(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroaren eta Estatuaren arteko Ekonomia Hitzarmena 2010-2014 aldirako eguneratzeko akordioa sinatu dute asteazkena, 2011.eko otsailak 16

Miguel Sanz Lehendakariak eta Elena Salgado lehendakariordeak aurkeztu dute gaur eguerdian hitzarmen berria


2011ko Ekonomia Hitzarmena

Ekonomia Hitzarmena sinatzeko ekitaldiko buruak Sanz Lehendakaria eta Salgado ministroa izan dira. ( irudia handitu )

Nafarroaren eta Estatuaren arteko Ekonomia Hitzarmena 2010-2014 aldirako berritzeko akordioa gaur goizean sinatu dute, eta ekitaldiko buruak Nafarroako Lehendakaria, Miguel Sanz, eta bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun ministroa, Elena Salgado Mendez, izan dira.

Hitzaldian, Sanz Lehendakariak esan du "Hitzarmena iraunaldiaren lehenbiziko urtean eguneratzen duten lehen aldia" dela, eta horrek erakusten duela "Estatua eta Nafarroako Gobernua eguneratze prozesua bizkorrago eta arinago" eraman nahi dutela aurrera.

Esan du, halaber, emaitzarekin gustura dagoela, berresten duelako "hitzarmena estatuarekiko harremanak arautzeko tresna" dela, eta, gainera, "BEZen tartea izenekoaren desdoitzeak konpondu" dituztelako, "gehieneko portzentaje bat ezarriz, desfase horiek ezegonkortasuna eragin ez dezaten". Lehendakariaren hitzetan: "era horretan, Nafarroa estatuan ekonomia aldetik bideragarria izatea bermatzen da eta, aldi berean, zorraren merkatuan sartzea errazten da eta merkatu horiek Nafarroan uste osoa izaten jarrai dezaten lortzen da".

Sanz Lehendakariak nabarmendu du Ekonomia Hitzarmena ez dela "pribilegio edo eskubide zaharkitu bat, baizik Konstituzioak bermatutako eskubide bat".

Horren harian, honako hau ere esan du: "Espainia osoarekiko elkartasun tresna bat da, Nafarroak estatuaren kargetan ekarpenak egiten dituelako errentaren eta BPGren arabera, eta ez biztanle kopuruaren arabera; biztanle kopuruaren araberako ekarpenak txikiagoak izango lirateke". Azkenik, adierazi du "hitzarmenarekin gustura" dagoela, eta espero duela "Espainiako gainerako erkidegoek ulertzea, ahalik eta modu afektiboenean, Nafarroarentzat autonomia eta autogobernurako ezinbesteko tresna dela".

 

Salgado lehendakariordeak Nafarroako emaitza ekonomikoak goraipatu ditu

Bere aldetik, Salgado lehendakariordeak esan du Ekonomia Hitzarmena eguneratzeak "segurtasuna, lasaitasuna eta egonkortasuna" ekarriko dituela "Nafarroaren eta estatuaren arteko finantza harremanetara, 2014. urtera arte, eta Nafarroan ekonomia hobeto garatzeko tresna" bat dela.

Halaber, Sanz Lehendakaria zoriondu du "Nafarroako emaitza ekonomikoengatik, eta foru erkidegoa oso aurreratuta dagoelako, krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriengatik". Alde horretatik, Salgadok espero du "Nafarroako arrakastak Espainiako ekonomiaren arrakasta ere izatea eta ekonomiaren onbideratzearen eraginak laster ikustea".
2011ko Ekonomia Hitzarmena

Ekonomia Hitzarmena sinatzeko ekitaldira bertaratu direnak. ( irudia handitu )

Testua Hitzarmenaren Koordinazio Batzordeak sinatu du. Batzordeko kideak dira, Nafarroaren aldetik, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla; Politika eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusia, Cernin Martinez Yoldi; Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari gerentea, Jose Ignacio Perez de Albeniz Andueza; Aurrekontu eta Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusia, Camino Bonafaux Martinez; Ekonomia Zerbitzuko zuzendaria, Miren Maite Dominguez Muguiro; eta Arauen Garapen eta Zerga Zerbitzuko zuzendaria, Javier Zabaleta Zuñiga.

Estatuaren aldetik, honako hauek sinatu dute akordioa: Ogasun eta Aurrekontu arloko estatu idazkariak, Carlos Ocaña Perez de Tudelak; Ogasun arloko idazkari nagusiak, Maria Dolores Beato Blancok; Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusiak, Juan Manuel Lopez Carbajok; Autonomia Lankidetzako zuzendari nagusiak, Enrique Ojeda Vilak; eta Autonomia Erkidegoekin eta Toki Erakundeekin Finantza arloa Koordinatzeko zuzendari nagusiak, Alain Cuenca Garciak.

Ekitaldia Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Carlos III.a aretoan egin dute eta bertaratu dira Nafarroako Parlamentuko presidentea, Elena Torres Miranda, eta Hitzarmenaren Negoziazio Batzordean dauden foru erkidegoko Parlamentuko talde guztien ordezkariak:

Yolanda Barcina Angulo (UPN), Fermin Ciaurriz Gomez (NABAI), Roberto Jimenez Alli (PSN), Pablo Archel Domench (IUN) eta Jose Andres Burguete Torres (CDN). Horiez gain, aretoan izan da, baita ere, Nafarroako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria, Salvador Estebanez Eraso.

 

Funtsezko akordioak

Estatuaren eta Nafarroaren arteko Ekonomia Hitzarmena 2010-2014 aldirako eguneratzeko akordioak foru erkidegorako oso garrantzitsuak diren hainbat gai jaso eta zehaztu dituzte, besteak beste:

Nafarroak estatuari egingo dion ekarpen berria kalkulatzeko metodoa, Nafarroak estatuko karga orokorretan izango duen egozte indizea, eta BEZen tartea delakoaren eragin negatiboak gutxitzeko modua.

Sinatu duten dokumentuari jarraiki, 2010-2014 aldian eutsi egingo diote Nafarroak estatuko karga orokorretan duen partaidetzari: portzentajea %1,6koa izango da.

Halaber, Foru Gobernuak iaz bere gain hartu gabeko zerbitzuengatik egin beharreko ekarpena zehaztu dute (2010. urtea hartuko dute bosturtekoaren oinarritzat), baita bosturtekoari geratzen zaion denboran Nafarroak estatuko karga orokorretan egingo duen ekarpena eguneratzeko urteko indizea ere.

Hala, foru erkidegoaren 2010. urteko ekarpena 485 milioi eurokoa izango da.

Ekarpen hori zehazteko erabili dituzten irizpideak dira, besteak beste, Nafarroako Foruzaingoko agente guztien finantzaketa eta estatuak Nafarroari osasun eta mendekotasun arloan egin beharreko ordainketen gaineko akordioei eustea.

BEZen tarteari dagokionez, bi administrazioek adostu dute, Nafarroak proposatuta, tarte horri eustea, baina eragin negatiboak murriztuta, urteko %40ko gehieneko portzentajea ezarrita. Portzentaje horrekin Nafarroak estatuari urtero bueltatu beharreko BEZen gehieneko zenbatekoa argi eta garbi zehaztuko da.

Hala, kendu egin dute 2009an, aurreko bosturtekoaren azken urtean, agerian jarri zen arrisku ekonomikoa; urte hartan, izan ere, BEZen tartearen eragin negatiboak handiak izan ziren.

Azkenik, berretsi dituzte, batetik, Nafarroaren eta estatuaren arteko aurrekontu egonkortasunari buruzko 2009-2011, 2010-2012 eta 2011-2013 aldietarako akordioak; bestetik, 2009ko eta 2010eko ekoizpen inbertsioetarako programak; eta azkenik 2010-2012 aldirako Orekatze Plana. Horiek guztiak sinatuta zeuzkaten Ekonomia eta Ogasun Ministerioak eta foru erkidegoko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, baina Ekonomia Hitzarmenaren Koordinazio Batzordeak berresteko zeuden.

Ekonomia Hitzarmena hurrengo bosturtekorako eguneratzeko akordioari esker, Nafarroaren eta estatuaren arteko finantza harremanak egonkorrak izango dira. Gainera, Nafarroako hurrengo legealdi osoa hartuko du; izan ere, aldaketa garrantzitsurik egin behar ez bada, Ekonomia Hitzarmena eguneratzeko hurrengo negoziazioak 2015. urte amaieratik aurrera egin beharko dituzte, maiatzeko hauteskundeen ondoren hasiko den legealdi berria amaitu eta gero

.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa