(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak eta Pirinio Atlantikoak departamenduak mugaz bestaldeko lankidetza esparru-hitzarmena sinatuko dute datorren asteartean ostirala, 2011.eko martxoak 4

Hitzarmena enpleguaren, laborategien, industrialdeen, turismoaren, agiritegien, hizkuntzaren eta kulturaren hartu-emanaren, gizarte gaien eta kirolaren arloko lankidetzek osatuko dute


Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak datorren asteartean, martxoaren 8an, mugaz bestaldeko lankidetza esparru-hitzarmena sinatuko dute Pauen. Hasiera batean 3 urtez izango da indarrean eta lankidetzaren helburua bi administrazioen interesekoak diren proiektuak bultzatzea izango da. Bultzatu beharreko proiektu horiek onurak lortu, hurbilekoak izanik harremanak indartu eta bien arteko mugak sortzen duen isolamendu ekonomikoa, soziala eta kulturala ezabatzen lagunduko dute.

Hitzarmenaren testuak, Nafarroako Lehendakariak, Miguel Sanzek, eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteordeak eta ordezkariak, Jean-Jaques Lasserrek (presidentea, Jean Castaings, gaixotasun baten ondorioz eriondo da) sinatuko dutenak, enpleguaren, laborategien, industrialdeen, turismoaren, agiritegien, hizkuntzaren eta kulturaren hartu-emanaren, gizarte gaien eta kulturaren alorreko jarduerak jasotzen ditu.

Pauera joango den Nafarroaren ordezkaritza Erakundeekiko harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak, Alberto Catalánek, Nazioarteko Garapeneko, Erakundeekiko Harremanetarako, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren eta Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu zuzendari nagusiek osatuko dute, hurrenez hurren, Juan Francisco Francok, Lola Egurenek, Marta Álvarezek eta Jesús Javier Ascuncek. Horiez gain, Nafarroako Kirolaren Institutuko eta Nafarroako Enpleguaren Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ere han izango dira, alegia, José Javier Esparzak eta José Luis Ruiz Ciruelosek, hurrenez hurren.

Lankidetzarako ildoak

Lanaren alorrean, esparru-hitzarmenak honako jarduera hauek jasotzen ditu: enplegua sortzen duten jarduera sektore berriak identifikatzeko metodoak eta sistemak trukatzea, gizartean eta lanean integratzeko programa paraleloak abian jartzea, batez ere guraso bakarreko familien kargu dauden emakumeei eta biztanle ijitoei zuzendurikoak eta informazioa trukatzea bi eskualdeetako lantegi eskolen eta lanean integratzeko zentroen arteko proiektu komunak burutzeko.

Horrez gain, arlo horretan landaguneko nekazaritzari eta nekazaritza biologikoari eustea helburu duten proiektuen bidez izandako esperientziak partekatuko dituzte. Nafarroak, gainera, zuzenean ezagutuko du Frantziako elkartasun aktiboaren errenta berriaren funtzionamendua.

Bestalde, Pirinio Atlantikoak departamenduan eta Foru Erkidegoan dauden laborategi publikoen alorrean, bi administrazioak bat datoz ekimenak batera baloratzearekin, esate baterako: eskualdearteko laborategi sistema baten epe ertaineko estrategia bati buruzko azterlana egitea, inbertsioak eta merkataritza zerbitzua garatzeko edo ekoizteko bitartekoak industrializatzeko eta eraberritzeko zerbitzuak eta zerbitzu logistikoak partekatzea, jarduerak dibertsifikatzeko proiektu bat batera diseinatzea izpi elektromagnetikoen bidezko lanari arreta berezia jarriz eta metodo teknikoak trukatzea eta animalien osasunari edo molekulen biologiari buruzko analisietarako lankidetzan jardutea.

Beste puntu batean, testuak industrialdeak sortzeko proiektu bat batera garatzea jasotzen du. Proiektu horrek Nafarroako zati bat (Aranguren harana) eta Pirinio Atlantikoetako beste bat (Flete de Mouguerreren erdigunea) ukituko dituela aurreikusi da. Proiektua Nasursa enpresa publikoak prestatuko du eta bi aldeek burutuko dute. Hasierako fase honetan, Nafarroako administrazioa irizpideak egiteaz eta aplikatzeaz, espazioaren azterketez eta bestelako kontu teknikoez arduratuko da; Pirinio Atlantikoetako administrazioa, aldiz, kontu ekonomikoak aztertzeaz eta ekoizpen unitateen birsailkapenari eta ekoizpenaren aldaketei dagokienez enpresariak aholkatzeaz edo horiei laguntzeaz.

Turismoari dagokionez, esparru-hitzarmenak bi jarduera nagusitan administrazioen arteko lankidetza jasotzen du: "Kontrabandisten bidea" abiaraztea; Saint-Palaistik Biriatoura doan bidea da eta ibilbidea (zaldiz eta bizikletaz batez ere) Nafarroako lurretatik pasatzen da. Baita mugaren alde batean eta bestean Done Jakue Bidea dela eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzea ere.

Bestalde, bi eskualdeek Paue eta Aturri Aldeko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa Pirinio Atlantikoetako eta Foru Erkidegoko agiritegiei dagokienez burutzen ari diren lanen jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute. Hitzarmenak hainbat ekintza ezartzen ditu, adibidez, Nafarroako errege-kartularioak (XIII. eta XVI. mendeen artean Nafarroan errege izan ziren printze-printzesen familiei buruzko agiriak) argitaratzea eta Frantziako printze-printzesen ondorengoak izan ziren errege nafarrei buruzko erakusketa egitea. Erakusketa hori 2011ean izango da ikusgai Iruñan.

Hizkuntzaren eta kulturaren hartu-emanen alorrean, alde batetik, astebete inguruko egonaldiak antolatzea aurreikusi da bi ikastetxetako ikasleek, bata Nafarroakoa eta bestea Pirinio Atlantikoetakoa, kulturarekin eta hezkuntzarekin loturiko lana batera garatu dezaten eta elkarrekin bizi daitezen. Beste alde batetik, ikastetxeen arteko trukeak errazten dituen hezkuntza proiektu bat garatzea hizkuntzan murgiltzeko. 

Gizarte gaien alorrean gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko lan metodologiak eta esperientziak eta enpleguari loturiko gizarteratzeko neurriak partekatuko dira, baita mendekoak diren pertsonentzako etxez etxeko arreta zerbitzua emateko ere.

Kirolari dagokionez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eta Nelson Paillou departamenduko zentroaren arteko lankidetza sustatuko da errugbiaren, eskupilotaren eta judoaren alorrean. Horrez gain, kirolaren balioak eta eskualde batean eta bestean gutxi praktikatzen diren diziplinen ezagutza elkarri irakatsiko dizkiote, baita kirolari loturiko alorretan ezagutza zientifikoa, metodoak eta praktikak ere, esate baterako, medikuntza eta kultura.

Halaber, bi aldeek interesa agertu dute mugaz bestaldeko lankidetza zabaltzeko eta indartzeko energia berriztagarrien, errepideko segurtasunaren, larrialdien eta babes zibilaren alorrean (San Martin harrian larrialdietarako zentro mugakide bat egiteko proiektuaren bidez).
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa