(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuak gai zientifiko eta teknologikoen irakaskuntzan berrikuntza sustatzeko sare bat sortu du astelehena, 2013.eko abuztuak 19


Irailean deialdia egingo du, interesa duten ikastegiek parte har dezaten


Hezkuntza Departamentuak, ikasturte honetan, zientzia eta teknologia arloak berritzeko zentroen sare bat jarri du martxan; asmoa da epe ertain eta luzera Foru Komunitatean gai zientifiko eta teknologikoen irakaskuntza berritzea.

Sarean, gaur egun, Nafarroako hamar ikastegi publiko eta itunpeko daude: Berako Labiaga Ikastola; Cintruenigoko La Paz DBHI; Martzillako Marqués de Villena BHI; Iruñeko Donapea LHI, Navarro Villoslada BHI, Santísimo Sacramento, San Ignacio, El Redín-Miravalles eta Vedruna; eta Erronkariko ikastetxe publikoa. Alde horretatik, Hezkuntza Departamentuak espero du datorren ikasturtean ikastegi kopurua bikoiztea, irailean egingo duen deialdiari esker.

Lehenbiziko urtean, ekimenaren ardatza hezkuntza-robotika izan da (arlo horretan kontzeptu fisiko eta matematikoak lantzen eta zehazten dituzte, ikusmena baliatuta; adibidez, abiaduraren manipulazioa eta geometria-jakintzen aplikazioa); dena den, aurrerantzean beste jakintza-arlo zientifiko batzuk ere landu nahi dituzte.

Jarduerak Nafarroako Unibertsitateko Publikoko irakasle Alfredo Pinak eta Javier Arleguik zuzendu dituzte: irakasleentzako prestakuntza-ikastaro bat eta ikasleentzako robotika-tailer aurreratu bat, besteak beste.

Ekimen hori Zientzia eta Teknologiako Hezkuntza Berrikuntza Planari dagokio. Hezkuntza Departamentuak, Plan horren bitartez, Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 5. eta 6, mailetako ikasleen gaitasun zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi ditu, pentsamendu formal hipotetiko-deduktiboaren garapenarekin eta azaleratzen ari diren sektore profesionalekin zerikusi handia dutelako.

Iaz, izan ere, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, Informatika, Bizitzaren Zientziak, Zuzenbidea eta Matematika eta Estatistika ikasi zutenen enplegu-tasa %73koa izan zen.

Hezkuntza-robotika

Gaur egungo hezkuntza-sisteman, robotika DBHko 4. mailan erakusten da, Teknologia izeneko hautazko irakasgaian, baina gai hori gutxitan sakontzen da.

Hezkuntza Departamentuaren asmoa da Lehen Hezkuntzatik DBHko azken mailetarainoko zeharkako prestakuntza-ibilbide bat garatzen joatea, ikasleek programazio-lengoaiak ezagutu ditzaten (bai sinpleenak, Scratch, adibidez; bai mugikariak eta Lego errobotak programatzeko balio duten beste lengoaia konplexuago batzuk), beste irakasgai batzuetan lantzen diren gaietan aplikatzeko: Gizarte Zientziak, Ingurunearen Ezaguera, Plastika, Musika, Matematika, Hizkuntza eta abar.

Helburua da proiektu horiek hausnartzeko eta benetako arazoak konpontzeko erabiltzea, eskola-ingurunean bertan; hau da, ikasleek ikertzen, esperimentatzen, galderak egiten eta erantzunak proposatzen ikastea.

Jardueren egutegia

Sarea 2012ko urrian jarri zen abian, irakasleentzako bertaratzeko 40 orduko prestakuntza-ikastaro batekin. Ikastaroa amaitu ondoren, parte hartu zuten ikastegietan curriculum-proiektuak egin zituzten.

Joan den maiatzean jardunbide egokiei buruzko jardunaldi bat egin zuten, ikastegietan egindako proiektuak aurkezteko eta ezagutzera emateko. Gainera, ekainean robotika-tailer aurreratu bat egin zuten Iruñeko Planetarioan, ikasleekin (20 ikasle aukeratu zituzten).

Horrez gain, abuztuko bigarren hamabostaldian, Hezkuntza Robotikari eta BYOB/Scratch Programazioari buruzko Nazioarteko Campusaren bigarren edizioa egingo dute, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barruan.

Azkenik, proposatuko dute ikasle nabarmenenek Europako truke- eta lankidetza-proiektuetan parte hartzea. Horretarako, Nafarroa Europako Hezkuntza Robotikako Sarean sartzeko izapideak egin dituzte; Sare horretan Europako hamar herrialdetako hainbat zentrok parte hartzen dute.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa