(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak LHko tituludun eta ikasleek sustatutako 12 negozio-ideia babestuko ditu astelehena, 2013.eko urriak 7


Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan enpresa-orientaziorako bulegoak jarri dituzte


kontseilaria

LHko irakasleei proiektuaren berri emateko aurkezpena. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketako azken bost urteetako tituludunek eta datorren urtean ikasketa horiek amaitzen dituztenek sustatutako 12 negozio-ideia babestuko ditu ikasturte honetan.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuak hautemate-, orientabide- eta laguntza-bulegoak jarri ditu Foru Komunitateko LHko ikastetxe guztietan. Hezkuntza kontseilaria, Jose Iribas, Iruñeko Maria Ana Sanz zentro integratuan negozioak sustatzeko dagoen espazioan izan da gaur, astelehena.

Proiektuari Ideacción izena jarri zioten, ekainean aurkeztu zuten eta 30.000 euroko aurrekontua dauka. Asmoa da LHko kolektiboan ekintzailetza bultzatzea eta, horretarako, ahalik eta kostu gutxieneko negozio- eta autoenplegu-ekimen eta -ideiak denboraz hautematea (ekimen arinen filosofia, sustatzaileek bitarteko gutxi dauzkatelako), epe ertainera besteren konturako enplegua sortze aldera.

Jarduerak babespean abian jartzeko, ekintzaileek honako hauen laguntza jasoko dute: irakasleena, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarreko (CEINeko) teknikariena eta ekimenari dagokion sektoreko enpresaburuena (horiek Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren bitartez arituko dira).

Ideacción proiektuaren lehen fasea balorazioa da. Gero, ikasleek eta tituludunek aurkeztutako enpresa-ideiak aukeratu ondoren, proiektua osatzeko eta abian jartzeko faseari ekingo zaio, eta gutxienez bi hilabete iraungo du.

CEIN erakundeko ekintzailetzako adituek enpresa sortzeko prozesua ikuskatuko dute (talde-jarduerak, merkatuan sartzeko aholkularitza, laguntza espezifikoa, e.a.), LHko irakasleek aukeratutako proiektuen alderdi teknikoetan duten esperientzia jarriko dute eta, horri guztiari kanpoko profesionalek enpresa-ekimenek ondo funtziona dezaten ezinbestekoak diren arlo eta gai zehatzetako jakintza gehituko diote.

Informazio-jardunaldia

Ideacción proiektua gaur aurkeztu diete LHko irakasleek, eta jardunaldian honako hauek hartu dute parte: Hezkuntza kontseilaria, Jose Iribas; SODENA-CEIN erakundeko zuzendari-kudeatzailea, Carlos Fernandez; Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakaria, Jose Antonio Sarria; eta Nafarroako Gobernuaren Lanbide Heziketako Zerbitzuaren zuzendaria, Marino Barasoain.

Iribas kontseilariak hitza hartu duenean azpimarratu du programaren helburua dela enpresa-proiektuak hautematea “ekintzailetza goiztiarraren ikuspegitik”, eta gazteei enpresa-proiektua eratzeko eta merkaturatzeko babesa eta gidaritza eskaintzea. Alde horretatik, Jose Iribasek ikasleak ekitera animatu ditu, huts egiteko beldurrik ez izatea, izan ere, “huts eginez ikasten dugu”.

Carlos Fernandezek, bere aldetik, esan du proiektu hori Nafarroako Gobernuaren Ekintzailetza Planaren barruan dagoela. Adierazi du, baita ere, gaur eguerdian ireki dela proiektuak aurkezteko epea, eta urria osoan egongo dela irekita.

Azkenik, Jose Antonio Sarriak nabarmendu du lan-merkatuan “LH egin duten langile gehiago hartzeko premia” dagoela, Europako beste herrialde batzuen aldean dagoen “desoreka zuzentzeko”.

Bitartekoak eta konpromisoak

Ideacción proiektuak bitarteko hauek jartzen ditu tituludunen eta ikasleen eskura: lan egiteko eta proiektua ezartzeko espazioak, negozioa sustatzeko bulegoak LHko ikastegi guztietan (partaideek proposatutako negozio-ideiak aurkezteko, baloratzeko eta eztabaidatzeko lekuak) eta CEIN erakundearen instalazioak (lan egiteko lekua, Navarra Factori delakora sarbidea eta proiektu pilotuen mintegia).

Aukeratutakoek “burugogor aritu behar dute lanean enpresa sortzeko behar diren 6-8 hilabeteetan”. Horretarako, egunero joan beharko dute, nahitaez, CEINen lan-gunera, eta zorrotz lan egin beharko dute enpresa sortzeko jarritako erronkak betetzeko.

Etorkizun berria

Ideacción programa Equilicuá proiektua osatzera dator. Proiektu horren bitartez, LHko ziklo guztietako ikasleek hainbat jarduera gauzatzen dituzte eta prestakuntza jasotzen dute (Enpresa eta Ekimen modulua), betiere berrikuntzaren eta sorkuntzaren sustapenean oinarrituta.

Lanbide Heziketaren bereizgarrietako bat izan da, beti, gaitasun praktikoak garatzea, gero besteren kontura lan egiteko. Ideacción programaren helburua da etorkizun berria sortzea eta LH egin duten gazteek beren enpleguak sortzea edo beste profesional batzuentzako enplegua dinamizatzea.

Alde horretatik, programan Nafarroako Lanbide Heziketako aktore nagusiekin elkarlanean aritzeko loturak daude ezarrita. Gainera, eskala-ekonomiak sortu nahi dira. Ekimena Nafarroako Gobernuaren Ekintzailetza Planaren esparrukoa da.

Ekimenaren helburuak hauek dira, besteak beste: ikasleek prestakuntzarekin zerikusia duten negozio-ideiak azaltzeko prozedura erabilgarri eta gertukoa sortzea, hasierako faseetan dauden ekintzaileak hautematea eta enpresa berriak sortzeko prestatzea, autoenplegua eta enpresa-sorkuntza sustatzea, gazteen langabeziari aurre egitea, enpresa berri horiek gerora besteren konturako enplegua sor dezaten oinarriak jartzea, eta Lanbide Heziketaren eta ekintzailetza babesteko dauden beste bitarteko batzuen arteko elkarlanerako zubiak diseinatzea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa