(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakariak FAPEk eta Nafarroako Kazetarien Elkarteak antolatu duten "Kazetaritzaren etorkizuna" biltzarra ireki du
ostirala, 2011.eko apirilak 8


Jáuregui ministroak eta Catalán kontseilariak gaur arratsaldean itxiko dute jardunaldia, Iruñan egingo den FAPEren LXX. Asanblearen bezperan


Sanz Lehendakaria FAPEko presidentearekin

Sanz Lehendakaria Elsa González FAPEko presidentearekin eta Miguel Ángel Barónekin ( irudia handitu )

Miguel Sanz Nafarroako Lehendakariak "Kazetaritzaren etorkizuna" biltzarra ireki du gaur. FAPEk, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak, antolatu du Nafarroako Kazetarien Elkartearen laguntzarekin.  Jardunaldiaren sustatzaileek Iruñan hedabideen alorreko 400 profesional baino gehiago biltzea aurreikusi dute, irekierako konferentzia magistralean, programan agertzen diren hiru mahai-inguruetan eta ekitaldia ixteko egingo den ondorioen bileran. Itxiera ekitaldia Ramón Jáuregui Presidentzia Ministroak eta Alberto Catalán Erakundeekiko harremanetarako kontseilaria eta Gobernuaren eledunak itxiko dute.

Jardunaldia Pío XII.a etorbideko Civicanen egoitzan egin da eta Nafarroako Kazetarien Elkarteak antolatu du mendeurrena ospatzeko ekitaldien programaren barruan. Bihar, larunbata, Foru Parlamentuan egingo den FAPEren LXX. Asanblea Nazionalaren sarrera izango da; Asanblea Elena Torres FAPEko presidenteak irekiko du.

Biltzarraren helburua zera da: kazetarien egitekoan teknologia berriak ezartzeak eragiten dituen aldaketen inguruan gogoeta egitera bultzatzea, baita horrek sortzen duen negozio eredua berrikustearen, belaunaldi gazteenen artean irakurzaletasunaren beherakadak dakartzan erronken edo sektoreko lan baldintzek okerrera egitearen inguruan ere.

Irekiera ekitaldian Elsa González FAPEko presidentea eta Miguel Ángel Barón Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidentea izan dira. Mintzaldian, Sanzek Nafarroan informazioaren profesionalek duten "eginkizun ezaguna eta aintzatetsia" azpimarratu du. Haren ustez, horren adierazgarri dira Foru Erkidegoa estatuan "eguneroko prentsa gehien irakurtzen duen" lurraldeetako bat dela dioten estatistikak; gainera, "Nafarroako Unibertsitatean Komunikazio Fakultatea dago eta, urtero, 200 ikasletik gora lizentziatzen dira Kazetaritzan, Irudi Zientzietan eta Publizitatean eta Harreman Publikoetan".


FAPEk Iruñan egin duen biltzarrera joan direnak

FAPEk Iruñan egin duen biltzarrean izan direnak, besteak beste, Rosa María Calaf (erdian) ( irudia handitu )

Lehendakariak, halaber, kazetariek sistema demokratikoetan duten "funtsezko" nagusitasuna nabarmendu du, "herritarrek oinarrizko eskubide batzuk baliatzearen alde egiten dutelako, azken finean herritarrak baitira gizartearen behin betiko erabakirik garrantzitsuenak hartzen dituztenak". Biltzarrak duen garrantzia ere azpimarratu du; Lehendakariaren ustez, kazetaritzaren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera bultzatzen du "komunikazioetan eragina izan duen garapen teknologikoa hedabideen egoera eta orain arte ezarritako errealitateak etengabe aldatzen ari den garai nahasi honetan".

Nafarroako Kazetarien Elkarteak aurten beteko duen mendeurrena ere gogorarazi du. "Elkartea egoki jardun da pasa den mendean, zalantzarik gabe, kazetariok gizartearen alde lan handia egin duzue, informatzeko orduan egiatiak izan zarete, iruzkinak eta iritziak eman dituzue, eta gertaeren interpretazioa egin eta testuingurua eman duzue. Labur esanda, herritarrei errealitatea zein den jakitera eman diezue", esan du.

Programa

Biltzarraren programa "La ética y el periodismo, ahora" (Etika eta kazetaritza, gaur egun) konferentzia magistralarekin hasi da. Manuel Núñezek, Zientzia Juridikoen katedraduna eta FAPEko Kexen eta Deontologiaren Batzordeko presidentea denak, aurkeztu du. Haren mintzaldiaren sarrera Periodistas aldizkariko Eduardo San Martín zuzendariak egingo du.

11:45ean eguneko lehen mahai-ingurua egingo da "Llamados a entenderse (periodistas y empresas)" (Konpontzera behartuak, kazetariak eta enpresak) izenekoa. Madrilgo Prentsaren Elkarteko presidenteak moderatuko du eta hauek izango dira partaideak: Elsa González FAPEko presidentea, Juan Martínez Comisiones Obreraseko hedabideen sektoreko idazkari nagusia, Arsenio Escolar Espainiako Aldizkako Argitalpenen Elkarteko (AEPP) presidenteak eta Espainiako Egunkarien Argitaratzaileen Elkarteko (AEDE) ordezkari bat.

13:00etan bigarren mahai-ingurua egingo da "Actualizar la información" (Informazioa eguneratzea) izenekoa. Aurelio Martín FAPEKo presidenteordea eta biltzarreko koordinatzailea denak moderatuko du. Saio horretan honako hauek hartuko dute parte: Rosa María Calaf TVEko berriemaile ohiak, Carmen Pérez de Armiñán Complutense Unibertsitateko Informazioaren Zientzien Fakultateko dekanoak, Mónica Herrero Subías Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko dekanoak, Jaime Brull Editrain enpresako kontseilari delegatuak eta Gerad Peris Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikaslea.

Kazetaritzako Nazioarteko II. Manu Leguineche Sariaren aurkezpena

17:00etan "Crisis y periodistas" (krisialdia eta kazetariak) gaiaren inguruko eztabaida egingo da. Eztabaida horretan sektorearen gizarteko eta laneko arazoak, autoenpleguaren formulak, freelance lana eta hedabideetako profesionalek ekintzetan bat egiteko duten gaitasuna aztertuko dira. Mahai-ingurua Juan Luis Manfredi IE University unibertsitateko irakasleak eta kazetariak moderatuko du eta gatazka armatuetan erreportari aditua eta Gatazkaren eta Giza Ekintzaren Azterlanen Institutuko ikerlaria, Mayte Carrasco, eta Gaztela-Mantxako Kazetarien Federazioko presidentea, Lidia Yanel, izango dira parte hartzaileak.

18:10ean ondorioen inguruko bilera egingo da Ramón Jáuregui ministroa, Alberto Catalán Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko harremanetarako kontseilaria eta Gobernuaren eleduna, Elena Torres Foru Parlamentuko presidentea eta FAPEko zuzendariak buru direla.

Arratsaldeko saioan Kazetaritzaren Nazioarteko II. Manu Leguineche Saria ere aurkeztuko da, Kazetarien Nazioarteko Federazioak eta Europako Kazetarien Elkartearen laguntzarekin sustaturikoa. Guadalajarako Diputazioko eta FAPEko ordezkariek Civicanen egingo den prentsaurrekoan sariaren bigarren edizioaren xehetasunak emango dituzte. 20.000 euroko saria da eta sariaren izena duen euskal kazetariaren omenez ematen da "balio konstituzionalak, demokrazia eta giza eskubideak defendatu zituelako" eta kazetaritzan behar diren "independentziaren, zehaztasunaren eta egiarekiko errespetuaren printzipioen adierazle leiala" izan zelako. Lehen edizioan Lydia Cacho kazetari mexikarrak irabazi zuen saria, zoritxarreko jendearekin duen engaiamenduagatik eta emakumeen eta haurren aldeko defentsan egiten duen lan bikainagatik. Hautagaiak aurkezteko epea datorren uztailaren 15ean amaitzen da eta irabazlearen berri irailaren 15a baino lehenago emango dela aurreikusi da.

Biltzarrean, komunikazio digitalean aditua, Prisacom enpresako zuzendari ohia eta Prodigioso Volcán aholkularitza enpresako egungo zuzendari bazkidea denak, Mario Tascónek, kazetaritza digitalaren tailer bat eskainiko du. Biltzarra FAPEren eta Nafarroako Kazetarien Elkartearen webgunean emango dute zuzenean.



Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Discurso del Presidente Miguel Sanz
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa