(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitale Guneko C pabilioiaren lanak aurtengo urtearen amaieran amaituko dira osteguna, 2011.eko urtarrilak 20

ZIU berria, bi kirofano gehiago eta zenbait ospitaleratze unitate eta zerbitzu anbulatorio hartuko ditu


Kutz kontseilaria, Fernando Boneta NOGeko zuzendari kudeatzailea eta C pabilioiko osasun arduradunak, kanpoaldean. ( irudia handitu )

María Kutz Osasun kontseilariak Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) C pabilioiaren zabaltze eta birmoldatze lanak bisitatu ditu, iraganeko Nafarroako Ospitalearen (A zentroa) esparruan. 23.555.527 euroko esleipen kostuarekin, esku-hartze hau Nafarroa 2012 Planean ezarritako lehentasunezko jardunetako bat da. Eraikin berrian ZIU berria, bi kirofano gehiago, zenbait zerbitzu anbulatorio eta zenbait ospitaleratze unitate egongo dira.

Bisitan, kontseilariak alboan izan ditu NOGeko zuzendaritza taldeko kideak eta pabilioi honetan kokatuko diren asistentzia-zerbitzuetako medikuntza-arduradunak. Kontseilariak ospitaleratze solairu bat, ZIU berria, kirofanoen ingurua eta A pabilioira joateko pasabidea bisitatu ditu. Era berean, pabilioiaren atzeko fatxada ikusi du, eraikin zaharretik kontserbatu den osagai arkitektoniko bakarra, lan berrian integratu dena.

 

Fernando Boneta, Manuel Enríquez arkitektoa eta Kutz kontseilaria, C eta D pabilioien arteko komunikazio inguruan. ( irudia handitu )

Proiektu honen egileak José María Errea, Javier Barcos eta Manuel Enríquez dira eta ACR, S.A. eta SURIS, S.L. enpresei esleitu zitzaien 23.555.527 euroren truke. Lanak 2008ko azaroan hasi ziren eta, aurreikuspenen arabera, 2011. urtearen amaieran amaituko dira. Une horretan, eraikin berrian ekipamendu teknikoak eta altzariak jarriko dira eta 2012ko lehen seihilekoan jarriko da abian. Azalera erabilgarri osoa 14.867 m2-koa da, eta azalera eraikia 17.270 m2-koa. Gaur egun, lanen %63 gauzatuta dago.

Eraikin berriaren ezaugarriak eta banaketa

Eraikinaren ikuskera arkitektonikoak C pabilioiko ereduari jarraitzen dio. Pabilioi zaharren kontserbazioa eta horien nahitaezko berrikuntza bateratu nahi dira, jatorrizko eraikinari oin berriko eraikina gehituz eta modu horretan eraikinaren zabalera bikoiztuz. Horrela, zerbitzuen barruko banaketa modu eraginkorragoan konpontzen da, eta batez ere, ospitaleratze unitateena. Horrez gain, pabilioiaren ekialdeko fatxada osoa mantendu da eta eraikin berrian integratu da. Eraikina, funtzionala izateaz gain, erabiltzaileentzat erraz ulertzeko modukoa izatea nahi izan da, eta lehentasuna eman zaio espazio guztien gehiengo irisgarritasunari, oztopo arkitektonikoak kentzeko araudia zorrotz beteta.

Gela guztietan eta komun guztietan desgaitasuna duten pertsonak sartu daitezke. Ahal izan den guztietan, espazioetan argi naturala sartu da. Ildo horretatik, ospitaleratze solairuak nabarmendu behar dira, horietan barruko patioak aurreikusi baitira. Patio horiek, ingurumen kalitate handiagoa emateaz gain erabiltzaileen orientazioa eta profesionalen kontrol eginkizunak erraztuko dituzte.

Beheko solairuan, pazienteentzat irisgarritasun eta erosotasun handiagoa lortzeko, jarduera anbulatorio guztiak taldekatu dira, hain zuzen ere: Digestio Zerbitzua, Eguneko ospitale onkologikoa, kirurgia anbulatorioko iratzartzeko gelak eta digestio miaketetarako gelak. Zehatz esanda, miaketa digestiborako sei sala, kirurgia anbulatorioko eta miaketa digestiboetako iratzartzeko hamazortzi box indibidual, tratamendu onkologiko luzeetarako hamar box, tratamendu laburretarako bederatzi (bakoitzak lau besaulkirako lekua du), medikuntzako eta erizaintzako hamaika kontsulta eta kasuan kasuko lan inguruak aurreikusi dira.

Sarbide kontrola zein erizaintzako lan ingurua erkideak dira; gainera, paziente onkologikoen egoera berezia kontuan hartu da eta sarbide berezitua ezarri da kasu honetan intimitatea errazteko. Era berean, planta horretan itxarongela berezituak jarri dira masifikazioa saihesteko eta pazienteei informazioa emateko salak, baita profesionalen lanean laguntzeko zenbait gela ere.

Beheko solairuan egindako jardunak pabilioiaren mugak gainditu ditu. Bide batez, ospitalearen beheko solairuko barruko joan-etorriak argitu dira, sarrera nagusiaren eta atzeko aldearen arteko lotura hobetuz. Alboko sarrera berria sortu da, D pabilioiko portxean zehar.

Lehen solairuan ZIU berria dago, 20 m2-ko hogeita lau boxekin. Boxetan hobekuntzak egin dira, besteak beste, profesionalen lan ingurua eta familiakoak sartzeko ingurua bereizi baitira, pazienteak zirkuitu independente batetik bisitatu ahal izateko. Barruan lan egiteko ingurua ere badu, box guztietara zuzeneko sarbidea duena, pazienteen kontrola eta zuzeneko artapena erraztuz. Profesionalentzako ingurua aurreikusi da, medikuentzako eta erizainentzako salekin, baita guardiako langileentzako logela berriak ere. Ospitaleratuen familiakoei informazioa eta artapena eskaintzeko lokalen hornikuntza asko hobetu da. Jardun osagarri moduan, larrialdietatik sartzeko zirkuitu berria antolatu da eta pabilioien arteko komunikazioa hobetu da, C eta A pabilioien artean goiko pasabide bat sortuta. Hain zuzen ere, A pabilioian Larrialdien Zerbitzua dago gaur egun.

Solairu honetan D pabilioiko jarduna aprobetxatu da, ospitalearen inguru kirurgikoaren mugakidea dena. Bi kirofano berri egin dituzte, eta horietako batean ebakuntza barruko erresonantzia egiteko aparatua jarri da, neurokirurgiarako.

Bigarren eta hirugarren solairuak ospitaleratzera bideratuta daude. Bigarren solairuan, Onkologia eta Endokrinologia zerbitzuak biltzen dituen horretan, hamasei logela indibidual eta hamabi bikoitz proiektatu dira, guztiak komunarekin, baita erizaintzako kontrolak eta medikuentzako eta erizainentzako lan espazioak ere. Gainera, bi logela indibidual daude iodo 131rekin eta beste isotopo erradiaktibo batzuekin egindako tratamendu metabolikoetarako, beharrezko zuzkidura guztiekin. Era berean, pazienteentzako eta familiakoentzako informazio salei arreta berezia eskaini zaie.

Hirugarren solairuan Hematologia eta Erreumatologiako ospitalizazioa egongo da. Leku horretan hogeita bi logela indibidual eta sei bikoitz aurreikusi dira eta, gainera, lau bakartze gela daude paziente hematologikoentzat. Gainerako zuzkidurak beheko solairukoen antzekoak dira.

Sotoan lau aldagela independente aurreikusi dira 1.350 langilerentzako edukierarekin, baita biltegiak, hondakinen zentrala, hornikuntza kaia eta beste lokal lagungarri batzuk. Eraikinaren instalazio orokorrak teilatuan daude.

Dokumentazioa:
Datos, planos e imágenes del Pabellón C

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa