(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Uxuen egin den Nafarroa biei buruzko VII. mintegian mugaz gaindiko lankidetza eta 1512ko gertaerak izan dira gai nagusiak osteguna, 2011.eko apirilak 14


Sanz Lehendakariak Bastidako (Nafarroa Beherea) alkateari herria sortzeko Foruaren faksimile bat eman dio


Uxuen egin den Nafarroa biei buruzko mintegia. Sanz Lehendakaria Bastidako alkateari faksimilea ematea. Hauek azaltzen dira ezkerretik eskuinera: Baigorriko alkatea, jean Baptiste Lambert, Uxueko alkatea, Nafarroa Zaharreko Lagunen Elkarteko presidentea, Luciene Hurmec, eta Corpas kontseilaria. ( irudia handitu )

Uxuen egin dute aurten Nafarroa biei buruzko VII. mintegia eta oraingoan bi gairen inguruan jardun da: Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko lankidetza eta 1512ko gertaerak. Urte hartan Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen eta, hala, Gaztelako Koroarekin bat egin zuen eta iparraldeko eta hegoaldeko Nafarroak banatu egin ziren.

Gaur goizean, mintegian, Miguel Sanz Nafarroako Lehendakariak Bastidako (Nafarroa Beherea) alkateari aipatutako Foruaren XV. mendeko kopia baten faksimilea eman dio. Kopia hori Iruñean Nafarroako Artxibo Nagusian gordeta dagoen Nafarroako erregeen Cartulario Magno izeneko kartularioan dago jasota. Lehendakariak "Nafarroa biei buruzko VII. mintegiaren garrantzia" nabarmenduz itxi du ekitaldia. Mintegiak 2001an hasitako Espainia-Frantzia-Andorraren arteko mugaz gaindiko lankidetza programa aztertzen du eta esan du "lankidetza proiektu ugari bultzatuz emaitza onak lortzen ari direla eta horrek herrialde eta komunitate horien arteko lotura areagotzen duela; hainbat alorretako proiektuak daude eta horietan toki erakundeek, unibertsitateek, sozietate publikoek, fundazioek edo hiru aldeen elkarteek bazkide gisa parte hartzen dute". Sanzek lankidetzako partaideak "ezagutzak, esperientziak trukatzen eta guztiei mesede egiten dien denen arteko eta elkarrekiko parte hartzea izaten" jarraitzera bultzatu ditu.

 

Nafarroa biei buruzko VII. mintegiko hizlariak eta gaiak

Uxueko alkateari, María Jesús Zornozari, herriko abade etxean harrera egin ondoren, Ana Lizarraga Nafarroako Gobernuko Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendariak hitz egin du eta Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetza Programa aipatu du; guztiek batera bultzatzen dituzten proiektuei buruzko datu batzuen eta sortzen diren zenbatekoen berri eman du: "Programa 2007an abiatu zen eta 2007-2013 denboraldirako 168 milioi euroko aurrekontua izan zuen; kopuru horretatik 20 milioi bazkide nafarrek parte hartzeko erabiltzea aurreikusi zen. Hainbat deialdi egin dituzte eta deialdi horietan Nafarroaren partaidetza izan duten hogeita hiru proiektu onetsi dituzte. Orain, programak denboraldiko azken deialdiari ekin behar dio eta deialdi horretarako hasierako aurrekontutik geratzen diren 29,5 milioi euroak egokituko direla aurreikusi da. Zenbateko horretatik 7 milioi euro Nafarroako onuradunentzat daude gordeta".


Sanz Lehendakaria, Nafarroa biei buruzko mintegira joan direnekin, Uxuen ( irudia handitu )

Bestalde, Uxue kontzejuko presidenteak, Maite Erreak, Eugik eta Frantziak musika, kirola edo industria-arkeologia bezalako alorretan izan duten lankidetza azpimarratu du.  Hori dela eta, Eugi eta Baigorri Mankomunitatea Interreg proiektu batera aurkeztuko direla esan du, Feder funtsak lortzeko. Proiektu hori Eugiren eta Bankaren artean egingo da eta hedatzeko eta, industria-ondarea ardatz nagusi gisa hartuta, bisitariak erakartzeko helburua izango du.  Bi herriek armen fabrika eta antzinako burdinolak dituzte. Yelmo izena du proiektuak eta lurraldeko natura- eta kultura-ondareari balioa ematea da helburua; horretarako, industria-ondarearen Europako ibilbide berri bat antolatuko dute.  Eugiko proiektua Olondo Zentroan dago jarrita; leku turistikoa eta kulturala da eta jarrita dauden informazio tauletan urtegiaz, kontrabandoaz, mendiko lanaz, minerlaez edo armen fabrikaz eta inguruan izan zen burdinolaz hitz egiten da. 

Enrique Maya Iruñeko Udaleko Hirigintzako zuzendari kudeatzaileak, bere mintzaldian, Nafarroako hiriburuko harresietan egin diren lanak nabarmendu ditu. Lanok Iruñeko Udalak sustatu ditu eta Europar Batasunak ere Urban Planaren bidez (6,8 milioi euro) finantzatu ditu. Plan horri esker lortutako zenbatekoaz gain, 30,3 milioi eman ditu Nafarroako Gobernuak eta 13,3 milioi euro Espainiako Gobernuak. Azaldu duenaren arabera, Iruñeko Udalak Erdigune Historikoa suspertzearen aldeko apustua egin du. Alde batetik, eraikinen multzo osoaren eta multzo horretako eraikin bakoitzaren itxura zainduko da eta, behar izanez gero, elementuak zaharberrituko dira, baina inguruarekin eta egungo gizartearen bizimodu sistemarekin bat etorriko dira eta erabilera egokitua izango dute.

Nafarroa bien lotura kulturala eta senideen artekoa

Ondoren, Lucien Hurmic doktorea Nafarroa Zaharreko Lagunen Elkarteko presidenteak hitz egin du eta Nafarroa biei buruzko mintegien historia berrikusi du, baita hasieratik eratuz joan den lotura kulturala eta pertsonala ere. Lotura hori ekintza zehatzetan gauzatzen hasia da, esate baterako, Juan de Huarte ikastetxea abian jarri da, hizkuntzak ikasteko eskola trukeak egiten dira, liburuak argitaratu dira, etab.

Hurmicek historia aipatu du Nafarroa bien arteko harremanaz hitz egiteko, izan ere, 1512ko gertaeren ondoren, harreman hori eten egin zen. Horren ondorioz, Nafarroak Gaztelako Koroarekin bat egin zuen eta Nafarroa Beheretik banandu zen.

Bestalde, Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramón Corpasek, duela hamarkada batetik Nafarroa Beherearekin Nafarroak izan duen lankidetza aipatu du, "leialtasunean, errespetuan eta irekitasunean" oinarritutako lankidetza, alegia. Kontseilariak Pierre Bidart irakaslea gogoratu du: "Haren lankidetzarik gabe ezin izango genituzkeen eman orain arte taldeko lanari esker eman diren pausoak". Bidart Izpegi Batzordeko bazkidea eta presidentea izan zen. Batzorde hori hiru ardatzeko egitura da: argitalpenez arduratzen da, gazteentzako informazio gunea du eta garapenerako ekimenen zentro iraunkorra da. Horrez gain, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritu zen Pirinioen bi aldeetan Nafarroa biei buruz egin diren sei mintegiak antolatzeko. 2012ko jarduerak antolatzeko Batzordeko kidea zen. Mintegi hori Navas de Tolosako Guduari eta Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenekoari buruz izango da. Le Journal de Saint-Palais et de Basse Navarre astekaria idatzi zuen.

Uxueri buruzko bi liburu

Corpas kontseilariak ere Uxueren inguruan hitz egin du, Nafarroaren historian izan duen sinbolismoaz eta garrantziaz, eta Evreux familiak eta Karlos II.a Gaiztoak izan zuten eginkizunaz. Nafarroako Ondare Historikoa Kontserbatzeko Fundazioak plazaratu dituen bi liburu ere aurkeztu ditu.
Argitalpenetako bat "Santa María de Ujué" (Uxueko Andre Maria) da, "Estudios" (Azterketak) serieko bigarren bolumena, hain zuzen ere. Argitalpen horretan, monumentuaren inguruan, zaharberritu egingo dutela eta, egin diren azken ikerketak zein 2001etik egiten ari diren kontserbazio lanak eta orain abade etxearen jarduerarekin amaituko direnak jasotzen dira zehaztasunak emanez.

Mª Rosario Lozanoren koordinazioari esker, 17 espezialistak liburua osatzen lagundu dute eta hamahiru kapituluetan monumentuen multzoa ulertzeko berritasun interesgarriak eman dituzte ezagutzera. Berritasun horietako asko azken urteetako esku hartzeari esker jakin dira, esate baterako, monumentuaren jatorria argitu duen indusketa arkeologikoa edo eraikinaren arkitektura eta apainketa interpretatzeko beste ikuspuntu batzuk, lehenago egindako berritzeen eta zaharberritzeen azterketa, edo orain arte aztertu ez den kapitulu bat, alegia hormetan dagoen grafitoa. Azkenik, elizako ondasun higigarrien eta haien tratamenduaren azterketa zehatza jasotzen du. Bolumenak 363 orrialde ditu eta material grafiko ugari azaltzen da: argazkiak, planoak, altxaerak eta 3D irudiak. 30 euro balio du.

Kontseilariak "Ujué, la montaña sagrada" (Uxue, mendi sakratua) obra ere aurkeztu du, "Aproximaciones" (Hurbilketak) serieko bosgarren bolumena. Liburu horren helburua kultura-ondarea argi eta modu entretenigarrian azaltzea da, zehaztasuna eta kalitate zientifikoa albo batera utzi gabe. Testuak Carlos Martínez-Álavak idatzi ditu, Nafarroako arte erromanikoan eta gotikoan adituak. Erromatarren garaitik herriguneak izan duen historia, erdigune horren garapena Erdi Aroan eta herri horretako Andre Mariaren gurtza handia kontatzen dira, nahzi eta ia liburu osoa santutegiaren historiari buruzkoa izan. Bolumena koordinatzea Muraria S.L. enpresaren ardura izan da.

Liburuaren berritasunik deigarrienak 3D berregite infografikoak dira, monumentuarena izan zitekeen eraikitze prozesua berregiten dutelako, antzinako mundutik gaur egunera arte, bai gaztelutzarrerako ikuspegiak izan zitezkeenak bai amaitu izan balute burualde gotikoak izango lukeenaren irudiak ikus daitezke. 153 orrialde ditu eta 10 € balio du. Bi liburuak Fundazioaren egoitzan (Nafarroako Artxibo Nagusia, Dos de Mayo kalea, zk.g., Iruña) eta liburu-dendetan eskura daitezke.

Mendeurrenak, Bastida eta Nafarroako konkista

Bastidako alkateak, Leopold Darritchonek, 2012an beteko den Bastida eratzeko Foruaren (1312, julio --Vincennes, Val-de-Marme, Frantzia) zazpigarren mendeurrenari buruz hitz egin du. Bastida Nafarroa Beherean dago eta forua Luis I.a Nafarroako erregeak, Xanpaina eta Brieko jauregiko kondeak, Frantziako Filipe IV.a erregearen seme zaharrenak eman zuen. Darritchon mendeurren hori dela-eta egingo diren ekitaldiez jardun da.

Mercedez Galán, Ikasketa Historikoen Nafarroako Elkarteko kidea eta Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbidearen Historiako alboko irakasle denak, aldiz, hiruehun urte baino gehiagoz, 1189 1527-30era hain zuzen ere, Nafarroa Beherea Nafarroako Erresumaren parte izan zela azpimarratu du. Nafarroa Beherea gobernuaren hiru barrutik osatzen zuten: San Juango gaztelu barrutiak, Mixa-Ostabarets bailiak eta Bastidak. Ofizialki ez ziren merindade bihurtu; notarioek, mimetismoz, termino hori baliatu ahal izan zuten XV. mendearen erdialdetik aurrera, eta Gaztelako tropek 1530. urtean handik alde egin zutenetik, seigarren merindadea edo Nafarroa Behereko merindadea esaera hedatu zen.

1512. urtean, Gaztelako tropek, Albako dukeak zuzenduta, Nafarroa konkistatu zutenean, Nafarroa biek erakunde politiko bakarra osatzen zuten, erresuma independente batekoa, ez zegoen inongo erresumatara edo maila goragoko erakunde politikotara atxikita eta agerikoa zen erresuma mugaz gaindikoa edo Pirinioez gaindikoa zela.  Hori dela eta, 1512. urtean Nafarroa konkistatu izanak Pirinioez gaindiko erresuman aldaketak eragin zituen. Une hartan, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia banatzeko prozesua hasi zen. Nafarroa Beherekoek Frantziari egin behar zioten aurre eta Nafarroa Garaikoek Gaztelari. 1515. urterako argi zegoen dagoeneko Nafarroa Garaia erresuma banatua zela. Aldiz, Nafarroa Beherean, erresumak Frantziako Koroarekin bat egiteko ediktua Luis XIII.ak aldarrikatu zuen 1620an. Ordura arte Nafarroa Beherekoek nafartzat zituzten euren buruak.

Edonola ere, bi Nafarroek loturari eutsi zioten eta orain ere eusten diote, batez ere nekazaritzako eta abeltzaintzako aprobetxamenduei dagokienez, esate baterako, mendien eta larreen aprobetxamenduei dagokienez, mugen inguruan hainbat arazo sortu baitzituzten, Alduideren kasuan bezala, edo partzuergoen luperketei dagokienez, Baretous eta Erronkariko kasuetan bezala.

Aurreko edizioak

Aurten, Uxuen egin da Nafarroa biei buruzko VII. mintegia.
Lehenengoa Baigorrin egin zen (Etxauz Gaztelua), 2005eko uztailaren 21ean "Navarra: herencia y dinámica para el futuro" (Nafarroa: etorkizunerako oinordekotza eta dinamika) izenburupean. Bigarrena Iruñeko Artxibo Nagusian izan zen 2006ko ekainaren 13an. Gaia "La sociedad local del saber" (Jakintzaren tokiko gizartea) izan zen. Hirugarrena Orreagan egin zuten 2007ko martxoaren 20an. "Nafarroa Espainiako monarkiaren barruan" eta "1512ko gertaerak" gaiak jorratu ziren. Laugarrena Donapaleun izan zen 2008ko uztailaren 3an. "San Juan de Pie de Puerto. Una villa navarra al pie de los Pirineos" (Donibane Garazi. Nafarroako hiribildu bat Pirineoen oinean) liburua aurkeztu zen eta bi Nafarroen arteko mineralen eta industriaren jardueraz jardun ziren gehienbat. Donapaleuko udal mediatekan ere "Los señores de Javier. Un linaje en torno a un santo" (Xabierko jaunak. Santu baten inguruko leiinua) erakusketa inauguratu zuten. Bosgarren mintegia Luzaideko Udalean egin zen azaroaren 3an eta Xakobeo urteari buruzkoa izan zen. Edizio hartan Le Journal de Saint-Palais et de Basse Navarre aurkeztu zen (1884an sortutakoa). Hamabost egunez behin Nafarroa Garaiari buruzko bi orrialde argitaratzen ditu, gehienbat kulturaren, turismoaren eta berrikuntzaren ingurukoak. Seigarren mintegia Donibane Garaziko Udalean egin zuten eta Nafarroa Beherearen lurralde dinamika bezalako gaiez eta Donibane Garazirekin loturiko hainbat gaiz aritu ziren, esate baterako, "Boterea eta memoria: Nafarroako erregeen kartularioak". Mintegi hartan, Nafarroa Zaharreko Lagunek Karlos III.a Nafarroakoaren Gurutzea jaso zuten.

 

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa