(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa zazpi berrikuntza-proiekturen liderra da 2010-2013 Landa Sare Nazionalaren barruan asteazkena, 2011.eko maiatzak 18


Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruaren Ministerioak Foru Komunitateari xede horretarako estatuko diru-laguntzen %25 eman dio     


Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruaren Ministerioak 2007-2013 Landa Sare Nazionalaren barruan aurten diruz lagundutako landa-berrikuntzako hemeretzi proiektutatik zazpitan Nafarroa liderra da.

Xede horretarako, Nafarroak 509.067 euro jasoko ditu autonomia-erkidego guztien artean banatu behar diren 4 milioi euroetatik. Nafarroa da Andaluziaren ostean funts gehien jasotzen dituen autonomia-erkidegoa.

Landa Sare Nazionala sistema integratua da eta Espainiako landa-inguruaren garapen jasangarrian inplikatutako eragile guztien artean itunak sendotu, esperientziak zabaldu eta agertoki erkide bat sortzera bideratuta dago. Landa-garapeneko estatu-politikaren barruan sortu da, Europako 2007-2013 programazio berriarekin modu sinergikoan, Ministerioaren orrian irakur daitekeenez.

Nafarroaren parte-hartzea duten proiektuek jarduera sorta zabala hartzen dute barruan. Zehatz esanda, hurrengo hauek dira:

Gaztaren arloko erkidego birtuala garatzea: Nafarroara bideratutako aurrekontua: 36.000 euro. Proiektu hau Kataluniarekin batera aurkeztu da Kantauri eta Pirinio aldeko gazta-ekoizleen artean lankidetza-sare birtuala sortzeko, ekoizleek negozioak hedatzeko informazioa, trebakuntza eta zerbitzu teknologikoak izan ditzaten. Horretarako, foro birtuala sortu nahi da, eta horretan ekoizleek haien esperientziak azaldu, lanaren garapenari buruzko iritziak formulatu eta taldeko beste kide batzuei balizko konponbideak emango dizkiete.

Promoagro 2.0. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 200.000 euro. Proiektu honen ardura Nafarroako Gobernuarena da eta Fundagrok egingo du. Xedea eskualde arteko web plataforma garatzea da, dibulgazioaren, hezkuntzaren, sutapenaren eta lankidetzaren arloko zerbitzuak eta baliabideak integratzeko, nekazaritza-jardueraren eta landa-inguruko balioen zabalkunderako eta gizarte-balioespenerako.

Nekazaritza-erabilera zehatzen kartografia egitea. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 72.000 euro. Proiektu hau Asturiasekin batera aurkeztu da. Horren bidez, nekazaritza- eta baso-ikuspuntutik lurzorurik interesgarrienak zehaztu nahi dira, horien kontserbazioari lehentasuna emateko.

Nekazaritzako elikagaien sektorean balio-kateak optimizatzea: bizi-zikloaren analisia eta karbonoaren aztarna. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 63.247 euro. Mundu osoan, berotegi-efektuko gasen isurketen %13,5 nekazaritzatik eta abeltzaintzatik datozela kontuan hartuta, Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren proiektu honen bidez hiru prozesuren bizi-zikloa aztertu nahi da: abeltzaintzako pentsuak egiten direnetik esnekiak egiten diren arte; zerealak ustiatzen direnetik irinak egiten diren arte, eta zerealak ustiatzen direnetik garagardo-malta egiten den arte. Xedea prozesu horietan zuzenean edo zeharka berotegi-efektuko zenbat gas isurtzen diren jakitea da, baliabideak ateratzen direnetik hondakinak azken jomugara bidali arte.

Esnetarako ardien ustiategiak berritzea horien lehiakortasuna hobetzeko. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 45.000 euro. ITG Ganadero de Navarra izenekoak eta Gaztela eta Leongo Nekazaritza Institutu Teknologikoak proiektu honetan elkarrekin lan egiten dute. Xedea esnetarako ardien ustiategien errentagarritasuna, jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, esperientzia pilotu batzuk egingo dira, hurrengo hauei lotuta: ardien elikadura, garbiketa-jardueretan ur elektrolizatua erabiltzea, energia aurrezteko neurriak ezartzea eta ustiategiak kudeatzeko oinarrizko programak garatzea.

Landutako bioaniztasuna berreskuratu eta erabiltzea balio erantsi handiko elikadura-produktuak egiteko. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 44.820 euro. Proiektu honetan Nafarroak, Asturiasek, Balear uharteek eta Kataluniak parte hartzen dute. Abiapuntuak natura-produktuen aldeko interes gero eta handiagoa eta gariaren barietate tradizionalekin egindako ogi mota tradizionalak berreskuratzea dira. Proiektuan eskualde bakoitzean dauden zereal honen barietateak eta horiekin balio erantsi handiko ogi motak egiteko bideragarritasuna aztertzen dira.

Autonomia-erkidegoetan landa-inguruaren garapen jasangarrirako lurzoruei buruzko informazioa harmonizatzeko ibilbide-orria. Nafarroara bideratutako aurrekontua: 70.000 euro. Espainian, lurzoruari buruzko informazioa zatika lortu da, hainbat irizpide erabiliz. Orain, Europako Inspire zuzentarauak eskatzen du informazio hori bateragarria izatea eta, beraz, beharrezkoa da harmonizatzea. Proiektua Tracasa enpresa publikoaren ekimena da, esperientzia handia baitu kartografia egiten eta Inspire zuzentarauaren Europako adituetako bat baitu. Proiektua Aragoin, Asturiasen, Katalunian, Errioxan, Galizian, Gaztela-Mantxan, Extremaduran, Valentzian, Balearretan eta Gaztela eta Leonen aplikatuko da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa