(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak 2009an Martin Azpilicueta saria irabazi zuen liburua argitaratu du, Juan Cruz Allik Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoen gainean idatzitakoa, hain zuzen asteazkena, 2011.eko urtarrilak 26

Pro Libertate bildumako 22. zenbakidun liburuan azaltzen da foru erkidegoko eredu ekonomikoa 1841etik hona nola bilakatu den


Juan Cruz Alli

Juan Cruz Alli, Pro Libertate bildumako liburu berriaren egilea. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Herri Administrazioaren Institutua medio, Juan Cruz Alli Arangurenen (Iruña, 1942) "Convenios económicos entre Navarra y el Estado. De la soberanía a la autonomía armonizada" liburua argitaratu du. Alli Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Zuzenbideko irakasle titularra da, eta obra horrekin Martin Azpilicueta saria irabazi zuen 2009an.

Liburua gai juridikoei buruzko Pro Libertate bilduman sartu dute, 22. zenbakiarekin (918 orrialde dauzka); bilduma horretan Alliren beste lan batzuk ere badaude: "Manual de Derecho Urbanístico de Navarra" eta "El Derecho Forestal de Navarra".

Lan horrek Martin Azpilicueta sarien laugarren edizioko lehiaketa irabazi zuen. Sari horiek Nafarroako Gobernuak sortu zituen, Nafarroako herri administrazioaren jarduerari, sektore publikoari eta foru zuzenbide zibilari buruzko azterlanak sustatze aldera.

Allik, oraingoan, Nafarroako ekonomia gestionatzen ereduaren bilakaera historikoa aztertu du: Antzinako Erregimeneko Ogasunaren krisia gertatu eta 1841eko Lege Itundua abian jarri zutenetik gaur egun arte, hau da, Europar Batasunaren esparruan Luxenburgoko Justizia Epaimahaiak ezarritako jurisprudentziari jarraiki aurrera eramaten ari diren zerga harmonizazio prozesura arte eredu hori nola bilakatu den analizatu du.

Irakasleak aztertu ditu, halaber, garai liberaleko hitzarmen ekonomikoak (1849 eta 1877), Primo de Riveraren diktaduran indarrean zegoen hitzarmena (1927koa), Bigarren Errepublikakoa, Francoren diktaduran adostutako hitzarmen ekonomikoak (1941 eta 1969) eta demokrazia garaian landutakoak, batik bat 1990eko ituna eta dagozkion erreformak (1193, 1998, 2003 eta 2007).

Liburuan azaldu ditu azken 170 urteetan zerga arloan izan diren aldaketen alderdi teknikoak eta Estatuarekin adostutako itun ekonomikoen testuinguru historikoa; halaber, garai horretan izandako aldaketa politiko eta sozialak aztertu ditu.

Allik berak argitu duen moduan, lanaren asmoa zen Nafarroako hitzarmen ekonomikoen bertsioen "benetako irudia" azaltzea eta hitzarmen horien "historia, erakunde, finantza, kultura eta gizarte" arloko testuinguruaren berri ematea; izan ere, bere iritziz, arlo horiek ezinbestekoak dira hitzarmenen "bilakaera eta edukia ulertzeko".

"Era horretan bakarrik ulertu daiteke hitzarmenen bilakaera eta edukia. Hitzarmenek ahalbidetu dute Nafarroako erreinuaren subiranotasun historikotik autonomia harmonizaturako bidea egitea. Izan ere, ekonomiaren gestioa Estatuarekin bateratu zen aurrena, eta orain Europar Batasunarekin bateratzen ari gara", esan du Allik.

Hala, legelari nafarrak sistemaren bilakaeran ardatz izan diren testu legalak, ekonomia doitzeak eta zerga aldaketak aztertu ditu, eta dagozkien testuinguruak azaldu ditu, hainbat gertakariren bitartez: Gamazada, hau da, foruak indargabetzeko saioaren kontra 1893an herriak emandako erantzuna; Bigarren Errepublikako bost urteetan (1931-1936) gizarte tirabira artean Nafarroak ekonomia bereziari eutsi izana; Espainiako gerra zibilaren ondorengo eskasia eta irudi berrien ezarpena (foru erkidegoak eutsi egin zion bere gestio ereduari); eta demokrazia ezarri ondoren itunak eguneratzeko eta modernizatzeko egin zituzten negoziazioa, besteak beste

.

800 ale

Liburuari Eugenio Simon Acostak, Finantza eta Zerga Zuzenbideko katedradun eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, egin dio hitzaurrea. Hark nabarmendu du obrak "bibliografia espezifikoaren eskasia" arintzen duela eta balio zientifikoa ematen diela duela 40 urtera arte Nafarroak eta Estatuak zeuzkaten hitzarmen ekonomikoei. Izan ere, gaiari buruzko azterlan asko "azaltzen dituzten gertakarietako protagonistek" egin dituzte eta "bihotzarekin idatzita daude, buruarekin baino gehiago".

Simon Acostak nabarmendu du Alliren lanak "egitura dokumental trinkoa" duela, eta ikusten dela egileak "Nafarroako historiari, erakunde juridiko, politiko eta administratiboei eta zerga sistemari buruzko jakintza sendoa" daukala, hitzarmenen muina egoki ulertzeko ezinbestekoa den jakintza.

Hitzaurreak dio, alde horretatik, lanak "idatzi apologetikoen aurrean kuantitatiboki gailentzen ari diren lan zientifiko zorrotz, arrazoitu eta arretaz eginikoen multzoa handitu" duela.

Acostak azpimarratu du, gainera, egileak zehatz-mehatz aztertu duela Nafarroako hitzarmen ekonomikoa, eta "arinkeria soberanistak" alde batera utzita analizatu dituela foru sistemaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen ekonomikoaren arteko aldeak. Acostaren iritziz, Nafarroako eredua "zaharragoa da eta oinarri juridiko eta historiko sendoagoa dauka".

NAPIko zuzendari gerentea, Gregorio Eguilaz, Alliri Martin Azpilicueta Saria eman zion epaimahaiko kide izan zen, eta liburuaren aurkezpenean azaldu du egileak "beste inork bezala ikertu duela hitzarmen ekonomikoa".

Interesatuek Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuan eros dezakete liburua, 21 euroan; guztira 800 ale argitaratu dituzte


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa