(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Minusbaliatuekin harreman egokiak izateko aholkuen eskuliburu bat argitaratu dute

asteazkena, 2013.eko abuztuak 21


Hauek dira aholku nagusiak: arreta pertsonan jartzea, ez minusbaliotasunean; minusbaliatuarekin hitz egitea, ez haren laguntzailearekin; eta adinaren arabera tratatzea


Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziak (NPAA), Nafarroako Elbarrituen Ordezkarien Batzordearekin (CORMIN) elkarlanean, jardunbide egokien eskuliburu bat argitaratu du, minusbaliatuekin harreman egokiak izateko aholkuak emate aldera.

Ekimen horren helburua da herritarrei aholkuak ematea, zentzumen-, mugimendu- eta adimen-desgaitasunak eta buruko gaixotasunak dauzkan jendeari ingurune, ondasun edo zerbitzu jakin batzuk eskurago jartzeko. Izan ere, NPAAren asmoa da minusbaliotasunak dauzkaten herritarrek gainerakoek bezala parte hartzea, baldintza beretan.

Hauek dira NPAAren aholku orokorrak: arreta pertsonan jartzea, ez minusbaliotasunean; minusbaliatuarekin hitz egitea, ez haren laguntzailearekin; eta adinaren arabera tratatzea.

Adimen-desgaitasuna duten pertsonak

Adimen-desgaitasuna edo garapen-nahasteak dauzkan jendearen inguruan Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziak dio hitz egiteko edo nahi dutena adierazteko zailtasunak izan ditzaketela, baina horrek ez duela esan nahi komunikatzeko gai ez direnik.

Horregatik, komeni da haiekin adin kronologikoaren arabera hitz egitea, hau da, haurrak ez badira haurrak izango balira bezala ez hitz egitea, eta haien iritziak errespetatzea. Horretarako egokiena da esaldi motz, argi eta sinpleak erabiltzea.

NPAAk dio, baita ere, pertsona horiek arreta jartzeko zailtasunak izan ditzaketela eta normalean nabarmentzen ez diren objektuetan jar dezaketela interesa. Komeni da elkarrizketetan zentzumenak ahalik eta gutxien estimulatzea, hizketa ez etetea eta hizketaz kanpoko komunikazioari, hau da, keinu, irribarre eta begiradei garrantzi handiagoa ematea.

Ikusteko desgaitasuna duten pertsonak

Jardunbide egokien eskuliburu horretan ikusteko desgaitasuna daukatenekin harreman egokiak izateko jarraibideak ere jaso dituzte. NPAAren aholku nagusietako bat da aurpegira begira hitz egitea, eta zuzenean, ez laguntzaileari.

Halaber, egokiena da elkarrizketetan “hemen”, “han”, “hau”, “hori” eta horrelakoak ez erabiltzea, baizik “zure ezkerrean”, “zure atzean”, e.a. Alde horretatik, “begiratu” eta “ikusi” aditzak erreparorik gabe erabil daitezke, haiek ere normal erabiltzen dituztelako, ez dituztelako tabutzat hartzen.

Arriskuen aurrean, bidean oztoporen bat badago, adibidez, NPAAren aholkua da abisatzeko “ai!” eta “kontuz!”-en moduko hitzak ez erabiltzea, estutasuna eragin dezaketelako; haien ordez hobe da informazioa ematen duten beste batzuk baliatzea, “geldi!”, adibidez. Gero, ezinbestekoa da arriskua zein den hitzez azaltzea edo arriskua gainditzen laguntzea.

Laguntza eskatzen badute, komeni da haien aurrean jartzea (pauso batera, gutxi gorabehera), makila edo gida-zakurra dagoen kontrako aldean, eta besoa eusteko eskaintzea. NPAAk gogoratu du “ezinbestekoa” dela ikusteko desgaitasuna dutenek “emandako laguntza gestionatzen ari direla sentitzea, eta ez haiei tiraka ari garela”.

Jardunbide egokien eskuliburuan eguneroko bizitzako egoeretarako aholkuak ere jaso dituzte, leku estuak eta ateak zeharkatzeko, igogailuak hartzeko eta eskailera eta maldetan ibiltzeko, adibidez..

Entzuteko desgaitasuna duten pertsonak

Gorrak diren edo hipoakusia daukaten pertsonei dagokienez, NPAAren gomendioa da hizketa osatzen edo areagotzen duten edo ahozko hizkuntzaren hautabide diren laguntzak eskaintzea. Horretarako, komeni da guri begira ez daudenean ez hitz egitea, haiekin hitz egin nahi dugunean abisatzea eta ondo ahoskatzea, gehiegikeriarik gabe eta ahotsa goratu gabe. Mezua ulertzen ez badute, errepikatu egin behar zaie, baina keinu naturalak erabilita, larjokatu gabe.

NPAAk dio, baita ere, entzuteko desgaitasuna duen jendeari aurrez aurre hitz egin behar zaiela, aurpegia ondo argiztatuta eta gertu jarrita, ezpainak errazago irakur ditzaten. Ezinbestekoa da, baita ere, entzumen-estimuluen gaineko informazio osagarria ematea (hondoko musika, megafoniako mezuak, e.a.), jendearen erreakzioak uler ditzaten eta jokabidea modu eraginkorragoan moldatzeko aukera izan daitezen.

Mugitzeko desgaitasuna duten pertsonak

NPAAren arabera, mugitzeko desgaitasuna daukaten pertsonek martxa nahastuta daukate eta mugitzeko, eskuztatzeko eta beren buruak zaintzeko laguntza behar izaten dute.

Horregatik, komeni da gauzak haien eskura jartzea eta gurpil-aulkiarekin joan-etorrietan laguntzea, eskatzen dutenean. Gurpil-aulkiari dagokionez, maila bat igotzeko aulkia hari begira jarri behar da, lehenbizi aurreko gurpilak igo behar dira eta gero atzekoak. Maila jaisteko gurpil-aulkia bizkarrez jarri behar da, aurrena atzeko gurpilak jaisteko eta gero aurrekoak. Maldetan, igotzeko aulkia maldari begira jarri behar da, eta jaisteko bizkarrez.

Objektuak eta jantziak eskuztatzeari dagokionez, komeni da desgaitasuna dutenen ekimenak eta erritmoa errespetatzea, tartean ez sartzea.

Hitz egiteko zailtasunak badauzkate, komeni da presarik gabe eta bukatu arte entzutea, esan nahi dutena aurrez antzeman arren. Ez dira esaldiak osatu edo mezuak amaitu behar.

Azkenik, komeni da egokitutako komunak non dauden jakitea, behar dituztenei bidea zehatz-mehatz erakusteko.

Buruko gaixotasuna duten pertsonak

Buruko gaixotasunei dagokienez, NPAAren aholkua da gaixoak gainerako jendea bezala tratatzea, natural, errespetuz eta diskrezioz. Horregatik, komeni da haien adin kronologikoaren arabera hitz egitea, hau da, haurrak ez badira haurrak izango balira bezala ez hitz egitea, eta haien iritziak errespetatzea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa