(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bularreko minbiziagatiko heriotzek % 35 egin dute behera Nafarroan detekzio goiztiarraren programa abian jarri zenetik
ostirala, 2013.eko urriak 18


15 eta 69 urte arteko emakumeen parte-hartzea % 88koa da, eta % 97 inguru hurrengo hitzordura itzuli da.


Bularreko minbiziagatiko heriotzek % 35 egin dute behera Nafarroan 1990. urtean detekzio goiztiarraren programa abian jarri zenetik. 45 eta 69 urte arteko emakumeen parte-hartzea % 88 da, eta % 97 inguru hurrengo hitzordura itzuli da.

Datu horiek eman dituzte ezagutzera gaur goizean Cristina Ibarrola Osasuneko zuzendari nagusiak eta Marisol Aranguren Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendariak, larubatean, urriak 19, ospatuko den bularreko minbiziaren aurkako Mundu Egunagatiko prentsaurrekoan. Biek nabarmendu dute programaren edizioetan emakumeen partaidetza jarraitua altua izan dela eta horrek diagnostiko goiztiarraren garrantzia indartzen duela, ‟bularreko minbizia ezin delako saihestu, baina kontrolatu egin daiteke goiz detektatuta", azpimarratu dute.

Zehazki, bularreko minbiziagatiko hilkortasun-tasak gorako joera izan zuen Nafarroan 1993-1997 bosturtekora arte. Hala ere, 90eko hamarkadaren amaieratik 2011. urtera behera egin zuen hilkortasunak. Aipatutako azken denboraldian, 100.000 biztanleko 17,9 kasu izatetik 100.000 biztanleko 9,96 kasu izatera pasa zen (munduko biztanleriara egokitutako tasak).   Tumorea detektatu ondorengo bost urteetan bizirauteko portzentajea % 87 da.

Gainera, Nafarroako kasuetara estrapola daitezkeen datuak eman eta kontinentean egiten diren detekzio goiztiarrerako programetako emaitzak aztertzen dituen Europako azterlan baten arabera, onuragarria da baheketa egitea heriotzak saihesteko, eta frogatu du onura horrek gaindiagnostikoak edo positibo faltsuek eragiten duten kaltea konpentsatzen duela.

Azterketaren emaitzek zera ematen dute aditzera, bi urtean behin bahetzen diren 50-69 urteko 1.000 emakumeko 71 minbizi diagnostikatzen direla, baheketa egiten ez denean baino 4 gehiago, baina tumoreak eragindako 7-9 heriotza saihesten dira (esperotako 30etatik). Gaindiagnostikoari edo positibo faltsuei dagokienez, % 6,5 da ehunekoa.

Proiektua EUROSCREEN taldeak burutu du European Screening Network (Europako Baheketa Sarea) sarearen barruan. EUROSCREEN biztanleen bularreko minbiziaren Europako baheketa-programen planifikazioan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzen duten aditu talde batek eratzen du. Aipatzekoa da lan horretan Nafarroako bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programak ere parte hartu duela.

42.725 mamografia 2012an

Programa, Nafarroan, 1990. urtean jarri zen abian, eta Nafarroan bizi diren 45 eta 69 urte arteko (biak barne) emakume guztiei dago zuzenduta. 1969ko urtarrilaren bat eta 1973ko abenduaren 31 artean jaiotako emakumeak ere barne hartzen dira, lehen mailako senideetan aurrekaririk izanez gero (ama edo alabak eta ahizpak).

Gaur egun programaren 12. itzulia egiten ari dira, eta 1943ko urtarrilaren bat eta 1968ko abenduaren 31 artean jaiotako emakumeek parte har dezakete.

Iragan 2012an 52.226 zita bidali eta mamografia teknikaren bidez 42.725 behaketa burutu ziren. Zehazki, inguru hauetan bizi diren emakumeetan burutu ziren probak: Altsasua, Antsoain, Agoitz, Artaxoa-Larraga, Barañain, Berriozar, Burlata, Zarrakaztelu, Lizarra-Villatuerta-Ameskoa, Galar-Potasas, Uharte, Noain, Orkoien, Zangoza, Tafalla-Erriberri, Tutera, Ultzama, Atarrabia eta Iruñeko hainbat inguru.

Programan parte hartzen duten emakumeek bizitokiaren araberako zita jasotzen dute, programaren webgunean kontsulta daitekeen programazioarekin bat etorriz.

Mamografiaren teknika aplikatzen da, eta bular bakoitzeko bina proiekzio egiten dira, zeihar-erdi-albokoa eta kraneo-kaudala. Oro har, behaketen arteko tartea bi urtekoa izaten da, baina detektatutako patologiak eskatuz gero, tartea urtebetekoa izan ohi da.

Osasun Departamentuak mamografiak egiteko bi zentro ditu; bata Iruñean dago (Francisco Bergamín kalea, 2bis), Iruñeko eta Iruñerriko emakumeei arreta ematen diena, eta bestea Foru Komunitate osoan zehar lekualdatzen den unitate mugikorra da. Aipatzekoa da unitate mugikorraren garrantzia, zerbitzua biztanleei hurbiltzen baitie emakumeek teknikarako sarbide hobea izan dezaten eta emakume gehiagok parte har dezaten. Horretarako, unitate mugikorrak autobus bat dauka urrun dauden herri txikietako emakumeak unitate mugikorra kokatuta dagoen tokiraino eramateko.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa