(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak Nafarroako ekonomia egonkortu eta suspertzeko hitzarmena eskaini dio PSN-PSOEri osteguna, 2013.eko urriak 3


Hitzarmenaren edukia berriki Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Sozialistak EAJrekin adostu duenaren antzekoa da.


Barcina

Lehendakariaren mintzaldiko une bat. ( irudia handitu )

Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Lehendakariak PSN-PSOE alderdiari Nafarroara egonkortasuna ekarriko duen hitzarmen bat adosteko proposamena egin dio. Hitzarmen horren bidez, oinarrizko gizarte-zerbitzuak bermatuko dira eta ekonomia eta enplegua indartuko da, eta Euskadiko Alderdi Sozialistak EAJrekin sinatu berri duen hitzarmenaren antzeko helburu eta neurriak jasoko ditu.

Hala azaldu du Lehendakariak Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan egin duen mintzaldian. Eztabaida gaur hasi da Nafarroako Parlamentuan.

Yolanda Barcinak berretsi du bere Gobernuak eta alderdiak, UPNk, alderdi sozialistarekin adostasuna lortzeko nahia dutela, azken hogeita hamar urteetan bi alderdiek egin duten modura. Adierazi duenez, adostasunari esker, Nafarroa autonomia erkidegoen artean lehena izan da bai ekonomian bai gizarte-arloan.

Hitzarmenaren edukia

Zehazki, Lehendakariak PSN-PSOEri proposatu dio egonkortasuna eta aurrera egitea lortzeko adostasunera iristea. Itunean bost jarduera-ildo handiri loturiko 25 neurri zehatz agertuko lirateke. Hori bat dator iragan irailaren 16an EAJk eta PSE-PSOEk sinatu zuten hitzarmenaren edukiarekin. Alderdi sozialistak proposamena baztertuz gero, Yolanda Barcinak Nafarroako biztanleei zera azaltzea eskatu die: "zergatik ez duten nahi Nafarroarako Euskal Autonomia Erkidegorako nahi dutena".

Eskainitako adostasunak bost ardatz nagusi ditu:

-Osoko zerga-erreforma, Nafarroako herritarrak Espainiako gainerako biztanleek baino baldintza okerragoak izan ez ditzaten, bereziki Errenta Aitorpena, Sozietateen gaineko Zerga eta Ondarearen gaineko Zergari dagokienez.

-Ekonomia eta enplegua indartzeko programa bat garatzea, iraupen luzeko langabetuak eta gazteak kontratatzeko laguntzekin, industria eta I+G+B sustatzen duten neurriekin eta enpresak nazioartera zabaltzearen eta nekazaritzako elikagaien sektorearen aldeko apustua eginez.  Planak ekintzaileei, prestakuntzari eta langileen kualifikazioari, baita azpiegitura estrategikoen eraikuntzari ere, laguntza emateko ekintzak jasoko ditu.


Lehendakaria

Hemizikloaren ikuspegia Lehendakariaren mintzaldian. ( irudia handitu )

-Hezkuntzako, Osasuneko eta Gizarte Politiketako oinarrizko gizarte-zerbitzuak mantentzea. Horretarako, behar diren erreformak egitea proposatzen da, zerbitzu horiek iraunkorrak izan daitezen, baita gizarte-zerbitzuen zorroa zehaztu eta eguneratzea ere, herritarrentzat estatuko prestaziorik onenak bermatzeko.

-Zerga-iruzurrari aurre egiteko plan berria, iruzurgileak atzemateko giza baliabide eta baliabide material egokiekin, eta eskolatik hasita elkartasunari loturiko balioak irakastea proposatzen duena.

-Administrazio-eredu lehiakor eta eraginkor berria ezartzea honako parametro hauei jarraiki: tamaina egokia, langile malguak, emankorrak eta eraginkorrak dituena; herritarrentzat hurbilekoa eta arina dena, eta bikoizturik ez duen enpresa-sektore publikoa duena.

“Gehienbat --gehitu du Lehendakariak-- herritarren aldeko hitzarmena da eta merezi du adostasunera heltzea, beste behin, ditugun ezberdintasunak gorabehera”. Horren harira, zera azpimarratu du: “Nafarroako gizarteak aukera izan behar du egiaztatzeko klase politikoa bere parean duela, arazoei irtenbidea bilatzeko lan egiten duela, ez arazoak sortzeko, eta, guztia behera bota beharrean, eraikitzeko ahalegin osoa egiten duela”.

Nafarroa lehena da garapen ekonomiko eta sozialean

Egin duen mintzaldian, Yolanda Barcinak adierazi du garrantzi handiko unean gaudela, izan ere, "ez dago ziurtasunik ekonomiaren eta gizartearen alorretan, eta oraindik ezin dugu antzeman zer gertatuko den”.

Testuinguru horretan, aitortu du Foru Komunitatea une zailak ari dela igarotzen krisi ekonomikoa dela-eta, baina ukatu egin du egoera katastrofikoa denik. "Egoera ez da, inola ere, katastrofikoa, gure erkidegoan per capita errenta estatuko batez bestekoa baino % 27 handiagoa baita", esan du.

Horri lotuta, Barcina Lehendakariak beste adierazle batzuk aipatu ditu Nafarroa autonomia erkidegoen artean, ekonomiari eta gizarteari dagokienez, lehena dela erakusteko. Hala, aipatu du, adibidez, Nafarroako udalerrien zorra estatuko batez bestekoa baino sei puntu gutxiagokoa dela eta udalerrien erdia baino gehiagok zorra gutxitu duela (estatuan % 27).

Hezkuntzaren alorrean, azpimarratu du Foru Komunitateak eskola goiz uzten dutenen ehunekoa (% 13,5) Espainian baxuena dela eta Europako batez bestekoa baino txikiagoa. Osasunari dagokionez, inkestetan agertutako sistemaren balorazio altuaz gain, nabarmendu du Nafarroan biztanle bakoitzeko gastua handiagoa dela (1.634 euro, 1.364 eurorekin alderatuta), eta Lehen Mailako Arretarako itxaroteko batez besteko denbora ere estatuko baxuena dela (1,5 egun) eta Espainiako batez bestekoaren (3,5 egun) erdia.

Gizarte-politiken alorrean, Lehendakariak adierazi du Nafarroa prestaziorik handienak ematen dituen erkidegoa dela eta urritasunen bat dutenentzako prestazioetarako gastua handitu duen erkidego bakarra dela (urtean 192,92 euro, estatuko batez bestekoa 113,69 izanik). Halaber, gogorarazi du Foru Komunitateak etxebizitzak eskuratzeko estatuko laguntzen sistema eskuzabalena duela.

Emandako mintzaldian, Yolanda Barcinak bere Gobernuak egindako lana gainetik irakurri du. Azpimarratu duenez, ardatz nagusiak dira administrazioaren gastuaren herstura, Hezkuntzako, Osasuneko eta Gizarte Politiketako oinarrizko gizarte-zerbitzuen kalitatea mantendu izana krisian egon arren, eta eskura dauden baliabide guztiak erabili izana ekonomia eta enplegua sortzeko.

Hala, departamentuen lorpenak aipatu ditu. Esate baterako, enplegua sustatzeko politikak, inbertsioak egiteko eta enpresen berrikuntzan laguntzeko formula berrien bidez (Enpresa Nazioartera Ateratzeko Plana, Plan Teknologikoa, Ekintzailetza Plana), baita enpleguaren alorrean gehitu diren neurrien garapenaren bidez ere. Administrazioa txikitzeaz ere hitz egin du, eta enpresa-sektore publikoaren berregituraketa aipatu du. Horren bidez, % 79 murriztu da enpresa kopurua. Azpimarratutako beste jardueretako batzuk izan dira Nafarroako Ubideak ureztatzen duen azalera handitzeko sustapena edo 2013 eta 2014rako funtsen banaketa berriak udalei ematen dien finantza-bermea.

Gainera, bekak eskuratzeko "5" nota mantendu izana aipatu du, baita Hezkuntzan hizkuntzak ikasteko egiten ari diren ahalegina ere. Bestalde, Osasunean itxaron-zerrendak laburtzeko prestatzen ari diren neurriak aipatu ditu. Amaitzeko, gizarte-politiken alorrean Nafarroak "Espainiako gizarte-zerbitzurik onenak" izaten jarraitzeko ahalegin handia egiten dela azpimarratu du. Garraioei dagokienez, Europako prestazio handiko trenbide-sarea izatea lortzeko egiten den lana nabarmendu du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Barcina Lehendakariaren mintzaldia Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa