(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Doako aholkularitza juridikorako 8.000 eskari jaso ziren iaz Nafarroan asteartea, 2013.eko abuztuak 20


Eskarien %54 prozedura penaletarako izan ziren; dena den, krisiaren ondorioz, enplegu eta familia arloetako kasuek egin dute gora gehien


Justizia Jauregia

Nafarroako Justizia Jauregia.

Nafarroako Gobernuak, iaz, doako laguntza juridikorako 7.949 eskari bideratu zituen. Erdia baino gehixeago gai penalei buruzkoak ziren; dena den, azken urteetan gizarte eta familia arloetako laguntza-eskariek egin dute gora gehien, krisi ekonomikoa dela eta. Zerbitzu hori finantzatzeko iazko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izan zen.

Doako aholkularitza jaso dezakete familia-unitatean OAEPAren (Ondorio Askotarako Errentaren Adierazle Publikoaren) bi halako baino urteko diru-sarrera txikiagoa daukatenek; hala ere, kasu berezietan, hau da, familia-egoeraren, seme-alaba kopuruaren, osasunaren eta abarren arabera, laguntza juridikoa jaso daiteke urteko diru-sarrera OAEPAren lau halako baino txikiagoa bada.

Prestazio hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak kudeatzen du. Zerbitzuak eskaintzen ditu, zehazki, prozesu judizialen aurretiko aholkularitza eta orientazioa, atxilotuentzako abokatua, prozedura judizialetarako defentsa eta ordezkaritza, adituen laguntza eta tasen eta eskubideen ordainketa-salbuespena. Ekintza horiek guztiak barruti judizial hauetako abokatuen eta prokuradoreen elkargoek bideratzen dituzte: Iruña, Tutera, Lizarra eta Tafalla.

Iaz eskariek %10 egin zuten behera, 2011ko datuekin alderatut

Esan bezala, 2012an 7.949 eskari jaso ziren: 5.405 Iruñean, 1.306 Tuteran, 779 Lizarran eta 459 Tafallan. Eskari-kopuruak, 2011ko datuekin alderatuta, %10,28 egin zuen behera; beherakada lau barruti judizialetan nabaritu zen arren, jaitsiera handiena Iruñean izan zen: %12,81. Hala ere, joera goranzkoa da: 2000. urtetik, hau da, Nafarroako Gobernuak zerbitzuaren ardura hartu zuenetik, eskari-kopurua hirukoiztu egin da (2000. urtean 1.697 eskari jaso ziren).

Nazionalitateei dagokienez, 4.307 eskari (%54,21) espainiarrek egin zituzten eta 3.638 (%45,79) atzerritarrek. Lehenbizikoen multzoan eskariek %12 egin zuten behera; bigarrenen multzoan, berriz, gora egin zuten, %11 hain zuzen. Sexuari dagokionez, eskatzaileen %61,52 gizonezkoa zen eta %38,48 emakumezkoa.

Iaz 7.013 espediente ebatzi ziren: 5.021 doako aholkularitza juridikoa eskainita, 1.190 (%16,97) %80 diruz lagunduta eta 234 (%3,34) abokatua bakarrik jarrita; gainerakoak, 568 (%8,10), atzera bota ziren.

Ordaindu gabekoak eta dibortzioa arautzeko hitzarmenak

Doako aholkularitza juridikoko eskarien %54,3 jurisdikzio penalekoak dira (4.319 espediente); hori, iaz 2011n baino eskari gutxiago (%16,48) jaso ziren arren. Lan gehienak (%68,31) prozedura laburtuak, aurretiazko eginbideak eta delituak ebazteko epaiketa arinak dira.

Jurisdikzio zibilerako 1.349 eskari jaso ziren. Kasu gehienak (339 kasu, %25,13) etxetik kaleratzeak eta hipoteka-betearazpenak ziren.

Familia arlorako 1.320 eskari jaso ziren. Gai horretako kasu gehienek (%53,33) banatzeko edo dibortziatzeko hitzarmenak arautzen dituzten baldintza ekonomikoen aldaketekin zuten zerikusia (seme-alaben inguruko eta dibortzioa egikaritzeko neurriak), krisi ekonomikoaren ondorioz.

Egoera ekonomikoa dela eta, gizarte-jurisdikzioko gaiek ere gora egin dute: 2012an 365 espediente bideratu ziren, 2011n baino %17 gehiago (dena den, gai horretako eskariek %57 egin dute gora 2009. urtetik). Eskari gehienak dira soldatak eta laneko istripu edo gaixotasun profesionalagatiko ordainketak eskatzeko (103na kasu) eta kaleratzeak erreklamatzeko (65 eskari).

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoen arloan 355 eskari jaso ziren, 2011n baino %10,59 gehiago; beraz, aurreko ekitaldietako beheranzko joera aldatu egin da. Azkenik, atzerritartasunaren gaineko eskariek %13,52 egin zuen behera: 244tik 211 eskarira, hain zuzen.

2012an 2,6 milioi

Nafarroako Gobernuak, iaz, 2.600.484,90 euro (aurreko urtean baino %6 gutxiago) jarri zituen abokatuen eta prokuradoreen elkargoek eskaintzen dituzten aholkularitza juridikoko zerbitzuak diruz laguntzeko.

Zenbateko horretatik, 1,6 milioi dira ofiziozko txandarako, hau da, profesionalek prozedura judizialetan egiten dituzten aholkularitza- eta defentsa-lanetarako. Abokatuek atxilotuei laguntzeko 675.132 euro baliatu ziren, eta 377.524 euro zerbitzu horiek emateko elkargoek dauzkaten azpiegitura-gastuak ordaintzeko.

Alde horretatik, 2.315.615,07 milioi euro izan ziren abokatuen elkargoarentzako eta 284.869,83 euro prokuradoreen elkargoarentzako.

Barruti judizialei dagokienez, Iruñekoak 1.576.133 euro jaso zituen, Tuterakoak 374.380 euro, Lizarrakoak 206.702 euro eta Tafallakoak 158.399 euro.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Datos 2012 en gráficos
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa