(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak bekak eskuratzeko aurreko ikasturteko betekizun berberak jarri ditu 2013-2014 ikasturterako ostirala, 2013.eko irailak 13


Beken deialdirako 3,6 milioi euro jarri ditu eta laguntzak eskatzeko azken eguna urriaren 31 da


Nafarroako Gobernuak, 2013-2014 ikasturtean, bekak eskuratzeko aurreko ikasturteko betekizun berberak jarri ditu derrigorrezko hezkuntza ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketetarako (besteak beste batxilergorako eta maila ertain eta goi mailako formazio-zikloetarako) eta unibertsitateko ikasketarako (batik bat gradu eta masterretarako). Hezkuntza Departamentuak esan duenaren arabera, helburua da “hezkuntzan aukera-berdintasuna bermatzea”.

Gauzak horrela, unibertsitateko ikasketen lehen mailarako beka eskuratzeko batez besteko kalifikazioa 5 izango da, eta ez Hezkuntza Ministerioak eskatutako 6,5a. Hurrengo urteetarako, ikasketa teknikoetako ikasleek aurreko ikasturteko kredituen %70 gainditu behar dute, eta gainerako ikasketetakoek %80. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan ikasturtea edo maila gainditzea eskatuko dute.

Hori da deialdiaren bereizgarri nagusia. Zenbatekoari dagokionez, deialdirako 3,6 milioi euro jarri dituzte, aurreko ikasturtean baino %10 gehiago, gutxi gorabehera; joan den ikasturtean 3.745 ikaslek jaso zituzten Nafarroako Gobernuaren bekak, aurrekoan baino 200 gehiagok.

Laguntzak datorren astetik aurrera eskatu daitezke, urriaren 31ra arte, ikastegian bertan (Nafarroan egiten diren ikasketetarako), Nafarroako Gobernuaren ErregistroetanHerri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehartutako bulegoetan eta Internet bidez.

Eskariak aurkeztea errazagoa izan dadin, aurten ez da nortasun-agiriaren fotokopiarik entregatu beharko, SARA sarearen bitartez lortuko baita.

Astelehenean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den erabaki baten arabera, Nafarroako Gobernuaren bekak Hezkuntza Ministerioarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak osatzeko dira; beraz, ezinbestekoa da aurrez beka horiek eskatzea edo, bestela, Ministerioak eskatzen duen 6,5eko kalifikazioa ez edukitzeagatik beka eskatu ez izana egiaztatzea. Eskatzaileak Nafarroan erroldatuta egon behar dute eta Nafarroan eduki behar dute bizilekua; gainera, zerga-betekizunak egunean eduki behar dituzte.

Berritasun nagusiak

Aurreko urteetan bezala, laguntzak emango dira bai matrikularako, bai hiri arteko garraiorako, jantokirako eta bizitegirako. Oro har, zenbatekoei eutsi egin diete; dena den, bizitegirako laguntzak merkatuko prezioen arabera (2.129 euro) moldatu dituzte. Gainera, gehikortasuna areagotze aldera, errenta-tarte berri bat sortu dute (orain bost daude).

Horrez gain, %65etik gorako desgaitasun aintzatetsia duten ikasleek irakaskuntza-zama erdira gutxitzeko aukera izango dute eta ikasketa-planari dagokion bekaren iraupenari bi urte gehitzekoa, salbu Ingeniaritzako eta Arkitekturako ikasketetan, horietan epea lau urtekoa izango da.

Matrikula murriztua ez badute eskatzen eta kreditu guztietan ematen badute izena, beken zenbatekoa %50 handituko da, salbu matrikulako beka.

Halaber, genero-indarkeriaren biktimei tratu berezia emateko aukera egongo da, orain arte terrorismoaren biktimei eskaini zaienaren modukoa. Gainera, unibertsitate, zentro eta tituluen erregistroan zerrendatutako titulazio bikoitzetarako laguntza bereziak jarri dituzte (zerrenda horretan ez daudenak titulazio bakartzat hartuko dira).

Azkenik, batxilergoa Frantzia hegoaldeko ikastegiren batean egiten duten ikasleek garraio-bekak eskatu ditzakete, joan den ikasturtean Nafarroako Gobernuak eta L’Académie de Bordeaux erakundeak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Kasu horretan astean bi bidaia egiten dituztela hartuko da aintzat, bata bizilekutik ikastegia dagoen udalerrira joateko eta bestea bizilekura bueltatzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa