamen berriak eman ditu ezagutzera. Alde horretatik, Pilotaren Bide berria eta Pilotaren Museoa nabarmendu ditu; museoa aurten jarriko dute martxan, eta haren gainean esan du pilota jokoa Nafarroak "berezko kirola" duela eta Nafarroan beste erkidego batzuetan galdu egin diren modalitate batzuk bizirik dirautela.

Gero Iruñeko alkateak, Yolanda Barcinak, hartu du hitza. Hark azpimarratu du Iruñean eta Iruñeko eskualdean duela hamar urte 18 hotel zeudela eta orain 39 urte daudela, ostatu gauen kopuruak %1,2 egin duela gora, eta turista gehiago etorri direla Nafarroara, batik bat Frantziatik eta Alemaniatik.

Alkateak esan du, gainera, martxoan Iruñeko harresien interpretazio zentroa irekiko dutela.

Parlamentuko presidenteak ere agurtu du ekitaldira bertaratu den jendea, eta Sanz Lehendakariari eman dio hitza. Lehendakariak kanpaina berriko lema, "Etortzen bazara, geldituko zara", nabarmendu du, eta esan du "harrigarria" dela "Nafarroak Fitur azokan urtero turismo produktu desberdinak eskaintzea".

Horren harian zera esan du: "Nafarroak gauza berriak, ekimen turistiko berriak, zentro tematiko berriak sortzeko ahalmen handia dauka; eta gainera, munduari erakusten dio erkidego irekia, solidarioa eta turismo aukera handiduna dela".

Ekitaldi ofiziala girotu dute, batetik, Pablo del Mundillok, Arellanoko musen herriko enperadore erromatarrarena egin baitu; eta bestetik, Biarnoko eta Gaskoniako Mosketarien Elkarteko hiru mosketarik. Mosketariek esan dute Erriberriko gazteluan geratu direla "bizitzen".

Bertaratuek, gero, Cadreitako Marisol jatetxeak eskaini duen janaurrekoaz gozatu dute

.
Nafarroako standa

Standaren kanpoaldea, kanpaina berriko irudiekin. ( irudia handitu )

Nafarroako standa

Foru erkidegoko standak 500 metro koadro dauzka; 7. pabilioian dago, 7C08 zenbakian.

Aurtengo erakargarri nagusiak dira Kukuxumusuk egin duen sustapen kanpaina berriko irudiak; izan ere, kanpoaldean jarri dituzte eta proposamen turistikoak modu atsegin eta dibertigarrian ematen dituzte ezagutzera. Goialdeko hegaletan kanpainako marrazki bizidunak daude erliebean, eta landare edarrapian animalia txikiak daude inguru guztian. Standa Eventos Zunzarren enpresak muntatu du. Sei informazio erakusmahai daude, eta barruan frontoia. Han, pilotari profesionalek Pilotaren Bidea aurkeztuko dute. Pilotaren Bidea foru erkidegoko 40 herri hartzen dituen turismo, kultura eta kirol ibilbide seinaleztatu bat da; asmoa da bisitariei Nafarroako pilotaren historia, pilota modalitate guztietako protagonistak eta frontoi garrantzitsuenak ezagutzera ematea.

Standean daude, baita ere, taberna bat (Nafarroako produktuak dastatzeko), aurkezpen profesionalak egiteko eremu bat eta 3D ikus-entzunezkoa emateko espazio bat (ikus-entzunezko hori D4D enpresak egin du).

Alde horretatik, Nafarroako produktu turistiko nagusien berri ematen ari dira: Pirinioak, Santiago Bidea, San Fermin jaiak eta entzierroa, eta Pilotaren, Karlismoaren, Sorginen eta Hemingwayren bideak.


Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa