(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 2012ko Turismo Sariak banatu ditu asteazkena, 2012.eko maiatzak 2


Ekitaldiaren buru izan da Yolanda Barcina, eta Paloma San Basilio kantariari aipamen berezia egin dio


Barcina Lehendakaria Paloma San Basiliorekin

Barcina Lehendakaria Paloma San Basiliori saria ematen. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Erresuma 2012 Turismo Sariak banatu ditu gaur eguerdian Tuteran. Zortzigarren edizio honetan Ultzamako Udalari, Cascanteko Rural Suite hotelari, Iruñeko Europa jatetxeari eta Guiarte Servicio Turísticos enpresari eman dizkiete sariak.

Sariak Foru Gobernuak eman ditu Nafarroako Turismo Batzordeak proposatuta, "Nafarroako Erresuma. Gure historiaren ondarea" VIII. Turismo Galaren barruan. Ekitaldiaren buru izan da Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakaria, eta Paloma San Basilio kantariari aipamen berezia egin dio.

Tuterako Gaztambide Antzokian egin da, eta bertan izan dira Roberto Jiménez lehen presidenteorde eta Lehendakaritzako,  Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria eta Elena Torres Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria kontseilaria.

Horiez gain, Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Carmen Alba Nafarroako Gobernuko ordezkaria, hainbat ordezkari politiko eta militar, eta Foru Komunitateko turismoaren sektoreko ordezkariak ere han izan dira. Guztira, 500 pertsona baino gehiago izan dira ekitaldian.

Nafarroako Gazteluen eta Gotorlekuen Ibilbideari eskaini diotenez ekitaldia, narratzaile batek, zaldun ibiltariaren papera eginez, Erdi Aroko Nafarroatik egindako ibilbidea kontatu du eta Foru Komunitatearen erakargarritasun turistikoak aipatu ditu. Horrez gain, sektoreak legegintzaldi honetarako aurreikusi dituen jardueren aurrerapena aurkeztu dute.

Ekitaldia aurrez grabatuta eskainiko dute Canal 6 katean 21:30etik aurrera, eta Radio Nacional de Españak (RNE) zuzenean emango du Radio 5 Todo Noticias katearen bidez. Gainera, RNEren España Directo saioak ere ekitaldiarekin egin du konexioa 12:00-12:30 artean.


Turismo Gala Tuteran, narratzailea

Garaiko jantziekin jantzitako narratzaile batek Erdi Aroko gazteluen ibilbidea azaldu du. ( irudia handitu )

Turismo Sariak

Ultzamako Udala izan da saritua tokiko erakunde, partzuergo turistiko edo instituzio publikoen kategorian, eta inguruaren eta bertan dauden azpiegituren turismo iraunkorra bultzatzeko egin duen lana eskertu diote. Juan Luis Sánchez de Muniáin kontseilari-eledunak eman dio saria Patxi Pérez udalerriko alkateari. Alkatearekin batera izan da Sandra Iraioz Turismo zinegotzia.

Enpresa turistikoen kategorian eta ostatuen modalitatean, Cascanteko Rural Suite hotelak jaso du saria. Establezimenduak Kalitate Turistikoaren Q saria lortu zuen 2011n. Erabat ibilerraza da eta ingurumena errespetatzen du: edateko ura tratatzeko eta hondakin-urak arazteko estazioak dauzka.  Paco Irizar eta Pilar Larrauri jabe eta kudeatzaileek hartu dute saria Luis Casado Tuterako alkatearen eskutik.

Iruñeko Europa jatetxeak enpresa turistikoen kategorian eta ostalaritzako modalitatetan jaso du saria. Jatetxea 1973an sortu zuen Francisco Idoatek, eta ordutik eutsi dio familiako tradizioari. Gaur egun Nafarroako sukaldaritzan erreferentea da. Saria Juan Mari, Eugenia eta Pilar Idoate anai-arrebek jaso dute Cadreitako Marisol jatetxeko kudeatzaile eta sukaldeburuaren eskutik. Jatetxe hori izan zen irabazlea aurreko edizioan.

Ikerketa, garapen, berrikuntza eta zerbitzuen prestazioko enpresen modalitatean Javier Adot eta Katrin Setuain Guiarte Servicios Turísticos enpresaren sortzaileak izan dira sarituak. Enpresak Nafarroako Erdialdeko ekimen kulturalak kudeatzen ditu, esate baterako, Erreberriko jauregia, Arradako barruti harresitua, musen erromatar Villa eta Andelos erromatar hiria. Aurreko edizioan saria irabazi zuten Paula Díaz eta Iker Zuasti San Fermín Encierro enpresako kideek eman diete saria.

Azkenik, Nafarroako Turismo Batzordeak Paloma San Basilio artistari aipamen berezia egin dio, Foru Komunitateko erakargarritasun turistikoak sustatzeagatik, zehazki Baztangoak, han baserria baitauka. Kantariak 30 disko baino gehiago grabatu ditu bere ibilbidean zehar eta Espainian ekoitzi diren musikalik garrantzitsuenetako batzuetan pertsonaia nagusia izan da, My Fair Lady kasu. Datorren irailean Iruñera itzuliko da musikala dela-eta. Barcina Lehendakariaren eskutik jaso du saria. Gaurko ekitaldian, saria eskertzeko, Violeta Parraren "Gracias a la vida" abestia interpretatu du.

Ikuskizunak

Ekitaldian Paco Collado umorista madrildarrak hartu du parte. "La hora de José Mota" telebista-saioko Aberroncho izeneko pertsonaia interpretatzen du.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak berriki Kultura Intereseko Ondasun gisa aitortu dituen Luzaideko Bolanteek, "Tú sí que vales" telebistako lehiaketako Acrolúa akrobaten bikote finalistak, Tuterako Raimundo Lanas Joten Eskolako jotariek "Luz radiante en tu mirada" interpretatuz eta Faltzesko Hípica Zahorí hipikako Javier Olcoz zaldizkoak hartu dute parte.

Galan zehar hainbat bideo jarri dira. Horietako bat Nafarroako Gobernuak marketinaren eta produktu turistikoen garapenean egin duen lanari buruzkoa izan da. Beste bat Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuaren lanaren ingurukoa izan da.

Ekitaldia amaitzeko, "Navarra, pasión por el rojo" ("Nafarroa, gorriarekiko grina") bideoa eskaini dute. Proiekzio horretan lau minutuz Foru Komunitateko etnografia eta jaiak erakutsi dituzte, baita natura, Done Jakue Bidea, historia, artea eta berrikuntza teknologikoak ere.

Gaztambidea Antzokiaren sarrera, pasilloak eta besaulkien eremua Erdi Aroko zutoihalekin eta Kukuxumusuk Nafarroako Turismoaren publizitate-kanpainarako diseinatu dituen pertsonaiekin apaindu dituzte.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Barcina Lehendakariaren mintzaldia

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa