(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Navarrabiomed zentroa biomedikuntzaren ikerketako Europako nazioarteko 8 proiektutan partaide da osteguna, 2013.eko azaroak 21


“Refbio” programaren barruan egiten ari diren proiektuak dira, 500.000 euroko aurrekontua dute eta Nafarroako zentroa da programaren buru.


Nafarroako Gobernua, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioaren bidez, partaide da eremu estrategikoetako (esate baterako, neurozientzia, onkologia, genetika eta gaixotasun kardiobaskularrak) biomedikuntzaren ikerketako Europako nazioarteko zortzi proiektutan .

Proiektuak "Refbio" biomedikuntzaren ikerketarako mugaz gaindiko sarearen barruan gauzatzen dituzte. Espainiako eta Frantziako estatuen lurraldeetako ikerketa-erakundeek osatzen dute (Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi eta Midi Pyrénées), eta Nafarroako ikerkuntza-zentroa da bertako buru. Sareak 500.000 euroko hornidura ekonomikoa du ikerketa-proiektuak garatzeko. Kopuru horren % 65 2007-2013ko Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko Lurralde Lankidetzaren Programa Eragileak (POCTEFA) finantzatzen du, eta gainerakoa eskualde partaideek ematen dute. Nafarroaren kasuan, 69.000 euroko ekarpena egin da.

Programaren helburuak osasunerako garrantzitsuak diren alorretan biomedikuntzaren ikerketa indartzea, eskualde partaideen arteko elkarrekintza hobetzea eta, langile ikertzaileei dagokienez, eskualdeak elkarren osagarri izatea dira, baita ospitaleen, ikerketa-zentroen eta unibertsitateen arteko harremana eta lotura hobetzen laguntzea ere.

Helburu horiek bat datoz Europar Batasuna herrialde industrializatuen funtzionamendurako funtsezkoak diren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten ari den apustuarekin, 2020rako planean jasota dagoen bezala.

Nafarroaren partaidetza

"Refbio" 17 proiektu ari da unean sustatzen, eta horietatik zortzitan dago Navarrabiomed. Portzentaje handia da ikerketa-zentroaren ustetan. Neurozientzia, onkologia, genetika eta epigenetika, osasun publikoa eta epidemiologia, eta gaixotasun kardiobaskularrak bezalako arloetako ikerketak ari dira gauzatzen. Ikerketari laguntzeko beste arlo batzuk ere dituzte helburu, esate baterako, biobankuak eta saiakuntza klinikoak.

Proiektu horietan Navarrabiomed zentroko oinarrizko ikertzaileek eta Osasunbideko eta Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko hainbat sailetako ikertzaile laguntzaileek (zerbitzuburek, arloko medikuak...) parte hartzen dute. Guztiek "Refbio" osatzen duten erakundeetako talde ikertzaileekin batera lan egiten dute. Lanak iragan urrian hasi zituzten eta urtebetean arituko dira horretan.

Honako hauek dira parte-hartzaileak: Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa (burua), Midi Pyrénées Limousin-eko Institute National de la Santé et de la Recherche Médicale (INSERM) , Aragoiko Instituto Aragonés de Ciencias de la Salud (IACS), Université Paul Sabatier de Toulouse ,(UPS), Centre Hospitalier Universitaire de Toulouse (CHU), Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioa (BIOEF), Errioxako Centro de Investigación Biomédica de La Rioja (CIBIR) eta Osasun Ikerketarako Institutua (BIODONOSTIA).

José María Roig Aldasoro Navarrabiomedeko zuzendariak azaldu duenez, ""Refbio"ren bidez biomedikuntza garatzeko guztion sare bat sortzea da helburua, ikerketa abiapuntu izanik. Ikerketarako sare hori eratzea lortuz gero, interesgune eta espezializazioekin eta proiektuetarako elkarlanean jardunez, gai horretan garapen ekonomikorako alorra finkatuko dugu".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa