(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" idazle nafarraren lanari buruzko liburua aurkeztu dute
ostirala, 2011.eko ekainak 17


Mendaur bildumaren bederatzigarren liburukia da eta Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sustatuko dute


Euskarabideak eta Euskaltzaindiak Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburua aurkeztu dute gaur goizean Iruñean. Euskaraz dago idatzita eta Perpetua Saragueta (Mezkiritz 1905-Iruña 1986) idazle nafarraren obrari buruzkoa da. 700 ale plazaratu dira eta salneurria 15 euro izango da.

Liburua Euskarabidearen egoitzan aurkeztu dute Xabier Azanza Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari eta liburuaren egileak. Ekitaldian, halaber, Saraguetaren alaba Maite Urtasun izan da.

Liburuaren helburua Perpetua Saraguetaren obra osorik argitaratzea da eta argitaragabeko testuak ere biltzen ditu. Zehazki, bi kapituluk osatzen dute. Batean, idazlearen oroitzapenak, bizitzan zehar ezagutu zituen emakumeen azalpen biografikoak eta bertso batzuk jaso dira. Bestean, idazkietan erabili zuen lexikoaren hiztegia agertzen da.

Horiez gain, bi gehigarri ditu. Lehenengoak Baionako "Eskualduna" eta Donostiako "Argia" aldizkarietara bidali zituen Espainiako gerra zibilaren aurreko garaiko Mezkiritz (Erroibar) eta Arizkun (Baztan) herriei buruzko sei kronika jasotzen ditu. Bigarrenean, José Mari Satrustegik 1977 eta 1979 urteetan Saraguetari egin zizkion hiru grabazio daude MP3 formatuan. Grabazio horiek Euskarabideko mediatekaren bidez ere entzun daitezke.

Liburua Mendaur bildumaren bederatzigarren liburukia da. Bilduma Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sustatu dute eta horren xedea Foru Erkidegoan egin diren euskararekin loturiko lanak plazaratzea da.

Bilduma horren barruan argitaratu diren beste liburu batzuk: Jose Maria Satrustegi: ereile eta lekuko Andres Iñigorena, Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia Pello Salaburu eta Maite Lakarrena, Luzaideko Euskararen Hiztegia Peio Kamino eta Patxi Salaberrirena, Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia Orreaga Ibarrarena, Erronkari eta Ansoko toponimiaz Juan Karlos Lopez-Mugartzarena, Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa Edu Zelaietarena eta Sakanako euskara, Burundako hizkera Koldo Zuazorena.

Saraguetaren bizitza eta lanak

Perpetua Saragueta Saragueta 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Mezkiritzen (Erroibar) eta 1986ko martxoaren 26an hil zen Iruñean.

Mezkiritzeko eskolara joan zen sei urte izan zituenetik hamar urtera arte, eta, han, Manuel Lusarreta herriko parroko eta irakasleak irakatsi zion. Iruñean zerbitzari aritu zen lau urtez lanean eta hogeita lau urterekin Arizkungo Bozate auzora joan zen bizitzera. Baztango herrian Trinidad Urtasun senarra ezagutu zuen. Iruitakoa (Baztan) zen senarra, lanbidez okina eta zaletasunez bertsolaria.

1931n Iruritan ezkondu zen, eta han senarraren familiako okindegian egin zuen lan. Haren egitekoetako bat inguruko herrietatik ogia banatzea izan zen. Horretarako, gidabaimena atera behar izan zuen (antza denez, Nafarroan gidabaimena atera zuen bigarren emakumea izan zen). 1944an Urtasun-Saragueta familia Iruñeara joan zen bizitzera. Trinidad 1978an hil zen eta Perpetua 1986an.

Eskolan egin zuen denboran jadanik irakurtzeko eta idazteko zaletasun handia agertu zuen. Horrek ama-hizkuntzan, euskaraz, idaztera bultzatu zuen. Garai hartan euskaraz idatzi zuen emakume urrietako bat izan zen.

Saraguetaren idazkietan bi garai bereiz daitezke.  Hasierako testuak Espainiako gerra zibilaren aurrekoak izan ziren; orduan kolaborazioak egin zituen "El Pensamiento Navarro" eta "La Voz de Navarra" egunkarietan eta hainbat kronika argitaratu zituen Baionako "Eskualduna" eta Donostiako "Argia" aldizkarietan. Oro har, artikuluak Txorrondo ezizenez sinatzen zituen, izen horretako auzoan hazi baitzen.

Gerraren ondoren Perpetuak idazteari utzi zion eta iragan mendeko 70eko hamarkadan hasi zen idazten berriz ere. Idazkietan gai ugari landu zituen, eta Jose Mari Satrustegiren laguntzarekin idazki horietako asko plazaratu zituen 1979-1986 garaian. Hala ere, idazki gehienak ez zituzten argitara eman.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa