(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruñean lurraldeko estrategiak garatzeko Europako TPM proiektuaren bilera egin dute

astelehena, 2011.eko irailak 26


Europako 5 eskualdek eta ikertzaileen 6 taldek globalizazioa, klima aldaketa, demografia eta energia bezalako erronkei buruzko esperientziak partekatuko dituzte


Irailaren 26an eta 27an Europako TPM (Territorial Performance Monitoring) proiektuaren hirugarren topaketa egingo dute Iruñean. Topaketa horren helburua eskualdeek munduko erronka handiei (klima aldaketa, globalizazioa, energia eta demograia) aurre nola ematen dieten jakiteko jarraipen tresna egitea da. Tresna horrek lurraldeetako estrategiek erronken aurrean duten efikazia ebaluatu eta handitzeko aukera ematen du.

Bilera Nafarroako Artxibategi Nagusian izango da, eta Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Lurralde Behatokiak (NLB) antolatu dute, biak baitira TPM proiektuaren kide. Partaideen artean Katalunia, Flandria (Belgika), Ipar Renania-Westfalia (Alemania) eta Dublin (Irlanda) eta ikertzaileen 6 talde daude. Bi egunetan, proiektuko hamaika erakunde partaideek haien esperientziak azalduko dituzte.

Gaur, astelehena, irailak 26, proiektuko bazkideentzako laneko barne bilera bat egin ondoren, Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilaria buru izan duen ekitaldi publiko bat egin dute, bertaratu direnei TPM proiektua zertan datzan eta lortutako lehen emaitzak azaltzeko. Horrez gain, Nafarroako Lurralde Adierazleen Sistema (SIOTN) aurkeztu dute, Foru Erkidegoan lurraldearen garapena ebaluatzeko NLBk garatu duen tresna.

Irailaren 27a, asteartea, proiektuko ikertzaileen taldearen lana lantzeko bakarrik erabiliko da.

TPM (Territorial Performance Monitoring) proiektua

TPM proiektua ESPON 2013 programaren parte da. Programa horren bidez lurraldeen kohesioa eta Europako lurraldeetan garapen iraunkorra bultzatzen duten politikak garatzea sustatzen da, egoerei eta lurralde dinamikei buruzko egiaztatutako informazioa, datuak eta analisi konparatiboak emanez; horri esker, Europako lehiakortasunari, lurraldeko lankidetzari eta garapen iraunkor eta orekatuari egiten zaio mesede.

Hori dela eta, ESPON 2013k TPM bezalako proiektuak burutzeko deialdia egiten du, eskualdekako administrazio talde batek eskatuta (stakeholders) egiten diren ikerketa zehatzak egiteko, alegia. Nafarroako Gobernua, Sustapen eta Etxebizitza departamentuaren bidez, proiektuan interesa duen taldeetako bat da, Kataluniako, Belgikako, Alemaniako eta Irlandako eskualdeetako administrazioekin batera.

Bestalde, Nafarroako Lurralde Behatokia ESPONek kontratatu duen ikertzaileen taldeko partaidea da. Taldea Bruselako Unibertsitate Librea, Bartzelonako Lurralde Azterlanetarako Institutua, Nafarroako Lurralde Behatokia, Dublineko Lurralde Antolamendurako Institutu Nazionala, ILS Ipar Renania - Westfaliako eskualdearen eta hirigintzaren garapenerako Institutua eta Flandriako Lurralde Antolamenduaren Plangintza Departamentua bezalako ikerketa erakunde eta institutuek osatzen dute.

Proiektua 36 hilean gauzatuko da (2010eko martxotik 2013ko otsailera), eta NLB bazkide duen ikertzaileen taldearen egitekoak 2010eko urritik 2012ko apirilera burutuko dira (19 hile).

Nafarroan, NLBk ebaluazio hori egitea ahalbidetzen duten oinarrizko bi tresna garatu ditu: Lurralde Adierazleen Sistema eta Lurralde Behaketak..

Lurralde Adierazleen Sistemak Nafarroako lurraldea antolatzeko intereseko jardueren jarraipena egiteko aukera ematen du. Sistemak bi helburu nagusi ditu: Alde batetik, Nafarroako lurraldearen plangintzarako tresnen eragina neurtzea, batez ere Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE) eta Lurralde Antolamendurako Planak (LAP), eta, beste alde batetik, lurraldea antolatzeko orduan erabakiak hartzea erraztea.

Lurralde Adierazleen Sistemaren egiturak lau ardatz nagusi ditu (natura- eta kultura-ondarea, hiriko sistema, komunikazio, garraio eta azpiegiturak, eta koordinazioa), eta bat datoz Nafarroako Gobernuak duela gutxi onetsi dituen Lurralde Antolamendurako Planekin. Lurralde Adierazleen Sistema paperean zein formatu digitalean eskuragarri dagoen argitalpen batean dago jasota, www.observatorioterritorialdenavarra.com webgunean.

Lurralde Adierazleen Sistemaren osagarririk garrantzitsuena izanik, NLBk Lurralde Behaketak egiten ditu, hain zuzen ere Nafarroako lurraldearen garapenerako hainbat gai garrantzitsuren inguruko informazioa sistematizatu eta hedatzeko azterlan laburrak. Hauek dira orain arte egin diren behaketak: Demografia, Energia, Nekazaritza, Alor Ekonomikoak, Hiri Ertainak, Paisaia, Ebroren Erdiko Ardatza eta Zonakatzea. Horiek guztiak eskuragarri daude NLBren webgunean.

Gainera, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren eta NLBren bidez, ESPON Ulysses proiektuetan parte hartzen du Pirinioetako mendigunearen analisi multitematikoa aztertzeko, SerGi, interes orokorreko zerbitzuak eskaintzearekin loturiko politikak ebaluatu eta hobetzeko, eta Liveland, paisaia kudeatzeko metodo bat lortzeko.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa