(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kontrolpean dute astearte honetan Arraitzan (Zabaltza) gutxi gorabehera 200 hektareako lursailean piztu den sutea

asteazkena, 2011.eko uztailak 6


Lourdes Goicoechea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilaria ingurua ikustera joan da gaur, sutearen bilakaeraren berri bertatik izateko


Lourdes Goicoechea Arraitzako sutea ikustera joan da

Goicoechea kontseilaria Arraitzan jarri duten Aginte Postu Aurreratua ikustera joan da ( irudia handitu )

Nafarroako Larrialdi Agentzia, gaur goizean, sutea itzaltzeko lanak koordinatzen ibili da oraindik. Asteartean piztu zen Arraitzan (Zabaltza) 16:09 aldera, eta gauean zehar kontrolpean izatea lortu dute. Goizean zehar, amaitzeko lanak egin dituzte, bai lurretik bai azalera ureztatzen aritu diren aireko bitartekoen laguntzarekin.

Datozen egunetan Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko teknikariek egingo duten neurketa berriaren berri izan aurretik, sutea gutxi gorabehera 200 hektareako azaleran zabaldu da. Azalera horretan, zerealen eremu bat eta, batez ere, arteak, haritzak eta, zati txiki batean, pinuak daude.

Lourdes Goicoechea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria Arraitzara joan da gaur goizean kaltetutako ingurua ikustera. Kontseilariarekin batera joan dira Andrés Eciolaza Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia eta Arraitza kontzejuko ordezkariak.

Lehenengo, Nafarroako Larrialdi Agentziaren Aginte Postu Aurreratura joan da Lourdes Goicoechea. Handik koordinatzen dira sua itzaltzeko lanak, eta, han, bilakaeraren inguruko informazio zehatzaren, sutearen egoeraren eta ondorengo egunetan jarduteko aurreikuspenen berri eman diote NLAko langileek, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko teknikariek eta Defentsa Ministerioko Larrialdietarako Unitate Militarrak. Jarraian, kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren hiru helikopteroetako batean, suak hartu duen ingurua gainetik ikusi du.

Arraitzatik joan aurretik, Lourdes Goicoecheak taldeak, auzokideak eta bolondresak zoriondu ditu egin duten lanagatik. Kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren izenean, Armadako Larrialdietarako Unitate Militarra han egon izana berariaz eskertu du, eta azpimarratu du "sua kontrolpean izatea errazteko erabakigarria izan dela hasierako orduetan bitartekoak baliatu izana, batez ere airekoak".

Arraitzako sutearen irudia

Arraitzaren inguruetatik egindako sutearen argazkia ( irudia handitu )


Azaldu duenez, "orain, lehenengo eta behin, sutea itzali behar da eta, ondoren, kalteak ebaluatuko ditugu, Arraitzako eta inguruko auzokideentzat garrantzitsuak direlako, zalantzarik gabe". Horren haritik, aipatu du taldeak sutea itzaltzera bideratzeak sua El Perdonen iparraldeko alderaino heltzea eragotzi duela; hori hala gertatu balitz "kalte askoz ere handiagoak eragingo lituzke", ohartarazi du.


Sutea kontrolpean izatea lortu ondoren, baliaturiko bitartekoak bi frontetan banatu dira goizean. Alde batetik, aireko taldeak mendebaldean jardun dira batez ere, orografiaren ezaugarriek, maldak eta landaredia mailak lursailetik oinez edo ibilgailuen bidez sartzea oztopatzen zutelako. Lurreko taldeak ekialderago dagoen inguruan aritu dira gehinbat. Bi kasuetan, lanen helburu nagusia, alde batetik, sutearen azalera finkatzea izan da, beste inguru batzuetara zabaltzea saihesteko, eta, bestetik, dagoeneko kaltetutako inguruetan hausberoa sortzea eragoztea.

Une honetan, Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak ari dira lekuan lanean, Foru Erkidegoko eta Ingurumen eta Landagune eta Itsas Ministerioaren aireko bitartekoek lagunduta.  11:30era arte Armadako Larrialdietarako Unitate Militarra osatzen dutenek ere lagundu dute, orduan pasa baita sutea 1. mailara (hiruko eskalan baxuena). Atzo, Aragoiko Gobernuko brigadak ere helikopteroetan etorri ziren laguntzeko, baina itzuli dira dagoeneko haien baseetara. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak ere suari kontra egiteko bere langileak eta bulldozer makinak eraman ditu sutearen lekura; Foruzaingoak ere bost patruila bidali ditu.

Roberto Jiménez presidenteordea Arraitzara joan da, sutearen lehen orduetan

Roberto Jiménez lehen presidenteorde eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria sutearen lekura joan zen atzo arratsaldean sua itzaltzeko lanak bertatik jarraitzeko.
Harekin batera joan ziren David Sáinz Jiménez Nafarroako Larrialdi Agentziako zuzendari kudeatzailea eta Javier Vergara Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria. Azken hori han zen oraindik gaur goizean guardiaren ofizialordearekin, Nafarroako Larrialdi Agentziako suhiltzaileen lana koordinatzeko lekuan.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Nafarroako Gobernuko presienteordeak bidali diren larrialdi zerbitzuak egiten ari diren lanaren aldeko balorazioa egin zuen, baina zuhurtasunez jokatzeko deia egin zuen, sutea oraindik aktibo dagoelako, une honetan kontrolpean egon arren. Jimenezek azpimarratu zuen "sua itzaltzeko lanetan aurrera egiteko eta sutea ahalik azkarren amatatzeko eskura dauden ahalegin, bitarteko eta baliabide guztiak" baliatu direla. Horrez gain, gogorarazi zuen "lehenengo eta behin auzokideen segurtasuna babestu dela", eta erantsi du langileek sutea guztiz itzali arte lanean jarraituko dutela.

Gaur, asteazkena, bitarteko teknikoak eta giza bitartekoak bideratu dira sutera

Sutea itzaltzeko lanetan ari diren langile guztiak Nafarroako Larrialdi Agentziak koordinatzen ditu, Arraitzan jarri duten Aginte Postu Aurreratuaren bidez.
Inguruan estaldura egon dadin, errepikagailu mugikor bat ere eraman dute (TETRA unitatea).

Zehazki, Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuak, atzo, 63 suhiltzaile bidali zituen hogei ibilgailutan, baina, orain, Cordovillako parke zentraleko langileak (5 suhiltzaile), eta Lizarrako (7), Tafallako (6) eta Lodosako (4) eskualdeetakoak daude han lanean. Bi sarjentu, guardiaren ofizialorde bat eta Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria daude. Sutea hasi ondorengo orduetan eta gau osoan zehar, Azkoiengo parkeko suhiltzaileak ere han izan dira, baina gaur goizean parkera itzuli dira.

Aireko bitartekoei dagokienez, Nafarroako Larrialdi Agentziak Nafarroako Gobernuko hiru helikopteroak bidali zituen atzo (bat koordinatzeko, beste bat sua itzaltzeko eta hirugarrena Basoan Esku Hartzeko Brigada Azkarreko kideak zituena), baina gaur horietatik bi eta Basoan Esku Hartzeko Brigada Azkarra daude; azkena bost pertsonak osatua eta lurrean.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak giza bitartekoak eta bitarteko mekanikoak bidali ditu suteari aurre egiteko bidalitako taldeak indartzeko. Giza bitartekoen artean, Ingurumena zaintzeko langileak eta basoko teknikariak daude. Basoko teknikariak han izatea bereziki garrantzitsua da aholkatzeko orduan eta, hala behar denean, suteari aurre egiteko langileak bideratzeko orduan, esate baterako, ingurumeneko ezaugarrien eta su garrek kalteturiko inguruaren balio ekologikoaren eta hurbileko guneen inguruan aholkatzeko, baita estalkiek eta dauden landare espezieek suaren aurrean duten erantzuari buruz ere.

Ingurumen Departamentuak eman dituen bitarteko teknikoei dagokienez, bulldozer moduko makina astunen hiru unitate bidali dira suari kontra egiteko elementuak edo dauden bideak sortu, mantendu edo handitzeko eta abian jarritako langileen erreakzio gaitasuna handiagotzeko. 

Foruzaingoak, atzo, Ingurumeneko bi patruila, Trafikoko bi eta Prebentzioko bat bidali zituen; guztira, hamar agente inguru izan ziren. Gaur goizean lanean jarraitzen dute Ekologia Babesteko taldeko patruilek gertatutakoaren arrazoiak ikertzeko, baita Trafikoko patruila batek ere, sarbideak erregulatzeko. Guardia Zibileko Seprona zerbitzuari ere sutearen berri eman zitzaion.

Ingurumen eta Landagune eta Itsas Ministerioaren, Armadako Larrialdietarako Unitate Militarraren eta Aragoiko Gobernuaren laguntza

Sua itzaltzeko lanetan laguntzeko, Ingurumen eta Landagune eta Itsas Ministerioaren laguntza eskatu da. Gaur goizean, inguruan, Noainen basea duen eta lurrean kargatzeko hegazkin bat, Zaragozako bi Canadair hegazkin anfibio eta Plasencia de Jalonen (Zaragoza) basea duen Kamov helikopteroa izan ditu.
Atzo ere Agoncillon (Errioxa) basea duten eta lurrean kargatzeko bi hegazkin bidali zituen; haien baseetara itzuli dira dagoeneko.

Armadako Larrialdietarako Unitate Militarrak ehun bat lagun eta basoko kamioiak bidali zituen atzo sutea itzaltzeko lanetan parte hartzeko. Super Puma helikoptero bat ere eskura jarri zuen, baina azkenean ez da halakorik behar izan. Gaur goizean, Larrialdietarako Unitate Militarreko 56 lagunek lan egin dute basoko sei ponpa eta sei inuderen laguntzarekin. 11:30ean, handik atera dira.

Gaur goizean, Aragoiko Gobernuko Basoan Esku Hartzeko Brigada Azkarreko kideak ere joanak ziren dagoeneko; atzo, Ejea de los Caballerosen (Zaragoza) basea duen Sokol helikoptero baten laguntzarekin eginkizunetan lagundu zuten.

Inguruko auzokideek behar den guztian laguntzeko prestutasuna erakutsi dute, hala jakinarazi dio Nafarroako Larrialdi Agentziari Mikel Aranguren Arraitza kontzejuko presidenteak.

Azkenik, Gurutze Gorriko anbulantzia bat bidali dute prebentziorako, eta DYAko bolondresek egiteko logistikoetan eta horniketa lanetan lagundu zuten atzo.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Declaraciones del vicepresidente primero y consejero de Presidencia, Administraciones Públicas e Interior del Gobierno de Navarra, Roberto Jiménez
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa