(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Astelehenean, hilak 14, jarriko da martxan gripearen kontrako txertaketa-kanpaina, eta azaroaren 30ean amaituko da ostirala, 2013.eko urriak 11


Oraingoan haurdun dauden emakumeak eta osasuneko langileak txertatzeari emango diote garrantzi gehien


Urtaroko gripearen kontrako txertaketa-kanpaina astelehenean, hilak 14, hasiko da, eta azaroaren 30ean amaituko da; oraingoan, haurdun dauden emakumeak eta osasuneko langileak txertatzeari emango diote garrantzi gehien.

Kanpaina hori aurrera eramateko Osasun Departamentuak 120.000 dosi eskuratu ditu, 408.000 euroren truke (dosi bakoitza 3,40 euro kostatu da).

Prentsaurrekoan, Osasuneko zuzendari Cristina Ibarrolak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Marisol Arangurenek gogoratu dute gripearen kontrako txertoen helburua dela “gripearekin zerikusia duen heriotza-tasa eta erikortasuna gutxitzea eta gaixotasun horrek biztanleengan eragin gutxiago izatea”.

Horregatik, kanpaina funtsean hiru biztanle-multzo babesteko da: batetik, gripea hartuz gero arazoak izateko arrisku gehien dutenak; bestetik, gaixotasuna arrisku horiek dauzkatenei kutsatu diezaieketenak; eta azkenik, biztanleei funtsezko zerbitzuak ematen dizkieten langileak.

Horren harian, kanpainaren helburu bereziak dira haurdun dauden emakume eta osasuneko langileengana gehiago heltzea. Kanpaina hasiko dela eta, Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Prebentiboko, Barne Medikuntzako eta Ginekologiako Zerbitzuak elkartu egin dira, haurdun dauden emakumeei aholkuak emateko arauak adosteko, bai gripearen prebentzioari buruzkoak bai gaixotasun horren kontrol eta tratamenduari buruzkoak ere. Hala, adostu dute txertoa jartzea gomendatzea, batetik, haurdun dauden emakume guztiei; bestetik, duela gutxi haurra galdu dutenei eta orain haurdun geratu nahian dabiltzanei; eta azkenik, haurra izan dutenei, haurra izan eta gutxienez bi astera. Gomendio horien oinarria da txertoak ez duela haurdunaldia kaltetzen, aitzitik, gripearen birusak lehen hiruhilekoan haurra galtzeko arriskua handitzen duela (ez malformazioak sortzekoa) eta haurra garaia baino lehen jaiotzea eragin dezakeela.

Haurdun dauden emakumeei eta osasuneko langileei ez ezik, kanpaina hiru biztanle-multzo handi hauei begira antolatzen da: gripea hartuz gero konplikazioak izateko arrisku handia dutenei, beste batzuei kutsatu diezaieketenei eta zerbitzu publiko berezietan lan egiten dutenei.

Konplikazioak izateko arrisku handia daukatenak dira lehenik, 60 urtetik gorakoak; bigarrenik, gaixotasun kardiobaskularrak edo biriketakoak izan dituzten eta azkeneko urtean gaixotasun metaboliko kronikoengatik (diabetes mellitus barne), giltzurruneko gutxiegitasunagatik, obesitate morbidoagatik, hemoglobinopatiengatik edo immunosupresioagatik (botikek eragindakoa barne) aldizkako segimendu medikoa egitea edo ospitaleratzea behar izan dutenak; hirugarrenik, inplante koklearra dutenak; eta azkenik, egoitzetan bizi direnak, adina dena delakoa ere. Multzo horretan sartzen dituzte, baita ere, sei urtetik gorako haurrak, asma duten haurrak eta aspirina-tratamendu luzeak dauzkaten haur eta adoleszenteak (sei hilabetetik 18 urterakoak).

Orobat, beste batzuei gripea kutsatu diezaieketen multzoan daude medikuak, erizainak eta gripea hartzeko arrisku handia dutenei (adinduei, transplanteak dituztenei, ihesa dutenei…) arreta ematen dieten ospitaleko eta ospitalez kanpoko langileak; egoitzetako eta gaixo kronikoak zaintzeko zentroetako langileak, baldin eta egoiliarrekin harreman zuzena badute; arrisku handiko gaixoak zaintzera haien etxera joaten direnak; eta arrisku handiko pertsonekin biz idirenak, haurrak barne.

Zerbitzu publiko bezerietan lan egiten dutenen multzoan daude segurtasun-indarreko langileak, su-hiltzaileak, babes zibileko zerbitzuetako langileak eta irakasleak. Horrez gain, hegazti-granjetan eta agerraldiak kontrolatzen eta deuseztatzen (hildako animaliak deuseztatzen, kutsatutako eremuak garbitzen eta desinfektatzen) lan egiten dutenei ere txertatzea komeni zaie.

Txertoak jarriko dira osasun-zentroetan eta kanpainan sartzen den jendea hartzen duten lekuetan, hau da, osasun-zentroetan (ospitale publiko eta pribatuetan), adinduentzako egoitzetan, segurtasun-indarren, su-hiltzaileen eta babes zibileko zerbitzuen instalazioetan, eta enpresetan.

Gripearen kontrako txertoaz gain neumokokoen kontrakoa ere jarriko diete 65 urtetik gorakoei eta aurrez jaso ez duten arriskudun gaixoei.

Nafarroako Gobernuaren web-orrian, atal bat dago herritarrei gripeari buruzko informazioa emateko (maiz egiten diren galderak, gaixotuz gero zer egin behar den, prebentzio-neurriak, e.a.), baita kanpainaren berri emateko liburuxka bat ere. Gripearen kontrako txertoari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, zure kontsultategi edo osasun-zentroko langileengana jo besterik ez duzu.

Txertaketei esker, aurreko aldian berrogeita hamar pertsona gutxiago ospitaleratu ziren

Nafarroan gripearen kontrako txertoak jartzeko kanpainak egiten dira udazkenero, 1990. urtetik. Zehazki, aurreko kanpaina iazko urrian eta azaroan egin zen eta 113.367 dosi jarri zituzten; estaldura %17,59koa izan zen. Lehen mailako arretako sare publikoan erregistratutako dosien arabera, 65 urtetik gorakoen multzoan estaldura %57koa izan zen, eta 60 urtetik 64 urtera artekoen multzoen %25ekoa.

Kalkuluen arabera, lehen mailako arretan arrisku-faktoredun pertsonen 700 kontsulta saihestu ziren, baita 44 pertsona ospitaleratzea eta zainketa intentsibora 6 pertsona bidaltzea ere. Ustez, 65 urtetik gorakoei ematen zaien 290 txerto-dosiko pertsona bat hiltzea saihesten da.

Aurreko denboraldian 13.120 pertsona gaixotu ziren (1.000 biztanleko 21), aurreko bi aldietan bezala, eta gaixotasunaren intentsitatea, beraz, ertaina izan zen. 2009-2010 aldian gaixotu ziren asko, 1.000 biztanleko 32, hain justu.

Epidemia-ataldea urtarrila eta martxoa bitartean gainditu zen, eta otsailean gaixotu zen jende gehien: 100.000 biztanleko 247 lagun. 5 urtetik 14 urtera artekoak gaixotu ziren gehien. Gainerako adin-multzoetan intzidentzia aurreko aldikoaren antzekoa edo txikiagoa izan zen.

Gripea

Urtaroko gripea gaixotasun infekzioso birikoa da eta airez kutsatzen da. Bat-batean hasten da; inkubazio-aldia gehienez hiru egunekoa izaten da eta transmisio-aldia 3-5 egunekoa helduen kasuan eta 3-7 egunekoa haurren kasuan, betiere gaixotasuna hasitako egunetik kontatzen hasita. Sintomak dira, besteak beste: sukar handia, egonezina, buruko eta giarreetako mina, sudurreko kongestioa, eztarriko mina eta eztula.

Gaixotasuna prebenitzeko neurri egokienak dira, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako anduiekin urtero txertatzeaz gain, eztul edo doministiku egiterakoan sudurra eta ahoa tapatzea eta eskuak xaboi-urez minutu batean garbitzea, garbiketa eraginkorra izan dadin.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa