(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak konpainia nazionalen estreinaldi handiak programatu ditu ostirala, 2013.eko ekainak 21


Uztailaren 18tik abuztuaren 3a bitarte egingo da eta barnean sartzen dira ikuskizunak, publiko espezializatuarentzako prestakuntza-ikastaroak eta antzerkia zabaltzeko jarduerak


Sánchez de Muniáin kontseilaria eta Departamentuko teknikari Yolanda Osés, “El nombre de la rosa”-ren ekoizle, konpositore eta aktoreekin, Toti Martínez de Lezea idazlearekin eta Maite Itoiz interpretearekin. ( irudia handitu )

Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak edizio honetarako konpainia nazionalen estreinaldi handiak programatu ditu, esaterako: "Siglo de Oro, siglo de ahora (Folía"), "El nombre de la rosa", "La dama duende", "Otro gran secreto del mundo", "Tomás Moro", "El coloquio de los perros" eta "Julio Cesar". Cavako agertokian ere eta "Bertako klasikoak" izenburupean Nafarroako antzerki-konpainia amateur-en lau proposamen antzeztuko dira.

Hala aurreratu dute Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Juan Luis Sánchez de Muniáinek eta Kulturako zuzendari nagusi Ana Zabalegui-k gaur goizean Antzerki Klasikoaren Jaialdiaren aurkezpenean. Aurkezpena Erriberriko Paradorean egin da kazetari, turismo-agente eta Jaialdiko nahiz Udaleko erakunde laguntzaileen ordezkarien aurrean.

Aurkezpen-ekitaldian ere izan da "El nombre de la rosa"-ren ("Arrosaren izena") taldea, La Cavan ariko dena uztailaren 20an, zuzendariarekin eta bertsioaren egilekide Garbi Losadarekin eta honako nafar hauekin ere: José Antonio Vitoria (ekoizlea, testuaren egilekidea eta eszenografoa) Cipri Losada, José Mª Asín eta Miguel Munárriz aktoreak; Toti Martínez de Lezea idazlea; eta Javier Asín konpositore eta Maite Itoiz abeslaria, ekitaldia girotu duena.

Ekitaldiak, beraz, jaialdiaren programazioaren berri eman du eta baita tokiko enpresek prestatutako aisialdiko nahiz gastronomiako eskaintza ere; horrekin batera, "Jaialdiaren establezimendu laguna" zigiluaren berri eman da lokal laguntzaile guztiek izango duten zigilua.

Oroitzapen berezia izan da ere azken hamarkadetako ospe handieneko antzerkigile espainiar batentzat, Miguel Narros madrildarrarentzat, eta ostiral honetan hil dena.


Kontseilaria eta Yolanda Oses ekitaldiaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Jaialdiaren programa

Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia uztailaren 18tik, osteguna, abuztuaren 3a bitarte, larunbata, izango da, eta iaz bezala, programaren barnean ikuskizunak, publiko espezializatuarentzako ikastaroak eta zabalkunderako jarduerak sartuko dira.

Aurreratu denez, Jauregiko bitxiak zikloaren barnean konpainia nazionaletako estreinaldi handiak sartzen dira. Hala, Ron la lá konpainiak "Siglo de oro, siglo de ahora" ("Urrezko mendea, oraingo mendea") ikuskizun dibertigarria aurkeztuko du. "El nombre de la rosa"-ren ("Arrosaren izena") anbizio handiko ekoizpena ere ikusiko da Karra Elejalde, Juan José Ballesta, Miguel Munárriz eta José Mª Asín aktoreekin; Els Joglars, Cervantesen "Coloquio de los perros" ("Txakurren elkarrizketa") obrarekin; Miguel Narrosek zuzendutako "La Dama duende" ("Iratxo dama"); Shakespeare-ren "Tomas Moro", Ignacio García May-ren bertsioan eta Shakespeare-ren "Julio César" Mario Gasekin.

 

Gainera, oso gomendatua den familiako ikuskizun bat programatu da. Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionalaren eta Uroc Teatroren ekoizpen bat da eta Calderónen auto sakramental bat familia guztiarentzako musika-ikuskizun dibertigarri bat bihurtu dute. Eskaintzari amaiera emateko, El espejo negro-ren txotxongiloekin saio eroa izango da Muñoz Secaren "La venganza de Don Mendo"-ren ("On Mendoren mendekua") bertsio zoro baten eskutik.
Ikastaroen arloan, zuzendari eta egile nafar Alfredo Sanzol ospetsuak (2013an Max saria eskuratu du En la luna obragatik) eszenako sorkuntza dramatikoaren tailerra emango du, Miguel del Arcoren laguntzarekin. Han, bertaratuek, inprobisaziotik abiatuta egitura dramatikoak sortzeko teknika ikasiko dute. Griso-Nafarroako Unibertsitatearen eskutik ere, Nafarroako Antzerki Klasikoaren II. Jardunaldiak egingo dira eta baita zabalkundeko beste ekintza batzuk ere, esaterako: Jauregiko pertsonaiei buruzko hitzaldiak, nobela historikoa, eta Arrosaren izena ekoizpenean oinarritutako tailer bat ere, eta haren helburua ikusleak pertsonaien karakterizazioko tekniketan eta eszenografian prestatzea da, eta haren aplikazio praktikoa aipatutako ikuskizunean.

Dibulgazio historikoa Erriberriko Jauregiari buruzko jardunaldi batzuetan ere ageri da, udalerriko Udalaren laguntzarekin egindakoak. Hilaren 18an eta 19an izango dira Errege Jauregian, eta sarrera doan da edukiera bete arte. Erriberriko Errege Jauregiaren hondamendiaren bigarren mendeurrenaren ospakizuna dela eta, ikastaro horrek bi blokeren baitan antolatutako hitzaldiak eskainiko ditu: bata eraikuntzari eta haren egunerokotasunari buruzkoa (Erdi Aroa) eta bestea haren suntsiketari buruzkoa Independentziaren Gerraren testuinguruan (XIX. mendea eta haren ondorengo berrezarpena, XX. mendearen hasieratik). Gainera, nobela historikoari buruzko ikastaroak ere izango dira, Belén Galindo kazetariak koordinatuta.

Erriberriko Udalak emandako laguntza ere nabarmendu behar da eta baita hiriko ostalariek programari emandako laguntza garrantzitsua ere; aisialdiko eta gastronomiako eskaintza interesgarria sustatu dute, eta eskaintza horri buruzko informazioa webgunean topa daiteke.

Sarreren salmenta eta prezioak

Sarrerak leihatilan edo www.culturanavarra.es webgunean saltzen dira. Bigarren kasu horretan, ikusleak leihatilan jaso ditzake edo bertan inprima daitezke. Abonuak webgunean bakarrik salduko dira ekainaren 28a arte, eta leihatila bidezko salmenta Ardoaren museoko turismo-bulegoan egingo da (Taobaldoen plaza, 4. Erriberri), uztailaren 16tik abuztuaren 3ra.

"Jauregiko bitxiak"-en emanaldien prezioa 15 eurokoa da online eginez gero eta 18 eurokoa leihatilan (12 euro gazte-txartelarekin). Gainera, 6 sarreren abonu bat dago sei "Jauregiko bitxietarako" 70 euroan eta, 4 Bitxietarako, 48 euroko beste abonu bat.

"Bertako klasikoak" programako ikuskizunen sarrerek 5 euro balio dute online eginez gero eta 7 euro leihatilan (5 gazte-txartelarekin). 3 ikuskizunetarako abonu bat dago 12 euroan.

Azkenik, "Otro gran teatro del mundo" ("Munduko beste antzerki handi bat") ikuskizunak 6 euro balio ditu online eta 10 leihatilan (6 euro gazte-txartelarekin) eta "La venganza de Don Mendo"-k ("On Mendoren mendekua") 10 euro online eta 12 leihatilan (8 gazte-txartelarekin).

Ostalaritza eta aisialdiko eskaintza

Aurtengo edizioan berrikuntza modura, ostalaritza eta aisialdiko eskaintza bat sartzen da, tokiko enpresek egindakoa, eta haiek beherapenak eskaintzen dituzte ostatuan, gastronomian eta upeltegietan. Trukean, antolakuntzak "Jaialdiaren establezimendu laguna" zigilua emango die lokal laguntzaile guztiei.

Vianako Printzea paradorean, García Ramírez hotelean, Merindad de Olite hotelean, El Juglar hotelean eta Beireko Bei.Tu ostatu eta aterpetxean ostatu hartzeagatik % 10eko beherapena aplikatuko da.

Gastronomian, menu bereziak eskaintzen dituzte La Muralla, Casa del Preboste, Erri Berri, Gambarte eta Ducay jatetxeek, eta Katitxa, Tokizar eta El Sol tabernek.

Marco Real, Piedemonte, Pagos de Araiz eta Vega del Castillo upeltegiek ere, % 20 eta % 25eko beherapenak eskaintzen dizkiete ikastarorako sarrera edo ziurtagiria duten ikasle eta publikoari.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa