(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Baluartek hamar urte ditu eta, hori ospatzeko, urriaren 28tik azaroaren 3ra egitarau berezia izango du astelehena, 2013.eko urriak 7


Egitarauan daude Maria Bayo, Philippe Jaroussky, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Iruñeko Orfeoia, Chuchito Baldes eta Javier Colina, eta Duncan Dhu


Sanchez de Muniain kontseilaria Baluarteko zuzendari Javier Lacunzarekin ( irudia handitu )

Baluartek hamar urte bete dituela ospatze aldera, egitarau berezi bat antolatu dute: urriaren 28tik azaroaren 3ra arte lau kontzertu, errezitaldi bat, argazki-erakusketa eta eraikina ikusteko bisita gidatuak egongo dira.

Musika-emanaldiak hauek izango dira: Maria Bayo sopranoa; Philippe Jaroussky kontratenorea; Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Iruñeko Orfeoia eta, bakarlari gisa, Sabina Puertolas, Francisca Beaumont, Jose Luis Sola eta Iñaki Fresan; Javier Colina eta Chuchito Valdes (Bebo Valdesen biloba), Querido Bebo omenaldian, duela hamar urte Baluarten izan zen lehen artistaren omenez; Duncan Dhu talde donostiarra; eta Miaumor, historia de un gato enamorado, haurrentzako opera, Vazquez Mella ikastetxearen eskutik.

Hala, urriaren 28an, Maria Bayo protagonista izango duen errezitaldi bat egongo da ganbera-aretoan, arratsaldeko 20.00etan. Baluarteren inaugurazioan parte hartu zuen soprano nafarrak honako hauen obrak abestuko ditu: George Bizet, Carlos Guastavino, Anton Garcia Abril, Ernesto Lecuona, Geronimo Giménez eta Ruperto Chapi. Eszenatokian Ruben Fernandez Aguirre pianista izango du lagun.

Urriaren 29an, Philippe Jaroussky kontratenoreak emango du kontzertua, areto nagusian, 20.00etan; kontzertu hori Baluarte Fundazioaren 2013ko urritik 2014ko urtarrila arteko denboraldiaren parte da. Farinelli castrati ospetsuaren inguruko Veneziako Orkestra Barrokoaren eta Andrea Marcon klabezinistaren bira munduko talde barroko garrantzitsuenetakotzat hartua dago.

Urriaren 30ean Baluarte irekita egongo da 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara, bisita gidatuak egiteko edo erakusketa ikusteko; erakusketan Baluarten azken hamar urte hauetan izandako emanaldi interesgarrienen irudiak egongo dira ikusgai.

Bisita gidatuetan eraikineko espazio garrantzitsuenak eta normalean langileentzat bakarrik irekitzen diren zona teknikoak ikusi ahal izango ditugu. Bisita horiek egiteko interesa edukiz gero, Baluarteko leihatiletan jaso behar dira doako gonbidapenak (laguneko gehienez bi), urriaren 28tik aurrera. Taldeak gehienez 30 lagunekoak izango dira eta bisitak, gutxi gorabehera, ordu erdikoak.

Hamargarren urteurreneko egun handia osteguna izango da, urriak 31: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Orfeoiak Verdiren requiema interpretatuko dute, Sabina Puertolas, Francisca Beaumont, Jose Luis Sola eta Iñaki Fresan bakarlariekin. Kontzertua areto nagusian egingo dute, 20.00etan, Baluarte Fundazioaren udazkeneko denboraldiaren barruan, baita ere.

Azaroaren 2an eta 3an eraikina ireki egingo da berriz, 10.00etatik 14.00etara, berriz ere bisita gidatuak egiteko eta erakusketa ikusteko.

Ekitaldi hunkigarriena, ordea, azaroaren 3koa izango da: Querido Bebo. Izan ere, Bebo Valdesi, musika kubatarraren urrezko garaiko ardatzari, omenaldia egingo diote, Baluarteren inaugurazioari musika jarri baitzion 2003ko urrian. Kontzertua areto nagusian emango dute, arratsaldeko 19.00etan, eta honako hauek parte hartuko dute: Beboren biloba Chuchito Valdesek, jazz kubatarraren dinastia handiko hirugarren belaunaldiko kideak; eta nazioartean ezagun den Javier Colina nafarrak (egun horretarako bereziki antolatutako emanaldia izango da).

Baluartek eta Baluarte Fundazioak bereziki antolatutako ekitaldiak aste horretako beste ekitaldi batzuekin uztartuko dira:

Azaroaren 1ean, ostiralean, Duncan Dhu bikote donostiarrak, hamabi urte isil-isilik egon ondoren, kontzertua emango du Baluarteko areto nagusian, gaueko 21.00etan. Gainera, Mikel Erentxunek eta Diego Vasallok zuzenean aurkeztuko dute beren azken lana: El Duelo. Azken lan horretan sei abesti berri dauzkate, Cuando llegue el fin, No dejaría (de quererte), Llora guitarra, El duelo, Los días buenos eta La última canción, guztiak taldearen bereizgarri den folk, pop eta rock arteko estiloarekin.

Azaroaren 1etik 3ra Navarra Fashion Week egingo dute Harresiaren aretoan, eta diseinatzaile berrien, moda-marken eta ile-apainketa etxeen lan berriak izango ditugu ikusgai. Hiru egun horietan moda, ile-apainketa eta gastronomia nahastuko dituzte.

Azaroaren 2an eta 3an, ganbera-aretoan, denentzako opera izango dugu gozagai, Vazquez de Mella ikastegiak Miaumor, historia de un gato enamorado lana eskainiko baitigu.

Azkenik, gaur, hilak 7, hasi eta urtarrilaren 7ra arte, argazki-erakusketa bat egongo da. Erakusketa horretan, hain zuzen, azken hamar urteetan Iñaki Zaldua argazkilariak Baluarteko ikuskizunetan ateratako 90 argazki egongo dira ikusgai areto nagusiaren perimetroan. Hiru multzotan banatuta daude: batetik, Escenas delakoan eszenatokian hartutako argazkiak daude; bestetik, Talento y sello izenekoan, auditorioan emanaldiak egin dituzten artista handien argazkiak daude; eta azkenik, Lo oculto delakoan, ikusleek ikusten ez dutenari, hau da, azken prestaketei eta eszenara atera aurreko uneei buruzko argazkiak. Multzo bakoitzak bere testua dauka, Maite Perez Larumbe idazleak idatzia.

Hamarkada bat zifratan

Azken hamarkadan, Baluartera 3.370.000 pertsona bertaratu dira, erdia ikuskizunetara eta beste erdia bilera, azoka, erakusketa eta biltzarretara. Urteko batezbestekoa 340.000 lagunekoa da.

Guztira 1.377 ikuskizun, 36 erakusketa, 90 azoka eta 1.331 bilera, biltzar eta konbentzio egin dira..

2013ko balantzea

Hauek dira 2013ko urtarriletik iraila bitarteko datuak: ekitaldietara 89.858 ikusle joan dira (2012. urte osoan 83.191; beraz, horrek esan nahi du ikusle kopuruak %8,01 gora egin duela).

Azoka, biltzar, konbentzio eta antzeko ekitaldietan 143.332 pertsonak parte hartu zuten (2012. urte osoan 143.826 pertsonak). Guztira, beraz, 233.190 lagun bertaratu dira Baluartera (2012. urte osoan 227.017).

Baluarten, aurten, 119 ikuskizun egin dira (2012. urte osoan 71; beraz, ikuskizun kopuruak %67,6 gora egin du), eta 78 ekitaldi (2012. urte osoan 73; ekitaldi kopuruak, beraz, %6,8 egin du gora). Azkenik, orain arte 197 jarduera egin dira, 2012an baino %36,8 gehiago (iaz 144 egin ziren).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa