(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Nafarroako telebisten finantziazioa lehiaketa bidez esleituko du eta % 30 murriztuko du zenbatekoa, 2 milioi euroan utziz asteazkena, 2012.eko urtarrilak 18


Prozedura horren bidez laguntza publikoak optimizatzea da asmoa, jarduera bera ez baita hiru aldiz finantzatuko


Nafarroako Jauregiaren Fatxada

Nafarroako Jauregiaren Fatxada

Nafarroako Gobernuak Nafarroako telebistei laguntzak emateko prozedura aldatu du, hau da, laguntzak lehiaketa publiko bidez erabakiko dira: 2012rako 2 milioi euro emango dira. Laguntzak 2006tik ematen dira, eta orain arte nominatiboak izan dira eta Aurrekontuen Foru Legeak zehazten zituen.

Aldaketaren helburua hauxe da: Foru Gobernuak ikus-entzunezko ekoizpenarekin duen konpromisoari eustea, baina, gastu publikoaren zorroztasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuta, laguntza optimizatzeko aukera ematen duten aldaketak ezartzea. Ildo horretatik, laguntzak % 30 murriztuko dira aurreko urteekin alderatuta: 3 milioi izatetik 2 milioi izatera pasako dira, eta funtzionamendurako egiturak eta antzeko ikus-entzunezko produktuak ez dira hiru aldiz finantzatuko.

Aurreikusitakoaren arabera, laguntzen deialdia bihar, osteguna, plazaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aldaketa horren bidez, Nafarroako TDT lizentziadun hiru telebistei (Canal 4, Canal 6 eta Popular Televisión) ematen zaizkien laguntzak ez dira erabiliko katea finantzatzeko, baizik eta norberak egindako eduki berrien ikus-entzunezko ekoizpenerako bakarrik.

Diru-laguntzak jasoko dituzten edukiak

Zehazki, diru-laguntza jasoko duten lau programazio mota sortuko dira, eta kategoria bakoitzeko onuradun bakarra egongo da. Hartara, eduki eta ikus-entzule antzekoak dituzten ikus-entzunezko produktuak bi eta hiru aldiz ordaintzea saihestuko da. Deialdiaren oinarriek honako tipologia hauek jasotzen dituzte:

- Nafarroa osoko herritarrentzako informazio-zerbitzu osoa, gizarteari, ekonomiari eta politikari buruzkoak. Bloke hori milioi bat euroren bidez finantzatuko da. Honako hauek hartuko ditu barne gutxienez ere: 25 minutuko albistegiak astelehenetik ostiralera eta 15 minutukoak asteburuetan eta jaiegunetan, eguerdian zein gauean; 50 minutuko asteroko programa bat Nafarroako gaurkotasunari buruzkoa, eta Foru Erkidegoko eragile politiko, ekonomiko eta sozial nagusien partaidetza izango duena; 50 minutuko asteroko programa bat gaur egungo gai baten inguruan; eta albistegi berezietarako hamar espazio urtean, gertaera politiko eta sozial garrantzitsuei buruzkoak, esate baterako, hauteskunde-prozesuak edo ekitaldi instituzional nagusiak.

- Besteak beste, kultura eta aisialdia, ingurumena, osasuna eta kontsumoa, Nafarroako turismoaren sustapena, enpresen berrikuntza edo landa garapena barne hartzen dituen programazioa. Kategoria horretarako 500.000 euro emango dira. Hauek barne hartu beharko ditu gutxienez ere: 25 minutuko asteroko programa bat kulturari eta aisiari buruzkoa; 50 minutuko asteroko programa bat kirolari buruzkoa; txapelketa nagusietan gorengo kategoriako taldeak lehiatzen direnean 15 minutuko laburpen berezia egiten duen programa bat; eta 50 minutuko bi magazin, astero, ingurumenaren, turismoaren, osasunaren, kontsumoaren, eta abarren inguruko gaiez hitz egiten duena.

- Haur eta gazteentzako programazio bat, gutxienez ere 25 minutuko asteroko programa bat daukana, publiko horietako bakoitzarentzat. 160.000 euro emango dira horretarako.

- Laugarren kategoriak 340.000 euroko aurrekontua izango du, baina ez dira zehaztu edukiak eta hartzaileak. Telebistei aukera emango zaie beraien ezaugarriak dituzten proposamenak aurkezteko. Edonola ere, astero 50 minutuko hiru programa bota beharko dituzte.

Balorazio-irizpideak

Deialdiaren oinarriek tipologia bakoitzeko proiektu irabazlea zehazteko balorazio-irizpideak ezartzen dituzte tipologia bakoitzerako. Horren haritik, lehen aldiz laguntzak emateko orduan, programazioan euskara erabiltzea balorazio-irizpidea izango da; modu horretara, euskararen inguruko foru araua beteko da.

Azaldutako tipologia guztietan, entzuteko urritasuna daukaten herritarrentzako programazioa egokitzea mantendu eta hobetu egingo da.

Deialdi honek babes ditzakeen eta babestu ezin ditzakeen gastuen zehaztapena hobetu da aurreko urteekin alderatuta, markatutako helburuari begira baliabide publikoak optimizatze aldera: norberak egindako eduki berrien ikus-entzunezko ekoizpena. Ez dira ordainduko diru-laguntzen bidez telebista-katearen egoitza nagusia errentan hartu edo amortizatzeko gastuak, telebistaren seinalea hedatu eta garraiatzeagatiko gastuak, lan- eta/edo lege-aholkularitzako zerbitzuen azpikontratazioak eta prestazioak, besteak beste.

Bestalde, deialdiaren oinarriek zuzendarien ondainsariak finantzatzeko mugak ere ezartzen dituzte. Hori dela-eta, programazioaren bloke bakoitzerako zuzendari bat edo arduraduna bakarrik finantzatuko dira diru-laguntzaren bidez eta laguntza publikoak, gehienez ere, administrazioan atal baten buruzagitzaren baliokidea denaren ordainketa finantzatuko du (45.000 euro).

Horiez gain, bi irizpide berri gehitu dira, nahitaez bete beharrekoak kategoria hauetako baten esleipendun ateratzen diren telebistek: alde batetik, zerbitzu sexualen publizitaterik ezin izango dute agertu eta, beste alde batetik, instituzioen, kulturaren eta kirolari loturiko edukiak eskaini beharko dituzte, baldin eta Nafarroako Gobernuak, instituzioekin, kirol-erakundeekin eta kulturako eragileekin adostutako lankidetza-hitzarmenak betez, horien irudi-eskubideak baditu.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa