(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lagundutako Ugalketa Unitateko instalazio berriek ateak ireki dituzte Ospitale Gunean asteazkena, 2011.eko otsailak 23

Urtero ugalkortasun arazoak dituzten 750 bikote artatzen dituzte


Kutz kontseilaria eta Boneta, Lagundutako Ugalketa Unitateko ekipoarekin. ( irudia handitu )

María Kutz Osasun kontseilariak Nafarroako Ospitale Guneko Lagundutako Ugalketa Unitateko instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean, Virgen del Camino ospitale ohiko sotoan kokatuta daudenak. Bisitan alboan izan ditu Fernando Boneta NOGeko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ezcurdia Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua (unitatea horren mende dago) eta Jesús María Zabaleta unitateko arduraduna.

Orain abian jarri diren instalazioetara 840.000 euro bideratu dira. Aurretik zeuden zerbitzuak zabaldu, hobetu eta zentralizatu nahi izan dira, Príncipe de Viana Kontsulta Zentroan eta ospitaleko hainbat gunetan sakabanatuta baitzeuden. Aurreikuspenen arabera, instalazio hauetan hiru edo lau ginekologo, urologo bat, anestesista bat, biologo bat, lau OLT/EUD, zaindari bat eta laborategiko langileak egongo dira.


Lagundutako Ugalketa Unitateko kirofanoa. ( irudia handitu )

Une honetatik aurrera, Lagundutako Ugalketa Unitateak 355 m2 erabilgarri ditu ospitale guneko erdi-sotoan. Hiru inguru berezitu izango ditu: bata pazienteak sartzeko, bestea kirofano/laborategiena eta bestea laguntzekoa.

Lehenengo inguruan itxarongela, laginak lortzeko aretoa, lau kontsulta eta administrazio kontrolerako ingurua daude. Kirofanoen/laborategien inguruan puntzioen aretoa edo kirofanoa (folikuluen likidoa ateratzeko zein enbrioien transferentziarako), iratzartzeko aretoa (lau pazienterentzat lekua du), andrologia laborategia eta IVE laborategia (in vitro ernalketa) daude. Amaitzeko, laguntzeko inguruan osasun-langileentzako gelak, zaborren gela, biltegia eta garbiketa gela daude.

Urtero 750 bikote artatzen dituzte

Urtero Lagundutako Ugalketa Unitatera 750 eta 800 bikote bitartean joaten dira Iruñea eta Lizarra osasun-esparruetatik ugalkortasun arazoak artatzeko (umea sortzeko ezintasuna, behin eta berriro abortatzea, etab.). Herritarren %15ek gutxi gorabehera ugalkortasun arazoak ditu. Gizarte-aldaketen eraginez bikote gero eta gehiagok planteatzen dute arazo hori, ez antzutasuna eragiten duten gaixotasunek gora egin dutelako, umea sortzeko unea asko atzeratu delako baizik. Lagundutako Ugalketa Unitateak gaur egun ugalkortasunari buruzko ikerketa osoa egiten du eta bikoteei tratamendu modalitate desberdinak proposatzen dizkie (kirurgia, obulazioaren estimulazioa, intseminazio artifiziala eta in vitro ernalketa). Tratamendua hautatzeko baldintza nagusiak emakumearen adina eta antzutasunaren iraupena dira.

Antzutasunaren kirurgia: Urtero 150 emakume inguru operatzen dituzte antzutasuna dela-eta, arazo hori konpontzeko zein antzutasuna baldintzatzen duten beste faktore batzuk hobetzeko. Kirurgiaren ostean askok ugalkortasuna berreskuratzen dute baina beste batzuek tratamendu gehigarria behar izaten dute. Emakumeen kasuan gehien antzematen diren arazoak endometriosia eta tronpen eginkizunean alterazioak egotea dira, aurreko infekzioren batek eragindakoak. Kirurgiaren ostean, haurdunaldien tasa oso aldakorra da, datuak oso desberdinak baitira, baina %20-50 bitartekoak dira.

Obulazioaren indukzioa: Obulatzeko arazoak dituzten emakumeen kasuan, lehenengo tratamendua obulazioaren indukzioa da. Arrakasta tasa pilatua %60 ingurukoa da. Pilulen bidez, injekzioen bidez edo modu konbinatuan egin daiteke.

Tratamendu horiek monitorizazioa eskatzen dute, ekografien bidez (2-3 egunik behin), eta batzuetan odol-analisiak egin behar dira folikuluen hazkundea, kopurua eta obulazioaren unea ikusteko. Tratamenduaren modurik errazenean, sexu-harremanak obulazioa lortuko den egunetara bideratzen dira.

Normalean, gainerako ugalketa tratamenduek (intseminazio artifiziala, in vitro ernalketa) obulazioaren aurretiazko estimulazioa eskatzen dute emaitza optimizatzeko (hardunaldiaren tasa handitzen da). Obulazioa induzitzen denez, teknika hauetan oso ohikoak dira haurdunaldi anizkunak (%10 intseminazio zikloetan eta %20 in vitro ernalketen zikloetan).

Intseminazio artifiziala: Arazoa semenaren kalitatea denean, bikoteak intseminazio artifiziala egin dezake. Horretan, semena hobetu egiten da eta umetokian zuzenean sartzen da. Intseminazio zikloaren ondoriozko hardunaldi tasa %10-15 bitartekoa da, eta tasa pilatua 4-6 ziklorekin, %50ekoa. Tratamendu hau jatorri ezezaguneko antzutasun kasuetan, edometriosi arinaren kasuetan eta beste patologia batzuetan ere erabilgarria da.

Gaur egun, intseminazio artifizialaren 500-600 ziklo egiten dira urtero.

In vitro ernalketa: Intseminazio tratamenduak porrot egiten duenean edo antzutasunaren arrazoia larria denean, in vitro ernalketa egiten da. Teknika hau tronparik ez zuten emakumeen edo funtzionatzen ez zuten tronpak zituzten emakumeen arazoa konpontzeko garatu zen. Obulua obulutegitik zuzenean laborategiko saio-hodietara igarotzen dira. Horretarako, obulutegietan puntzioa egiten da, anestesia orokorra erabiliz. Laborategian obuluak semenarekin ugaltzen dira, enbrioiak sortu daitezen. Ziklo bakoitzeko haurdunaldi tasa %30-40 bitartekoa da, eta haurdunaldi tasa pilatua hiru ziklorekin, %80koa.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa