(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak 138,5 milioi euro jaso zituen iaz EBtik, zehazki Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB), enplegurako funtsetatik eta landa-garapenerako laguntzetatik osteguna, 2013.eko maiatzak 9


Gaur Europaren Eguna ospatzen da "Aniztasunean elkartuta" lelopean


Europar Batasunak batasunaren barneko herrialdeetara bideratzen dituen funts eta programetatik 138,5 milioi euro jaso zituen  Nafarroak, guztira, 2012. urtean. Erakunde horrek, hain zuzen, gaur, maiatzak 9, Europaren Eguna ospatzen du "Aniztasunean elkartuta" leloarekin, Schuman adierazpenaren urteurrenarekin bat eginez (1950eko maiatzaren 9a), eta Europar Batasunaren sorreran lehen mugarritzat jotzen dena.

Nafarroa Europako nazioz haraindiko lankidetza-sare batzuen parte da, esaterako: Europako Mugako Eskualdeen Elkartea, Itsasaldeko Eskualde Periferikoen Konferentzia edo Pirinioetako Lan Elkartea (PLE), EAE, Aragoi eta Kataluniak ere osatzen dutena, Espainiaren aldetik; Andorrak; eta Akitaniak, Midi-Pyrennes eta Languedoc-Rousillon-ek, Frantziaren aldetik. Foru Komunitateak PLEaren lehendakaritza du aurtengo urrira arte.

131 milioi nekazaritza eta abeltzaintzako sektorerako

Laguntzen zati handiena Nekazaritzako Politika Bateratuan (NPB) ezarritakoei dagokie, 131 milioi, FEAGA (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa) eta LGENF (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa) funtsen artean banatuta daudenak. Lehenengoaren barnean dauden laguntzak EBk finantzatzen ditu % 100ean; LGENF funtsek, berriz, Nafarroako Gobernuarekin % 50ean kofinantzatutako programan diruz laguntzen dituzte.

FEAGA funtsen artean (% 100 EBetik datoz), partida handiena nekazarientzako ordainketa bakarreko erregimenean ezarritakoei dagokie, 88 milioi eurorekin; barnean hartzen dute, gainera, hainbat programa eta laguntza-deialdietarako diru-laguntzak, honako hauetara bideratutakoak, adibidez: mahastizaintzako eta ardogintza sektoreari laguntza emateko (5 milioi); ikastetxetan esnea banatzeko eta fruta kontsumitzeko, abeltzaintza-sektoreari lotutakoak (sariak behi ume-hazleagatik, behiak hiltzeagatik…), edo ekoizle-erakundeentzako funtsak, beste batzuen artean.

Aldiz, LGENF diru-laguntzak (EB eta Nafarroako Gobernuaren artean % 50ean kofinantzatutakoak) hainbat laguntza-deialditarako dira: nekazari gazteak ezartzeko, nekazaritza-ustiapenak modernizatzeko (5 milioi), konpentsaziozko kalte-ordainetarako mendiguneetan (1,8 milioi) edo toki-garapeneko estrategiak aplikatzeko.

Enplegurako eta eskualdeko garapenerako funtsak

Gainera, Foru Komunitateak 2012an 7,5 milioi euro jaso zituen, 4,9 milioi Europako Gizarte Funtsetik (EGIF) eta 2,6 milioi Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF). EGIF enplegua sortzeko laguntza-tresna da eta herritarren lan-itxaropenak hobetzeko xedea du, lana aurkitzeko zailtasunak dituztenena bereziki. Hala, Nafarroan zenbait jarduketa finantzatzen ditu, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Zentroekin eta Enplegu Zentro Bereziekin dauden lankidetza-hitzarmenak esaterako, langabeak kontratatzeko diru-laguntzak, gazteenen lan-trebeziak hobetzeko hezkuntza-programak Hasierako Kualifikazio Profesionaleko Programak (PCPI) adibidez, edo autoenplegua sustatzeko laguntzak.

EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsa da, eta Nafarroako ekonomiaren lehiakortasuna hobetzen duten inbertsio nahiz gastuak finantzatzen laguntzen du. EGEF funtsekin Nafarroako Gobernuak burutu dituen ekintzen artean, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER) emandako laguntzak nabarmentzen dira energia berriztagarrien ikerketa eta garapenerako (eguzki termikoa, fotovoltaikoa edo eolikoa), eta bereziki bigarren belaunaldiko bioerregaien zentroa finantzatzeko, Agoitzen; partikularrentzako eta enpresetarako diru-laguntzak energia berriztagarrien teknologiak jartzeko (eguzki fotovoltaikoa, eolikoa, biomasa, geotermia), era horretan Nafarroa 2010 Ikusmuga III. Plan Energetikoaren helburuei laguntza emanez.

EGEFen beste laguntzetako bat Iruñeko Milagrosa auzoko ingurunea hobetzeko zenbait esku-hartzetarako da ("Fuerte del Príncipe" haur-eskolaren eraikuntza, lehengo ikastetxe bat birgaitzea Milagrosako Civivox gizarte- eta kultura-zentro modura ekipatzeko, eta Iruñeko auzo horretako sare ekonomikoa hobetzeko plan bat abian jartzea), merkataritzari laguntza emateko neurriekin, beste batzuen artean.

Guztira, 2007-2013 aldirako, Europar Batasunak Nafarroarako 66 milioi euro gorde ditu guztira EGIF eta EGEF funtsetan, eta gaur arte Nafarroako Gobernuak 29,8 milioi euro jaso ditu, eta gainerakoa 2016ko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da. Horretarako, Foru Gobernuak, jarduketak egiteko erakunde-arduraduna dena, jarduketa horien kostuen % 100 bere aurrekontuarekin finantzatu behar du, eta Europako Batzordearen aurrean justifikatu ondoren, hark % 50 ordainduko du; hala, EB, Nafarroako enplegu-politiken eta eskualdeko inbertsioaren kofinantzatzaile bihurtuko da.

Nafarroaren parte-hartzea Europako beste proiektu batzuetan

Aurreko paragrafoetan zehaztutako 138,5 milioiez gain, Nafarroak beste 65,4 milioi jaso ditu 2007-2013 aldian Europako funtsetatik programa europarren esparruan egindako hainbat proiektutan parte hartu izanagatik. Interreg-en kasua da, esaterako, lurralde-antolamenduaren eta eskualde-garapenaren arloan nazioz gaindiko lankidetzarako ekimen komunitarioa dena; Lifen-n kasua, ingurumenaz bakar-bakarrik arduratzen dena; edo Energia Inteligentearen kasua; energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatuko dituzten baliabide eta tresnak sortzeko. Proiektu horietako asko Europako beste eskualde eta herrialde batzuetako bazkideekin elkarlanean egin dira.

Atal horretan, Nafarroak Pirinioetako Lan Elkartean (PLE) duen parte-hartzeari dagozkion laguntzak nabarmendu behar dira. Erakunde horren helburu nagusia, momentuko lehendakaritza Foru Komunitatearen esku dagoena, Pirinioetako mendigunea garatzen laguntzea da bertako erronkak kontuan hartuz eta bertako aberastasunak zainduz, mugaz haraindiko lankidetzaren bitartez. Horretarako, PLEk bertako kideek baterako hainbat proiektutan parte har dezaten sustatzen eta bultzatzen du, Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) lurralde-lankidetzarako programa eraginkorraren bidez eta EBeko funtsekin finantzatuta dagoena. Zehazki, 2007-2013 aldian, 11 milioi euro erabili ziren Nafarroak parte-hartzea zuen 23 proiektutarako, haien artean, Irati eta Vultorius. Gainera, 2012an, PLEk Nafarroako erakundeek esku-hartzen duten beste 17 proiektutarako 7,4 milioi euro erabiltzea onartu zuen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa