(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak eta Arias Cañete ministroak Nafarroako Ubidea egikaritzeko lankidetza-hitzarmena eguneratzeko hirugarren akordioa sinatu dute, proiektua aurrera eramaten jarraitzeko asteazkena, 2013.eko abuztuak 28


Lehen faseko azalera ureztagarriari 15.275 hektarea gehitu dizkiote eta bigarren fasearen diseinua eguneratu dute


Nafarroako Ubideko obren hitzarmena eguneratzeko akordioa sinatu dute

Barcina Lehendakaria, ministroa eta hainbat agintari eta gonbidatu. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Lehendakari Yolanda Barcina Angulok eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministro Miguel Arias Cañetek Nafarroako Ubidea egikaritzeko Ministerioaren eta Foru Komunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena eguneratzeko hirugarren akordioa sinatu dute gaur Artaxoan. Akordioan horretan Nafarroako Ubidearen proiektuko Segimendu Batzordeak 2012ko uztailaren 31n egindako zortzigarren bileran adostutako akordioak bildu dituzte.

Ekitaldira bertaratu dira Sanchez de Muniain, Esparza eta Zarraluqui kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren, ureztatzaileen eta Udalen ordezkariak, nekazaritza-erakundeetako ordezkariak eta alderdi politiko eta sindikatuetako zenbait kide.

Barcina Lehendakariak gogoratu du proiektu hori Foru Komunitatearentzat funtsezkoa eta estrategikoa dela. “Ura bizitza eta garapena da, eta Ubidea uraren autobidea, Nafarroako 50. udalerri baino gehiago zeharkatuko dituen garapen-autobidea”, esan du.

Lehendakariak adierazitakoaren arabera, azpiegiturak itzulkin handiak ekarri dizkio Foru Komunitateari, eta ekartzen jarraituko du, bai ekonomia aldetik, bai enplegu aldetik.


Nafarroako Ubideko obren hitzarmena eguneratzeko akordioa sinatu dute

Yolanda Barcina eta ministroa elkar agurtzen, akordioa sinatu ondoren. ( irudia handitu )

Lehendakariak Uraren Plataformaren bitartez proiektua babestu duten erakundeen lana aintzatetsi du, baita gobernu zentralaren elkarlan zintzoa eskertu ere.

Bere aldetik, Arias Cañete ministroak esan du Ubidea azpiegitura garrantzitsua dela, are gehiago aurrekontuak murrizten ari direla kontuan hartuta, eta azpimarratu du Nafarroako Ubidea "garrantzi handiko lana dela, hainbat belaunaldiren mesederako izango delako, laboreen produktibitatea eta aniztasuna handituko duelako, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortuko duelako eta, gainera, ingurumenari mesede handia egingo diolako, zuzen-zuzenean".

Gaur sinatu duten dokumentuaren klausula batek dio proiektuaren lehen faseko azalera ureztagarriari 15.275 hektarea gehituko dizkiotela Arga eta Ega ibaien ertzetan, eta bigarren faseko diseinua eguneratuko dutela: ureztaketa-eremuak hasierako diseinuan aurreikusi baino 9.000 hektarea gutxiago izango ditu, 21.522 hektarea, hain zuzen. Izan ere, azalera gutxitu da eremu batzuk Lodosako Ubidea medio ureztatzen ari direlako dagoeneko eta beste batzuk garaiegi daudelako eta, ondorioz, ponpaketa-gastuak ezin direlako ordaindu

Guztira, Nafarroako Ubideak 59.160 hektarea ureztatuko ditu, aurreikusi baino %11,4 gehiago; hasierako proiektuan 53.125 hektarea ureztatzea zegoen aurreikusita.

Horrez gain, dokumentuan zehaztu dute bi Administrazioek eta Canasa sozietate publikoak, hau da, obra hidraulikoak egiteko ardura duen sozietateak, lehen fasea handitzeko obrak 2014tik 2015era egin ahal izateko behar diren izapideak egingo dituztela, arin eta lana koordinatuta, bakoitzak dauzkan eskumenen alorrean. Horri dagokionez, 2012ko irailaren 5ean Foru Dekretu bat argitaratu zen, lehen fasearen handitzea Ureztaketen Foru Planean sartzeko, eta 2013ko maiatzaren 8an Nafarroako Gobernuak Udalaz gaindiko Proiektu Sektorialari (UPS) hasierako onarpena eman zion. Halaber, joan den abuztuaren 19an lehen fasearen handitzearen Ingurumen Inpaktuaren Aitorpena onartu zuten, jendaurrean jartzeko denboran jasotako alegazioak erantzun ondoren.

Lehen fasearen handitzea finantzatzea

Finantzaketari dagokionez, hitzarmenaren aldaketaren arabera, lehen fasearen handitzea hornituko duen Ubidearen adarrean 42,5 milioi euro inbertituko dira. Nafarroako Ubidea egiteko sinatutako hitzarmenean jaso zuten obrak honela finantzatuko zirela: erdia baliabide publikoekin (estatuak %60 eta Nafarroako Gobernuak %40 jarrita), Canasa sozietate publikoaren kapital sozialean ekarpena eginda; eta beste erdia banku-maileguen bitartez. Horretarako, 2014an eta 2015ean kapitala handituko da: estatuak 12,8 milioi euro jarriko ditu eta Nafarroako Foru Komunitateak 8,5 milioi euro. Bigarren faseko inbertsioa eraikuntza-proiektua idatzi ondoren eguneratuko da.

Beste klausula batean jaso dute Nafarroako Gobernuak gehienez 77 milioi euro aurreratuko dizkiola Canasa sozietate publikoari, 2013tik 2026ra, Ubidearen erabiltzaileen etorkizuneko erabileraren balioagatik. Canasak zenbateko hori 14 urtean, 2027tik 2040, bueltatuko dio Nafarroako Gobernuari, %3ko interesarekin. Bi Administrazioek etengabe aztertuko dituzte jarritako berezko funtsak, tarifak eta aurrerakinak; horiek guztiak berrikusi egin daitezke.

Aldi berean, erabiltzaileekin tarifen berrikuspena adosten ari dira, bermea eta egonkortasun ekonomikoa izan ditzaten.

Aurrekariak

Nafarroako Ubidea egiteko lankidetza-hitzarmena 1998ko urriaren 19an sinatu zuten Ingurumen Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak.

Gero, 1999ko azaroaren 17an, hitzarmena eguneratzeko lehen akordioa sinatu zuten, eta 2009ko martxoaren 2an bigarrena.

Obra hidraulikoak egiteko ardura Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mende dagoen estatuaren sozietate anonimo batek dauka, Canal de Navarra SA (CANASA) sozietateak hain zuzen.

Nafarroako Ubidearen lehen fasea 2011ko martxoan inauguratu zen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Intervención de la Presidenta Barcina
Municipios regados por el canal

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa