(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilaria Iruñeko katedraleko kanpaiak igotzeko ekitaldian izan da osteguna, 2011.eko otsailak 10

Azkena Gabriela kanpaia igo dute, neurri eta pisu aldetik bigarrena: 167 zentimetroko diametroa eta 2.700 kilo dauzka


Gabriela kanpaia Iruñeko katedralaren hegoaldeko dorrera igo dute.

Corpas kontseilaria, Barcina eta Carlos Ayerra deana, Gabriela kanpaia igotzeko ekitaldian. ( irudia handitu )

Iruñeko katedraleko kanpandorrera Gabriela kanpaia igo dute azkena, neurri eta pisu aldetik bigarrena (167 zentimetroko diametroa eta 2.700 kilo dauzka); guztira hamaika ezkila zaharberritu eta igo dituzte, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak.



Kanpaia gaur goizean igo dute, eta ekitaldira bertaratu dira Juan Ramon Corpas, Kultura eta Turismo kontseilaria; Yolanda Barcina, Iruñeko alkatea; Gabriel Morate, Caja Madrid Fundazioko Ondare Historikoaren Zaintza Programako zuzendaria (Fundazioak finantzatu du lanen parte handi bat); eta Carlos Ayerra, Iruñeko katedraleko deana.

Fatxadaren kanpoaldea garbitu eta zaharberritu ondoren igo dituzte Alemanian eta Valentzian zaharberritu dituzten eta orain arte Artxidiakonotzaren Patioan jendearentzat erakusgai egon diren ezkilak.

Azkena Gabriela kanpaia igo dute, neurri eta pisu aldetik bigarrena (167 zentimetroko diametroa eta 2.700 kilo dauzka). Leku berri batean jarri dute, hegoaldeko dorrean, hain zuzen, hala erabaki baitzuten zaharberritze proiektuan, liturgia deietan erabiltzeko aukera izan dezaten, bai eskuz, bai mekanikoki.

Iparraldeko dorrean utzi dituzte Maria kanpaia (handia eta pisua delako han bertan zaharberritu dute) eta orduen eta laurdenen kanpaiak.



Ezkilei jatorrizko soinua emateko, Alemanian eta Valentzian lan hauek egin dituzte: soldatzea, hautsita egonez gero; kanpoaldetik eta barrualdetik garbitzea, antzinako idazkiak errespetatuta; jatorrizko elementu guztiak zaharberritzea (zurezko kanpai etxeak, burdineria), salbu arrazoi akustiko, tekniko edo segurtasunezkoengatik aldatu egin behar izan badituzte; eta deiak eskuz eta mekanikoki egiteko mekanismoak instalatzea.

Iruñeko katedraleko kanpaien multzoak ez dauka parekorik estatu osoan. Ezkilak, gainera, oso zaharrak dira, batik bat iparraldeko dorrekoak eta Gabriela kanpaia, XVI. mendekoak baitira. Horietatik batek bakarrik dauzka tradizioz inskribatzen zizkieten letra gotikoak; gainerako hiruen inskripzioak letra larriz eginda daude. Hegoaldeko gainerako kanpaiak XVII., XVIII. eta XIX. mendekoak dira, berriena 1836koa.

Iruñeko katedraleko fatxada zaharberritzeko kultura proiektua

Orain fatxadaren barrualdea egikaritzeko proiektua azkentzen ari dira (museoa izango da).

Proiektuaren aurrekontua 4.291.304 eurokoa da: 2.691.304 euro Caja Madrid Fundazioak jarriko ditu; 900.000 euro Nafarroako Gobernuak; 400.000 euro Iruñeko Udalak; eta 300.000 euro Artzapezpikutzak.

Erakusketa iraunkor bat jarriko dute, 300 metro koadrokoa, eta ikus-entzunezkoekin eta bitarteko grafikoekin (3D infografiak, multimedia aplikazioak, taula interaktiboak, bideoak, obrako piezak eta benetako materialak) honako hauek azalduko dituzte: proiektuaren gorabeherak; obrak arkitektura eta eraikuntza aldetik duen garrantzia, estatuko eta Europako beste obra garaikide batzuekin alderatuta: kanpaien zeregin eta balio kulturala; eta zaharberritze integraleko prozesua.

Espazio horri Fatxadako Fabrika Areto izena jarri diote. Bisitariek, gainera, bi dorreetara igotzeko aukera izango dute; proiektuak, beraz, hiriaren ikuspegi pribilegiatu berri bat sortuko du.

Horretarako, aretoan katedraleko espazio hauek aldatu dituzte: ezkilazainaren etxe zaharraren hiru solairuak, katedraleko eskuinaldeko alboko nabearen teilatupeko espazioa, katedraleko ezkerraldeko alboko nabearen teilatupeko espazioaren gaineko balkoia, dorreen arteko teilatupeko espazioak eta fatxadako elizpeko balkoiak.

Iruñeko katedraleko fatxada zaharberritzeko proiektua inplikatutako lau erakundeek formalizatu zuten 2007ko maiatzean.

Hitzarmenaren helburua zen katedraleko fatxada eta ezkilazainaren etxeko gelak zaharberritzea eta fatxada ondoko espazioak berreskuratzea.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa