(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Buru Osasuneko zerbitzuen kalitateari 10etik 6,4 puntu eman dizkiote erabiltzaile eta langileek ostirala, 2013.eko abuztuak 16


Nafarroako Osasunbideak egindako azterketa baten arabera, puntuazio gehien jaso duen arloa profesionalen adikortasuna da


Transcripción textual del video

Nafarroako Osasunbideak 2011n eta 2012an egindako azterketa baten arabera, Nafarroako Buru Osasuneko zerbitzuen kalitateari 10etik 6,4ko puntuazioa eman diote erabiltzaile eta langileek; puntuazio handiena profesionalen adikortasunari eman diote: 7 puntu.

Gai horien eta beste batzuen berri eman dute gaur goizeko prentsaurrekoan Nafarroako Osasunbideko zuzendari-kudeatzaile Juan Jose Rubiok eta Buru Osasuneko zuzendari Alfredo Martinezek. Biek nabarmendu dute egindako azterketa “Buru Osasuneko Sarea etengabe hobetzeko hartutako konpromisoaren” isla dela.

Kontsultategia

Kontsultategi bat.

Nafarroako Osasunbideak 2011n eta 2012an egindako azterketa baten arabera, Nafarroako Buru Osasuneko zerbitzuen kalitateari 10etik 6,4ko puntuazioa eman diote erabiltzaile eta langileek; puntuazio handiena profesionalen adikortasunari eman diote: 7 puntu.

Aztertutako gainerako gaiek ere 7 puntu inguru jaso dituzte; gehienek 6,5: itxaron beharreko denbora (eskaria egin eta erabiltzaileak artatu arte); itxarote-zerrendaren gestioa (eskariak hartzea, lehentasunak ezartzea eta agendatik kanpoko kontsultak egitea); zerbitzuak erdiestea esperotako helburuak, eraginkortasunaren eta konponbideak aurkitzeko gaitasunaren inguruan; eta altako edota bideratzeko txostenetan jasotako datuen kalitatea (aurrekariak, azterketa psikopatologikoa, ebaluazio estandarizatu edo osagarriak, egindako tratamenduak, tratamendu horien bilakaera eta gomendio terapeutikoak).

Arlo hauek ere 6,5eko puntuazioa jaso dute: ebaluatutako zerbitzuak bideratutako erabiltzaileen ohar/egoera klinikoa; ebaluatutako zerbitzuen koordinazioa eta komunikazioa erabiltzaileen inguruko erabakiak hartzeko eta intzidentziak konpontzeko; alta eman edo erabiltzailea bideratu ondorengo zaintza (hitzordua lehentasuna ezarrita eskatzea, bi zerbitzuetako profesionalen arteko komunikazio pertsonala eta zerbitzuaren eskuragarritasuna, erabiltzaileek behar dutenean).

Aztertutako gainerako bi gaiek, hau da, talde-lanak (diziplina anitzeko asistentziak, taldearen kohesioak, profesionalen irizpide-aldagarritasun eskasak) eta aitzindaritzak (zerbitzuan ardurak hartzeak, zerbitzua hobetzeko jardueretan modu aktiboan inplikatzeak, Buru Osasuneko Sareko beste zerbitzu batzuekin hitz egiteko gaitasunak) 6na puntu jaso dituzte.

Etengabe hobetzeko konpromisoa

Gai horien eta beste batzuen berri eman dute gaur goizeko prentsaurrekoan Nafarroako Osasunbideko zuzendari-kudeatzaile Juan Jose Rubiok eta Buru Osasuneko zuzendari Alfredo Martinezek. Biek nabarmendu dute egindako azterketa “Buru Osasuneko Sarea etengabe hobetzeko hartutako konpromisoaren” isla dela.

Azterketan analizatu dituzte bai “barne-bezeroek”, hau da, asistentzia-prozesuan esku hartzen duten zerbitzu eta taldeetako langileek egindako balioespenak, bai “kanpo-bezeroek”, alegia gaixoek eta gaixoen elkarte eta familiek egindakoak. Hala, erabiltzaile eta langileen gogobetetzearen gainean jasotako informazioa etengabeko hobekuntzarako abiapuntua izango da, eta 2012-2016 aldirako Nafarroako Buru Osasuneko Plan Estrategikoan ezarritako estrategia eta jarduera-ildoak hartuko dira oinarri (Plan hori 2012ko abuztuaren 31n onartu zen).

Azterketak bi helburu ditu: batetik, eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzea; eta bestetik, hobekuntza-programak proposatzea, irizpide, printzipio, estandar eta adierazleen gaineko desbideratzeen arabera. Nafarroako Osasunbidearen aburuz, bi helburu horiek dagoeneko lortu dira eta, beraz, asmoa da proiektua beste osasun-zerbitzu batzuetara zabaltzea (Gaixoen Arretako Zuzendaritzan, adibidez, martxan dago). Proiektuak ez du gastu zuzenik izan, Buru Osasuneko Sarearen berezko baliabideekin egin delako.

Erabiltzaile eta langileen iritziak jakite aldera, Buru Osasuneko Zuzendaritzak tresna bat sortu zuen, hamar galdera motzeko galdeketa bat, hain zuzen; galderak 1etik 10era bitarteko puntuazioa jaso dezakete (puntu bat zerbitzuarekin batere gustura ez badaude eta hamar puntu zerbitzuarekin oso gustura badaude). Galdera horiek zerbitzuen kalitatean garrantzi handia duten hamar gairi buruzkoak dira.

Balorazioak Nafarroako Buru Osasuneko Sareko 22 zentro hauetako taldeek egin dituzte: buru-osasuneko 10 zentro, haur eta gazteen buru-osasuneko zentro bat, eguneko lau ospitale, gaixotasun akutuen bi ospitaleratze-unitate, egonaldi ertaineko unitate bat, errehabilitazio-klinika bat eta hiru komunitate terapeutiko. ANASAPS erakundeak ere egin zuen ebaluazioa, sareko zerbitzuen erabiltzaile eta senideen elkarte gisa.

.

Zentro ebaluatzaile bakoitzak azken urtean elkarlanean aritutako zerbitzu guztiak baloratu ditu. Balorazioei dagokienez, gaixoek eta gaixoen senideek profesionalek baino puntuazio handixeagoa eman diete zerbitzuei: 6,6 puntu erabiltzaileek eta 6,3 langileek. Erabiltzaileen iritziz, 2012an itxaroten egon beharreko denbora, itxarote-zerrenden gestioa eta alta eman edo gaixoa bideratu ondorengo zaintza hobetu egin dira. Aitzitik, profesionalen adikortasunak, bideratzeen ohar klinikoek eta aitzindaritzak okerrera egin dute.

Emaitza horiek ikusita, ezinbestekoa da, batetik, ikertzen eta lan egiten jarraitzea, kalitatea iguripenei egokitzeko, batik bat senideen eta gaixoen iguripenei; eta bestetik, ebaluazio espezifikoak egitea. Barne-bezeroen batez besteko gogobetetze-maila oso antzekoa zen 2011n eta 2012an, baina “zoru-efektu” delakoak gora egin du; horrek esan nahi du hobetzeko aukera gehiago duten zerbitzuek hobera egin dutela: 2011n hamar zerbitzuk jaso zuten 6tik beherako puntuazioa, eta 2012an berriz zazpi zerbitzuk.

Osasunbideko arduradunen iritziz, azken bi urteetako esperientzia “profesionalek eta erabiltzaileek sareko zerbitzuen kalitateaz eta gogobetetzeaz zer iritzi duten jakiteko eta iritzi hori kuantifikatzeko tresna erabilgarria da. Tresna horri esker hobetu beharreko arloak identifikatu eta proiektu espezifikoak garatu ditugu; proiektu horien emaitzak, gainera, ebaluatu egin daitezke, eta nola bilakatzen diren ikusi”. Gerora begira, sareko profesionalek bata besteen zerbitzuak ebaluatzen jarraitzeak dauka lehentasuna, eta ebaluazio horien emaitzak Helburuen Gestio Itunetako hobekuntza-proiektuekin uztartzeak. Horrez gain, emaitzak biztanleei eman behar zaizkie ezagutzera, eta arlo gehiago eta erabiltzaile gehiagorekin ebaluatu behar dira.

Hala, 2013ko maiatzean, artatutako gaixoen eta haien senideen gogobetetzea zuzenean ebaluatzen hasi ziren..

Nafarroako Buru Osasuneko Sarean 600 profesional baino gehiagok egiten dute lan

Nafarroako Buru Osasuneko Sarea (NBOS) Nafarroako Osasunbidearen mende dauden zerbitzu publikoen sare integrala da, eta honako hauek ditu helburu: buru-osasuna sustatzea, buru-nahasteak prebenitzea eta buru-nahasteak dauzkatenei buru-osasuneko kalitatezko osasun-asistentzia espezializatu eta diziplina anitzekoa ematea. Sarean, gainera, graduatu aurreko eta graduatu ondoko irakaskuntza, etengabeko prestakuntza eta dagokion espezialitateko ikerkuntza sustatzen ditu.

Sareak gestio eta lanerako metodologia berriak erabiltzen ditu asistentzia-eremu guztietan etengabe hobetzeko prozesuak garatzeko, bikaintasuna lortze aldera.

Sarean 600 profesional baino gehiagok lan egiten dute, 26 asistentzia-taldetan banatuta. Zehazki, hamaika buru-osasuneko zentro, zazpi eguneko ospitale, klinika bat, errehabilitazio programa bat eta ospitaleratze laburreko hiru unitate daude. Asistentzia zuzeneko bitarteko horiez gain, sarean laguntzeko daude San Francisco Javier egoitza-unitateak, Farmazia atal bat, mantentze-lanetako talde bat eta administrazio-zuzendaritzako beste talde bat. Azkenik, sareko kide dira, baita ere, hiru komunitate terapeutiko eta egonaldi ertaineko unitate bat.

Sareko taldeek, urtero, hobekuntza edo helburu jakin batzuk lortzeko konpromisoa hartzen dute, Helburuen Gestio Ituna izeneko dokumentu batean; dokumentu horretan talde bakoitzak bere hobekuntza-helburua zehaztu behar du. Itunean helburuak hiru multzotan jasotzen dira: zeharkako helburuak (Zuzendaritzak ezartzen ditu eta sareko talde guztientzat berberak dira), arloko helburuak (arlo bakoitzerako helburuak) eta hobekuntza-helburuak (taldeko zuzendari edo arduradunak zehazten ditu). Ituna ebaluatu egiten da urtean behin: asistentzia-arlo bakoitzeko zerbitzu-burutzak lortutako helburuak ebaluatzen ditu talde bakoitzeko zuzendariarekin batera. 2012an, sareak lortutako helburuen batezbesteko balioa %82 izan zen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa