(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sofía erreginak Tuterako Gaztambide Antzokia inauguratu du, berritze lanen ostean
astelehena, 2011.eko martxoak 28


Erregina Pablo Sarasate Nafarroako konpositorearen lanak interpretatu dituen Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren inaugurazio-kontzertura joan da


Ana Berrózpide neskatoak Sofía erreginari lore-sorta eman dio Gaztambide Antzoki berrituaren ateetan ( irudia handitu )

Sofia erreginak Gaztambide Antzokia inauguratu du gaur Tuteran, berritze lanen ostean. Lan horietan 9,7 milioi euro inguru inbertitu dira. Kopuru horretatik 4,5 miliioi Administrazio Zentralak jarri ditu, Sustapen, Etxebizitza eta Kultura Ministerioen bidez; 4,2 milioi Tuterako Udalak jarri ditu; eta gainerako milioia Nafarroako Gobernuak jarri du. Antzokian 686 aulki daude.

Agintariek lagunduta, Erreginak Antzokian inaugurazio-kontzertua entzun du, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren (NOS) eskutik. Orkestrak Pablo Sarasate Nafarroako konpositorearen lanak interpretatu ditu, Ernest Martínez Izquierdoren zuzendaritzapean eta Tianwa Yang biolin-jotzaile txinatarrak bakarlari moduan parte hartuta.

Erregina eraikinera 19etan iritsi da, eta bertan, Ana Berrózpide Torres neskatoak, Tuterako Griseras ikastetxekoak, lore-sorta oparitu dio. Sofía erreginak Antzokiko ate ondoan oroitzapen-plaka bat agerian utzi du, testu honekin: "Sofía erregina berorren gorentasunak Gaztambide Antzokia inauguratu zuen berritze-lanen ostean. Tutera, 2011ko martxoaren 28a."

Jarraian, Erregina aulkien patiora joan da eta inguru presidentzialean bere lekua hartu du, besteak beste, hurrengo hauek alboan zituela: Miguel Sanz Nafarroako Lehendakaria, Beatriz Corredor Etxebizitzako Estatu-idazkaria, Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Luis Casado Tuterako alkatea.

Kontzertuko programan, Pablo Sarasateren "Aires Bohemios" eta "Fantasía de Carmen" lanak, A. Coplanden "Appalachian Spring" eta A. Márquezen "Danzón nº 2" interpretatu dituzte.

Kontzertuaren ostean, Sofía erreginak NOSen ordezkaritza agurtu du: Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilaria eta Orkestrako lehendakaria, Mª Jesús Artaiz lehendakariordea, Florentino Briones kudeatzailea, Ernest Martínez Izquierdo NOSeko zuzendaria eta Tianwa Yang bakarlaria.

Gaztambide Antzokiaren historia

Gaztambide Antzokiaren historia 1936an hasi zen. Urte horren hasieran, Tuteran Cervantes Antzokia besterik ez zegoen. XX. mendearen hasieran hirian beste bi antzoki egon ziren, baina bi arrazoi direla bide desagertuta zeuden: Novedades Antzokia suak suntsitu zuen 1927an, eta Principal Antzokia 1931n eraitsi zuten.

Jesús Romék "El Teatro en Tudela hasta el año 2000" liburuan dioenez, "1936an hiru sustatzaile zeuden: Hermógenes Herrero, Zaragozakoa, Antonio Muro, Alfarokoa, eta Aurelio Izquierdo, Tuterakoa. Hirurek elkarrekin lan egin zuten garai hartan berezia zen proiektua gauzatzeko, bai eraikinaren altuerari erreparatuz, bai areto berriaren kalitatea eta edukiera kontuan hartuta. Eraikinari Gaztambide izena jartzea erabaki zuten".

Antzokiak Joaquín Gaztambide Garbayo XIX. mendeko Tuterako konpositorearen izena du. Konpositorea zarzuelei esker egin zen ezaguna.

Zinemak jende gero eta gehiago erakartzen zuen eta antzerki-konpainia ibiltariak gero eta ugariagoak ziren. Hori dela eta, antzoki berri hau negozio-aukera moduan ikusi zuten.

Lanak 1936ko maiatzean hasi ziren, Mariano Barroso arkitektoaren zuzendaritzapean, olioen fabrika zaharraren gainean. Baina Gerra Zibila hasteak proiektuaren garapenean eragin garrantzitsua izan zuen, ez bakarrik gatazkaren inguruabarrengatik, baita materialak oso urriak zirelako ere. Zailtasunak gorabehera, sustatzaileek antzokia 1939ko Santa Anako jaietarako amaituta egongo zela pentsatu zuten, baina 1943ra arte ez zuten amaitu. 1942an, "Diario de Navarra" egunkariko Tuterako kazetariaren arabera, Gaztambide Antzoki "handi eta dotorea Celia Gámezen konpainia handiak inauguratuko du". Baina errealitatea bestelakoa izan zen. Inaugurazioa 1943ko ekainaren 22, 23 eta 24an izan zen, Aliaga-Gómez konpainiaren musika-komedia eta opereta batzuen bidez, hain zuzen ere: "Tabú", "Una rubia peligrosa" eta "El baile del Savoy".

Estreinaldiari buruzko kronika ekainaren 30ean argitaratu zen Nafarroako egunkarian. "Antzokiak itxura zoragarria du, aurrerapen modernoak ditu eta ikusle ugari hartzeko edukiera du" nabarmendu ziren.

Sei urte geroago, antzokiaren sustatzaileek Tuterako Udalean antzokiaren gainean etxebizitzen 5 solairu sortzeko proiektua aurkeztu duten, eta horrek eman zion Antzokiari gaur egun duen itxura.

Antzokia Cascanteko Burgos anaien jabetzapera igaro zen ondoren, eta 1976an hobekuntza-lanak egin zituzten: barrualdea berriz apaindu zuten, berogailua jarri zuten eta komun berriak eraiki zituzten. Antzokiaren kudeaketa haien esku egon zen 1995eko urtarrilera arte, eta data horretan Udalak eskuratu zuen. Gaztambide, berritze-lanak hasi arte, kultura-ekitaldi eta –jardueretarako erabili zuten, hala nola Nafarroako Jaialdietarako.

Lehen seihilekoko programazioa Gaztambiden

Antzokiaren programazioa kudeatzen duen Castel Ruiz kultura-zentroak, lehenengo seihilekorako, programazio oparo eta kalitatezkoa egin du. Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, enpresa-sozietate publiko horri 250.000 euro eman dizkio programazio horretan laguntzeko.

2011ko programan hainbat kontzertu jaso dira: flamenkoa/popa Antonio Carmonarekin, jazza Stanley Jordanekin, musika minimalista eta "avant garde" izenekoa Wim Mertensekin, Jordi Savallen biola zeltikoa eta Ariel Roten rock akustikoa. Era berean, zenbait musikal programatu dira, hala nola Cantajuego, Flashdance, El mago de Oz eta Pegados.

Antzerkiari dagokionez, lan hauek ikusi ahal izango dira: Crimen Perfecto, La casa de Bernarda Alba, La cena de los idiotas, Lorenzaccio, La curva de la felicidad, Nina calcetita, Sensormen, Una noche con Gabino (Gabino Diegorena) eta Zoo. Eta dantzari erreparatuz, lan oso desberdinak taularatzea aurreikusi da, hala nola Flashdance eta Traviatta. (programa osoa dokumentu erantsian gehitu da)


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa