(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak komunitate mailako bi TDT kanalen eta Iruña, Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tuterako tokiko beste 20 kanalen lehiaketarako deia egin du
astelehena, 2012.eko abuztuak 20


Gaurko Nafarroako Aldizkari Ofizialak bi deialdien oinarriak jasotzen ditu


Nafarroako Gobernuak bi lehiaketaren deialdia egin du komunitate mailako lurreko telebista digitaleko (TDT) bi lizentzia eta Foru Komunitateko tokiko telebistako bost barrutietarako (Iruña, Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera) hogei lizentzia emateko.

Gaurko, abuztuak 20, Nafarroako Aldizkari Ofizialak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren foru aginduak argitaratu ditu, lehiaketaren oinarriak dituena.  Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, beraz, irailaren 20an amaituko da.

Autonomia Erkidegoen mailako bi kanalen eta orain eskaintzarako irekiko diren tokiko hogei kanaletatik bosten lizentziak Canal 4 Navarra Digital S.A. eta Televisión Popular de Navarra S.A. enpresek kudeatu zituzten, hurrenez hurren, 2010eko azarotik iragan apirilera arte, hau da, ustiatzeari uko egiteagatik iraungita geratu zirenera arte.   Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrari jarraiki, lizentziak emateko lehiaketaren deialdia gehienez ere hiru hileko epean egin behar zen; hori dela-eta egin da gaur deialdia.

Zehazki, multiplex autonomikoko bi kanal askeen lehiaketaren deialdia bereizita egiten da eta bi lizitatzailerentzat izango dira, interesdun bakoitzak eskaintza bakarra aurkeztu ahal izango duelako. Bestalde, Tokiko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionalak bost multiplex erreserbatu zituen Nafarroako Iruña, Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera barrutientzat. Multiplex bakoitzak lau kanal ditu, eta kanal bakoitzerako eskaintzak aurkezten dira (guztira hogei). Aurreko deialdian Televisión Popular de Navarra S.A. enpresa soilik aurkeztu zen.

Deialdiaren oinarrien arabera, lizentziak 15 urterako emango dira eta berritu ahal izango dira. Esleipendunek ordaindu beharko dituzte haien emisioen estalduraren gastuak. Bi lizentzia autonomikoen kasuan, Nafarroako biztanleen % 96ri eman behar diote zerbitzua. Tokiko lizentzien kasuan, aldiz, barrutiko biztanleen % 100i eskaini beharko diote zerbitzua.

Balorazio-irizpideak

Lizentziak emateko eskaintzarik onenak hautatzeko ezarritako irizpideak objektiboak, gardenak, ez baztertzaileak eta neurrikoak dira. Haien helburua honako telebista-eskaintzak hautatzea da: oinarri teknikoa dutenak, ekonomiaren aldetik bideragarriak direnak, enpresa-proiektu iraunkorrak dituztenak, enplegua sortzen dutenak eta telebista-eskaintza errealista dutenak, hau da, kalitatea oinarri izanik, Nafarroako edukiak (euskararen erabilera sustatuz) lizitatzaileek beraien kontura proposatzen dituztenekin konbinatuz. Oro har, herritarrek ikus-entzunezko komunikazio aberasgarria eta anitza jasotzeko duten eskubidea bete behar dute.

5/2012 Foru Dekretuaren arabera, hutsik dauden multiplex autonomikoko bi kanalen lehiaketarako balorazio-irizpideak hiru bloketan banatzen dira: telebista-eskaintza (55 puntu), ekonomiaren eta enpleguaren sorrera (30 puntu) eta egokitzapen eta berrikuntza teknikoa (15).

Telebista-eskaintzaren kasuan (orokorra, gaikakoa edo mistoa izan daiteke), balorazio-mahaiak eskainitako programazioaren aniztasuna eta kalitatea izango ditu kontuan. Lizitatzaileek honakoak bateratzen dituzten eskaintzak aurkeztu beharko dituzte: norberaren ekoizpen-programak (gehienez 10 puntu), ekonomia sortzen dutenak, Nafarroari buruzko programak dituztenak (15 puntura arte) eta herritarrentzat erakargarriak diren eta lizitatzaileak proposatzen dituen beste eduki batzuk dituztenak (15 puntu).

Atal horretan euskarazko programen emisioa ere hartuko da kontuan (5 puntu gehienez ekoizpeneko edukien % 20 gutxienez euskaraz eskaintzen duten lizitatzaileentzat), baita telebista-eskaintzaren aniztasunari eta aberastasunari loturiko alderdiak, enpresa-lizentziaren indarraldi osoan zehar geratzeko konpromisoa (5 puntu) edo lizitatzaileek, Nafarroan, lurreko telebista digitalaren beste lizentziarik ez izatea (5 puntu) ere.

Ekonomiaren eta enpleguaren sorrerari buruzko epigrafean, eskaintza bideragarria eta kaudimenduna dela bermatzeko, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa eta enpleguaren sorrera aztertuko dira (gehienez 15 puntu, urritasunen bat dutenen zuzeneko kontratazioagatik edo zereginak laneratze eta gizarteratze zentroetara eramateagatik jasoko dira puntuak.

Azkenik, egokitzapen eta berrikuntza teknikoaren kapituluan (15 puntu) alderdi teknikoak baloratuko dira proiektu esleipendunek kalitatezko telebista-zerbitzua, etenik gabea, teknologia berriak ezartzen dituena eta ingurumena ahalik gehien errespetatzen duena eskaintzen dutela bermatzeko. Helburu horiek lortzeko, ekoizpen-azterlanei, zerbitzuaren hedapenari eta berrikuntza teknologikoari (edukiak Internet bidez hedatzea) loturiko alderdiek jasoko dituzte puntuak.

Tokiko telebisten lehiaketari dagokionez, tokiko eta Nafarroari buruzko programazioak 20 puntu jaso ditzake, eta ez dira emango aniztasunari loturiko 5 puntuak (beste lizentzia bat izatea), gaur egun ez baitago tokiko telebista digitalaren lizentziaren titularrik. Bestalde, euskarazko programen emisioaren balorazioa inguru mistoetako udalerriak dituzten TDTen barrutietara mugatuko da, zehazki Iruña eta Lizarrako lizentzietara.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa