(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Arraizako suteak kaltetutako zonaldearen basoa lehengoratzeko kostuak ordainduko ditu asteartea, 2011.eko uztailak 19


Guztira, Arraiza eta Ubaniko kontzejuetako eta Zabaltzako udalerriko 230 hektareei kalteak eragin zizkien


Nafarroako Gobernuak Arraizako suteak kaltetutako zonaldearen basoa lehengoratzeko kostuak ordainduko ditu

Eraso, Mejias, Aranguren eta Goicoechea kontseilaria, suteak kaltetutako zonaldean. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren bidez, Arraiza inguruan iragan uztailaren 5ean sortutako suteak kaltetutako zonaldea lehengoratzeko kostuak ordainduko ditu; sute horrek, guztira, 230 hektareei kalteak eragin zizkien: Arraiza kontzejuko 125 hektarea, Zabaltza udalerriko 104 eta Ubaniko kontzejuko 3 hektarea kaltetu zituen.

Departamentuko titular Lourdes Goicoechea Zubelzu kaltetutako udalerrietako ordezkariekin bildu da gaur suteak eragindako azaleraren azken balorazio bat egiteko eta, bereziki, Nafarroako Gobernuak hasierako zer planteamendu duen azaltzeko zonaldea errekuperatu ahal izateko. Alde horretatik, Goicoecheak adierazi du lehengoratu aurreko lanei ekin zaiela. Kontseilariak iragarri duenez, "basoa lehengoratzeko departamentuaren proiektuak tokiko erakundeek beraiek egingo dituzten ekarpenak sartuko ditu. Une hauetan Ingurumeneko teknikariak kaltetutako landaretza- eta baso-eraketak identifikatzen ari dira. Hurrengo pausoa kaltetutako baso-masa monitorizatzea izango da jakiteko errekuperazio natural bat existitzen den eta, hala badagokio, zer mailatakoa den".

Gainera, azpimarratu du, "horrekin batera, basoa lehengoratzeko proiektua idazten hasiko garela. Udalak, kontsejuak eta Nafarroako Gobernuak erretako eremua errekuperatzeko erronka eta xede partekatua dugu, etorkizunean bere biodibertsitatea areagotu ahal izateko".

Goicoechearekin batera, Ingurumen eta Uraren zuzendari nagusi Andres Eciolaza Carballo eta Ingurumeneko teknikariak bertaratu dira. Bertako ordezkarien artean, bileran parte hartu dute: Zabaltzako udalerriko alkate Maria Mejias Jimenezek; Francisco Ripodas, Emilio Izu eta Francisco Javier Diez de Ulzurrun zinegotziek; udaleko idazkari Lola San Martinek; eta Juan Carlos Irurzun aholkulariak. Arraizako kontzejutik, Mikel Aranguren presidentea eta Jesus Astiz, Jesus Rodriguez eta Ana Armendariz zinegotziak izan dira.

Kaltetutako azalera guztiaren % 69 baso-lurrari dagokio. Haren barnean, basoko 70 hektarea kaltetu dira, eta bi mota bereizten dira bertan: 45 hektareatako larizio pinua, suteak gehien hondatu duen basoko zonaldea. Bertan ia ezinezkoa izango da basoa era naturalean lehenera etortzea, eta erabateko lehengoratzea egitea aurreikusten da. Hau da, erretako pinudia aurretiaz moztea eskatzen da, eta ondoren berriz landatzea kaltetutako zonalde guztian. Zonalde horretan zuhaitzen masa errekuperatzeak garrantzi handia du era naturalean asko higatutako zonalde baten gainean baitago; hala, zuhaitzak desagertuta izateak ondorio garrantzitsuak sor ditzake lurraren edukitzean.

Kaltetutako basoaren bigarren zonaldea 24 hektareatako artadiaren masa bat da. Honentzat, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko teknikariek datorren udaberriraino zain egotea gomendatzen dute, artadiak era autonomoan lehengoratzen diren ikusi arte.

Larizio pinuaren errekuperazioa eta artadiaren gainean egin daitekeen jarduera departamentuko teknikariek idatziko dute; horretarako, kaltetutako udalerrien irizpideak aintzat hartuko dira. Aurreikusitako ekintzen behin-behineko plangintzarako (mozketa eta ale berriak landatzea), basoak zer landaretza-baldintzak dituen kontuan hartuko da edo euriek eragindako higaduraren aurrean lurrak zer babes duen.

Azpimarratu behar da, garaiz kontrolatu izan ez balitz, Arraizako suteak Perdoneko hegoaldeko hegala arriskuan jarri ahal izango zuela. Nolanahi ere, hura ez da azken 4 urteotako garrantzitsuenetakoa izan.2009ko udan sortutako Izaga eta Juslapeñako suteek 1,170 hektarea erre zuten (haietatik 771 baso-lurra zen) eta 2010eko udan Faltzes eta Peraltako suteek 267 hektarea kaltetu zuten (haietatik 255 baso-lurra zen).

Sutearen sorrera

2011ko uztailaren 5ean, 16:09an ohartarazi zen sute bat zegoela Arraizako hegoaldean eta hego-ekialdean. 2. alerta-maila adierazi zen, eta suteak zer ezaugarri zituen kontuan izanda, beste administrazio batzuetako baliabideen laguntza eskatu zitzaien; sua itzaltzeko Nafarroako Gobernuaren eta Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren aireko ekipoak abian jarri ziren.

Sute horren ondorioz, giza baliabideak nahiz baliabide materialak erabili behar izan ziren (lurrekoak, airekoak eta makinaria astuna). Besteak bese, Nafarroako Gobernuaren 66 suhiltzaile, Larrialdien Unitate Militarreko 100 pertsona, aireko 9 baliabide, 3 bulldozer, autoponpadun kamioiak…

Lehen orduetan erabilitako baliabideak, airekoak bereziki, erabakigarriak izan ziren sutea kontrolatu eta suteak Perdoneko iparraldea gaindi ez zezan. Lurreko makinek eta pertsonek ekialdeko zonaldean egin zuten lan, batez ere, iristea errazagoa zen lekuan, alde batetik, sutea beste zonalde batzuetara ez zabaltzeko sutearen ingurunea finkatuz, eta bestetik, jada kaltetutako zonaldeetan hausberoak berriz sor ez zitezen. Alde horretan nekazaritza-traktoreek lagundu zuten.

Bulldozerrak 19:00ak aldera hasi ziren lanean sutearen hegoaldean; lurreko langileentzat sarbideak irekitzeko lanak egin zituen, autoponpekin bertara joan ahal zitezen eta suebakitzeko mahukak izateko.

Suteak oso azkar egin zuen aurrera uztondoen zelaietatik, eta bi hegal sortzen hasi ziren bigarren mailako zenbait gune hauteman ziren, bat Larrandiako Amildegiaren albo bakoitzean. Ezker hegalean larizio pinuaren masari gogor eragin zion, eta eskuin hegalean sutea artadira heldu arren, bertan dagoen malda handiari esker gelditu egin zen.

Haizete okerrak sutea itzaltzeko lanak asko zaildu eta bigarren mailako hainbat gune sortu zuen. Sua uztailaren 5eko 20:30ean kontrolatu eta hilaren 6ko lehen orduetan itzali zen erabat. Suhiltzaileen laguntzaileak zaintza-lanak egiten aritu ziren zonaldean uztailaren 7ko gauera arte.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa