(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa da 2007-2013 aldirako Landa Garapenerako Programako gastuak egikaritzen aitzindari: funtsen %83 inbertitu du asteartea, 2013.eko abuztuak 27


Nafarroako Gobernua 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programa egiten hasi da dagoeneko


Bilerako argazkia

Esparza kontseilaria (eskuinean) eta Landa Garapeneko zuzendari nagusi Juan Pablo Rebole Segimendu Batzordeko kideekin egindako bileran. ( irudia handitu )

Nafarroa da 2007-2103 aldirako Landa Garapenerako Programako gastuaren portzentaje handiena egikaritu duen erkidegoa: 2013ko uztailaren 31n aurrekontuaren %83 egikarituta zegoen. Hori adierazi die gaur Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Jose Javier Esparzak programa horretako Segimendu Batzordeko kideei. Halaber, azaldu die Nafarroako Gobernua 2014-2020 aldirako LGP lantzen ari dela dagoeneko, eta elkarlanean aritzea eskatu die.

Landa Garapenerako Programa Nafarroako Gobernuak nekazaritza-politika estrukturala gauzatzeko daukan tresna nagusia da. Programan 45 neurri daude, lau ardatzetan multzokatuta: nekazaritza-elikagaien sektorearen lehiatzeko gaitasuna; ingurumena eta natura-ingurunea; bizi-kalitatea eta landa-eremuen dibertsifikazioa; eta tokian tokiko ahalmena garatzea, LEADER ikuspegiaren eta Tokiko Ekintza Taldeen bitartez.

Orain indarrean dagoen LGPko aurrekontua 320,73 milioi eurokoa da: 129,03 milioi euro Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (FEADER) jarri ditu eta gainerakoa, 191,70 milioi euro, Nafarroako Gobernuak.

2014-2020 aldirako LGPren sei lehentasun

Hurrengo aldirako, hau da, 2014tik 2020ra arteko Landa Garapenerako Programari dagokionez, Jose Javier Esparzak uztailaren 24an eta 25ean Madrilen egindako Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Biltzar Sektorialean adostutako akordioen berri eman du.

Besteak beste, Esparzak nabarmendu du, Nafarroarako ona delako, eskualde-kontseilariek Biltzar Sektorialean  adostu zutela estatuko eta erkidegoko programen arteko funtsen transferentzia arintzeko mekanismoak ezartzea, erkidegoko funtsak ez galtze aldera. Izan ere, irailean bilduko den goi-mailako lan-talde batek indarrean dagoen aldian landa-garapenerako funtsak ondoen gestionatu dituzten erkidegoei funtsak banatzerakoan lehentasuna nola eman jorratuko dute; eta hori Foru Komunitatearen mesederako da, funtsak gehien baliatu dituen erkidegoa baita.

Esparzak azpimarratu du, baita ere, erkidegoetako LGPekin batera programa nazional bat edukitzearen aldeko apustua egin dela, eta asmoa dela programa nazional horren neurri nagusietako bat erkidegoez gaindiko kooperatibak bultzatzea eta sustatzea izatea; hori Nafarroak egindako eskarietako bat zen.

Landa-garapenerako hurrengo programari dagokionez, Europar Batasunak sei lehentasun ezarri ditu: nekazaritzan, basogintzan eta landa-eremuetan jakintzaren transferentzia eta berrikuntza sustatzea; nekazaritza-mota guztien lehiatzeko gaitasuna eta ustiategien bideragarritasuna hobetzea; elikagaiak banatzeko katearen antolaketa eta nekazaritza-sektoreko arriskuen gestioa sustatzea; nekazaritzaren eta basogintzaren mende dauden ekosistemak lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea; nekazaritzan, elikagaien sektorean eta basogintzan baliabideen eraginkortasuna sustatzea eta klimaren aldaketei egokitzeko gai den ekonomia hipokarbonikora pasatzeko pausoak ematera adoretzea; eta gizarteratzea, pobreziaren gutxitzea eta landa-eremuetako ekonomiaren garapena sustatzea.

Gehigarri gisa, Europako Batzordeak Espainiako kasurako baldintza bat jarri du: programak estatuko erronka premiazkoenei zuzenean aurre egiteko antolatzea. Premiazko erronka horiek gai hauekin dute zerikusia: gazteen langabezia, lan-produktibitate eskasa, pobreziaren areagotzea, gizarte-bazterkeria, ETEen lehiatzeko gaitasun eta nazioartekotze-maila eskasa, ikerketa- eta berrikuntza-sistema ahula, sistema horretan sektore pribatuak gutxi parte hartzea eta natura-baliabideak eraginkortasunez ez erabiltzea.

Horregatik, Espainiako lehentasun orokorrak eta ahultasun espezifikoak kontuan hartuta eta 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programa egite aldera, Esparza kontseilariak Segimendu Batzordeko kideei azaldu die Foru Gobernuaren iritziz ezinbestekoa dela neurri hauek garatzea:

- Lehiatzeko gaitasuna eta enplegua hobetzeko inbertsioak: nekazaritza-ustiategiak modernizatzea; nekazari, abeltzain eta basogintza-enpresaburu gazteak jartzea; eta nekazaritza-elikagaien industrian inbertsioak egitea.

- Uraren eta lurraren erabilera eraginkorragoa izateko inbertsioak: eraginkortasun handiko ureztaketa-sistemak, teknologia garbiak eta abar ezartzea.

- Sektoreko teknologia berritzea, ikerketetako emaitzen transferentzia ahal bezainbeste optimizatuz. Funtsezkoa da estatuan puntakoak diren erakundeak Nafarroan inplikatzea: INTIA, CNTA, UPNA, CONSEBRO, Nafarroako Unibertsitatea, e.a. Erakunde horiek, betiere, elkarrekin edo estatuko eta Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko gai izan behar dute.

- Mendialdean dauden edo muga naturalak dauzkaten ustiategiak bideragarri izan daitezen laguntzea; gehienak abeltzaintza estentsibokoak dira eta Nafarroako leku askotako landa-biztanleei eusten diete.

- Landa-eremuen dibertsifikazioa eta landa-biztanleei eusten laguntzen duten oinarrizko azpiegiturak sustatzea, natura-baliabideak modu eramangarriagoan gestionatzeko berme gisa, eta tokiko garapen partizipatiboari garrantzi handia ematea.

Hurrengo pausoak

Orain, Landa Dibertsifikazio eta Garapen Zerbitzua barne-lana egiten ari da, besteak beste FEDER eta FSE funtsen gestioa Nazioarteko Hedakuntza Zerbitzuarekin koordinatzea eta MODERNA Plataforma prestatzea, programa egiteko prozesuan biztanleek ere parte har dezaten. Halaber, Nafarroaren abiapuntua aztertzeko lana oso aurreratua dago. Eta, gainera, LGP berria egiteko prozesua kanpo-ebaluatzaile batek ebaluatzeko prozesua hasita dago, Europar Batasunak eskatzen duen moduan.

LGP berria behin betiko onartu arterainoko jardueren egutegiari dagokionez, irailean esango dute estatu kide bakoitzari zer aurrekontu dagokion, eta iraila eta urria bitartean esleituko dizkiete autonomia erkidegoei Espainiak landa-garapenerako jasotako funtsak. Gero, urrian eta abenduan Landa Garapeneko Arautegia onartuko da.

Azkenik, 2014ko martxoan Europako Batzordeari Nafarroako 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren lehen zirriborroa bidaliko zaio, eta maiatzean behin betikoa. Erkidegoetako LGPak seguru asko azaroan onartuko dituzte behin betiko. Hasiera batean, Nafarroako 2014-2020 aldirako LGP berriak, behin betiko onartu ondoren, atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, eta urte hasieratik aplikatzen hasiko da.

Bileran honako hauek hartu dute parte: UAGNko Felix Barian eta Jose Andres Palacios; UCANeko Jose M. Martinez eta Patxi Vera; EHNEko Pablo Iribarren; CENeko Javier Martinena; FNMCko Fermin Cabases; Cederna-Garalur erakundeko Jose M. Ayerdi eta Isabel Elizalda; Teder elkarteko Cristina Roa; Erdialeko Tokiko Ekintza Taldeko Cristina Arconada eta Cristina Bayona; EDER kontsortzioko Yolanda Marco eta Enrique Castel-Ruiz; Consebro erakundeko Jose Manuerl Moreno; eta FORESNA-ZURGAIAko Juan Miguel Villarroel.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa