(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iaz genero-indarkeriaren 200 biktima inguruk erabili zituzten Nafarroako Gobernuaren harrera-baliabideak astelehena, 2013.eko abuztuak 19


Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren (NBI) arabera, krisi ekonomikoaren ondorioz genero-indarkeriaren biktimek "urrakortasun-faktore larriagoak dauzkate eta, horregatik, batzuk gizarteak baztertzeko arriskuan daude"


Kartela

Genero-indarkeriaren kontrako kartela.

Nafarroako Gobernuak genero-indarkeriaren biktimen eskura jartzen dituen harrera-baliabideak 99 emakumek eta haien 98 seme-alaba adingabeek erabili zituzten. Zehazki, larrialdi-zentroan 83 emakume eta 75 adingabe artatu zituzten, eta harrera-etxean 10 emakume eta 12 adingabe; horrez gain, 6 emakume eta 11 adingabe babespeko bost etxebizitzatan hartu zituzten.

Zifra horiek aurreko urtekoen antzekoak dira. Dena den, Berdintasunerako Nafarroako Institutuak dio harrera behar duten emakumeek, krisi ekonomikoaren ondorioz, “urrakortasun-faktore larriagoak dauzkatela eta, horregatik, batzuk gizarteak baztertzeko arriskuan daudela”.

Larrialdi-zentroan artatutako emakumeen (99tik 83) profilari dagokionez, %70 langabeak ziren, %67k lehen mailako ikasketak zeuzkan, ia erdia (%48) 31 eta 45 urte artekoa zen, eta erdia baino gehixeago (%52) atzerritarra. Zentroa utzi ondoren, emakumeen %33 errentako etxebizitza batera joan zen bizitzera, %18 erasotzailearekin bizitzera bueltatu zen, eta %10 senideekin bizitzera. 2012an larrialdi-zentroan hartu zituzten emakumeetatik bost lehenago ere zentrora joandakoak ziren.

Datu horiek emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa modu eraginkorrean koordinatzeko erakunde arteko akordioaren segimendua eta ebaluazioa egiteko urteko azken txostenetik, hau da, 2012. urtekotik, ateratakoak dira.

Hiru harrera-baliabidea

Larrialdi-zentroaren helburu nagusia da indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alaba adingabeei ostatua eta mantenua eskaintzea, berehala eta baldintzarik jarri gabe, ohiko etxebizitza ahal bezain laster uzteko aukera izan dezaten.

Zentroa doakoa da eta 12 lagunentzako lekua dauka; salbuespen eta ohiz kanpoko egoeretan 14 lagun ere har ditzake. Emakumeek zazpi egun igaro ditzakete zentroan; dena den, denbora hori hilabetera luzatu daiteke. Zentroan hartzea eskatu daiteke 112-SOS Nafarroako larrialdietarako telefono-zenbakira deituta, segurtasun eta indar kidegoen bulegoetan, epaitegietan, gizarte- edo osasun-zerbitzuetan, e.a.

Harrera-etxea aldi batean erabiltzeko baliabide bat da, eta helburua da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen egoera pertsonal eta familiarra normalizatzea. Etxean 12 lagunentzako lekua dago eta emakumeek sei hilabete igaro ditzakete (behar izanez gero, baita bederatzi ere).

Babespeko etxebizitzak harrera egiteko etxebizitza estandarrak dira. Xedea da genero-indarkeriaren biktimen egoera pertsonal, ekonomiko, sozial eta laborala lantzea, emakumeak modu autonomo eta independentean gizarteratzea lor dezaten. Nafarroako Gobernuak era horretako bost etxebizitza dauzka; emakumeek urte bete egin dezakete han eta, behar izanez gero, beste sei hilabete gehiago.

Genero-indarkeriaren biktimentzako beste baliabide batzuk

Nafarroako Gobernuak, Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren bitartez, beste bitarteko batzuk ere jartzen ditu genero-indarkeriaren biktimentzat, adibidez: Indarkeriaren Biktimentzako Arreta Integraleko Taldeak (BAIT), Emakumeentzako Arreta Juridikoko Zerbitzua (AJZ) eta gizarte-larrialdietarako eta enplegua lortzeko zailtasunak arintzeko diru-laguntza ekonomikoak.

BAITak Tuteran eta Lizarran daude eta zerbitzu espezializatuak dira; zerbitzu horien helburua da genero-indarkeriaren biktimei informazioa eta laguntza eskaintzea eta baliabide egokietara bideratzea. Horrez gain, profesionalak eta gizarte-agenteak gai horretan prestatzen dituzte, prebentzio-jarduerak sustatzen dituzte eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak izateko gizarte-jarrera positiboak bultzatzen dituzte.

Iaz 262 espediente bideratu eta 415 emakume artatu zituzten. Emakume horien %44ari laguntza soziala eman zieten, %30ari aholkularitza legala eta %26ari laguntza psikologikoa.

Emakumeentzako Arreta Juridikoko Zerbitzua BNIk finantzatzen du eta Iruñeko, Lizarrako, Tuterako eta Tafallako abokatu-elkargoek ematen dute. Iaz, etengabeko zaintza-zerbitzuan genero-indarkeriaren biktima izan ziren 591 emakume artatu zituzten, aurreko urtean baino %7 gutxiago.

Zaintza hori gau eta egun lokalizatuta egotea da, eta eskatzen da, oro har, emakumeak bulego judizialetara heldu bezain laster. Abokatuek guardiako epaitegietan eta emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietan lan egiten jarraitzen dute. AJZak aholkularitza ere eskaini zien 469 emakumeri, batik bat familia-zuzenbidearen gainean: banantzea, dibortzioa eta ezkontzaz kanpoko seme-alabekin hartu daitezkeen neurriak.

Azkenik, prestazio ekonomikoei dagokienez, Nafarroako Gobernuak bederatzi biktimei eman zizkieten diru-laguntzak, enplegua lortzeko zailtasunak zeuzkatelako, buruaski izan zitezen eta erasotzailearekin bizitzen jarraitu ez zezaten. Diru-laguntza hori langabezia-sorospeneko sei hilabeteko zenbatekoaren baliokidea da, eta 24 hilabetera luzatu daiteke, emakumeak familia-erantzukizunak badauzka edo familia-unitatean desgaitasunak dauzkan norbait badago. Gizarte-larrialdietarako diru-laguntzei dagokienez, 2012an ez zen eskaririk jaso.

Egindako salaketak

Iaz, segurtasun-kidegoek genero-indarkeriagatiko 1.096 salaketa jaso dituzten, 2011. urtean baino %11 gutxiago (2011n 965 salaketa jaso zituzten). Salaketa horien erdia baino gehixeago (%52) Foruzaingoan egindakoak dira, eta hirutik bi Iruñean eta Iruñeko eskualdean.

Salaketen %52 indarkeria fisiko eta psikikoagatik egin zituzten, %24 indarkeria fisikoagatik bakarrik, %10 indarkeria psikikoagatik bakarrik eta %9 sexu-indarkeriagatik. Gainerako salaketak (%15) beste indarkeria-mota batzuen gainekoak ziren.

Salaketak jarritako emakume gehienak (%18,43) 18 eta 24 urte artekoak ziren; eta salaketak jasotako erasotzaile gehienak (%17,06) 30 eta 34 urte artekoak. Beraz, biktimen eta erasotzaileen batez besteko adinak behera egin du azken hamarkadan; hori, 2011ko datuekin alderatuta.

Salaketen %8 adingabeek egin zituzten, eta %1,55 65 urtetik gorakoek. BNIren iritziz, errealitate horrek erakusten du “genero-indarkeriak adin guztiak hartzen dituela, bai biktimei dagokienez, bai erasotzaileei dagokienez”.

Ekintza judizialak

Emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa modu eraginkorrean koordinatzeko erakunde arteko akordioaren azken txostenean 2012ko ekintza judizialak ere jaso dituzte.

Epaitegietan (2011n baino %6 gutxiago), eta ia bi heren aurretiazko eginbideak ziren. Epaitegi horietan, halaber, iaz 1.333 salaketa jaso zituzten; dena den, 254 salatzailek (2011n baino %3 gutxiagok) gero uko egin zioten prozesu judiziala aurrera eramateari. Azkenik, iaz 257 babes-eskari jaso eta 150 onartu zituzten.

Beste ekimen batzuk

Iaz herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egin zituzten, batetik, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunerako, hau da, azaroaren 25erako; eta bestetik, Nafarroako 57 udalerritako jaietarako.

Azkenik, 2012an, emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa modu eraginkorrean koordinatzeko erakunde arteko akordioaren barruan, genero-indarkeriaren aurkako foru lege bat ezartzeko proiektua egiten hasi ziren, eta emakumeei sexu-organoak kentzea prebenitzeko eta emakumeen sexu-ustiaketarako salerosketaren kontrako protokolo bana garatu zituzten.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa